Helduen literatura itzulia

argitaletxeen arabera

Euskadi Sarien aroan

Helduen literatura… ez da erraza hainbat obraren sailkapen zehatza egitea (zorionez). Grimm anaien ipuinak, ez ote dira helduen literatura (ere)? Alizia herrialde miresgarrian haur literatura ote da (soilik)? Eta Printze Txikia? Eta Jack Londonen edo Mark Twainen obraren puska bana?

Oro har, uste dena baino gehiago itzuli izan da gazteentzako, titulu zerrenda luzea osatuko genuke zenbait bilduma arakatuko bagenu. Pamiela, Erein eta Elkarrek lan handia egin dute horretan. Elkarrek hiru bildumatara bideratu du gazteen irakurketa: Irakurmendi, Xaguxar, Branka. Hiruretan ere lehen mailako autoreak euskaratu ditu (Orwell, Zimnik, Aitmatov, Stevenson, Wilde…), Iñaki Mendiguren gailen ageri den itzultzaile multzo baten lanari esker, eta jatorrizko hizkuntzatik.

Argitaletxeen araberako azterketa egin dugunez, argitaletxeek berek erabilitako irizpidea baliatu dugu: haur eta gazteei zuzenduriko bildumak ez ditugu kontabilizatu. Hala berean, gerta liteke helduen bildumetan argitaraturiko obrak gazte literaturatzat hartzea batek baino gehiagok (zoritxarrez). Baina argitaletxeen irizpidera makurtu gara.

Helduentzako bilduma interesgarria sortu zuen Ereinek, Milabidai (1994-1996). Atzerriko autore onak eskaini zizkigun formato txikian (Fitzgerald, Conrad, Flaubert, Poe…), ipuinaren luzerako lanak ziren, nolabait esateko. Nobelaren, antzerkiaren edo ipuin edo poema bildumaren aldean (helduen literaturan argitaratu ohi diren moldeak) oso bestelako ekoizpena suposatzen duenez, ez dugu kontuan hartu.

Helduentzako atzerriko literatura gutxi saltzen da hizkuntza minorizatuetan, eta euskaraz ere hala izan ohi da. Hizkuntza minorizaturiko helduak, antza, “beste hizkuntzan” jaso izan du atzerriko literatura, alegia, berea azpiratzen duen hartan bertan.

Urteetako ezinbeste edo inertzia hori eragozteko, Literatura Unibertsala izeneko saila abiarazi zuen Eusko Jaurlaritzak 1989an, helduen literaturaren titulu unibertsalak era sistematikoan euskaratu eta helduentzako bilduma batean argitaratzeko. Izena arriskutsua da ordea, lehenagotik literatura unibertsala euskaraz eman ez balitz bezalako bat egiten duenez, munduko literatura patrimonializatuz. Baina badirudi bilduma hori kudeatzen ez duten argitaletxeak ez direla kexu.

Ekimen hori EIZIE, itzultzaile eta interpretarien elkartearen bitartez bideratu zuen.

Argitalpena Ibaizabal argitaletxeak hartu zuen bere gain.

Ibaizabalek eskolarako literatura publikatzen du gehienbat, eta asmo on hark argitaletxe honek helduen arloan zeukan profesionaltasunik ezaren ondorioa nozitu behar izan zuen: bilduma monotonoa, promozio eskasa… liburu instituzionalak, garbi esanda. Ibaizabalek ez zuen helduen literaturarik argitaratu tratua baino lehen –ez bertan sortutakorik ez itzulitakorik–, tratua amaitutakoan hain gutxi. Hitzarmen bat bete zuen nola edo hala, eta horraino.

Administrazioaren utzikeria nabaria izan da bildumaren bizitza tristean: ez zitzaion produktuari jarraipenik egin, liburuak testutegiak balira bezala eta ez komertzializatu beharreko salgaiak. Beste maila batean, gainerako argitaletxeek ez ikusiarena egin zutela ematen du, eta itzultzaileek berek ezin izan zuten edo ez zuten nahi izan ardurarik hartu jardun testualetik haratago. Lan handia, korpus ederra… agian egunen batean erreskatatu ahal izango da, apurka, argitarako.

Noizbait, 2002an, Alberdania eta Elkar argitaletxeek hartu zuten bildumari segida emateko lana. Eta ezagun du: liburu erakargarriak dira, eta behar bezala promozionaturik datoz. Horretarako Alberdania-Elkar zigilua osatu dute, edo, hobeto esanda, ko-edizio hitzarmena egin dute. Ondoko tauletan beste argitaletxe bat balitz bezala tratatu dugu ondorio estatistikoetarako erosoagoa delako, interpretatzerakoan bestelako kriterioak erabili litezkeen arren.

Hona hemen Euskadi Sarien aroan (1997-2006) gure argitaletxe nagusiek urte horietako sarietara aurkezgarri zeukaten atzerriko helduentzako literatura (1996-2005):

Iturriak:
ISBN erakundea
Argitaletxeen webak
Literatura Unibertsala bildumaren weba (euskadi.net)

Ibaizabal ageri zaigu itzulpena argitaratzen aurrena, baina bere ekoizpen osoa, sarreran esan dugun bezala, Eusko Jaurlaritzak subentzionatua izan da.

Hala ere, taulak erakusten digunez, baditugu beste hiru argitaletxe ahalegin polita egin dutenak: Igela, Alberdania eta Elkar.

Igela argitaletxeak eskaintza osoaren %20a ekoitzi du.

Txalapartak urtero argitaratu du tituluren bat. Erein irregularragoa da.

Itzulpena ordaintzeko, Eusko Jaurlaritzaren subentzioa hartu ez duten editorialek bestelako bideak bilatu dituzte, Europakoak esaterako. Horretan, beste kontu batzuetan bezala, Igela izan da aitzindari.

Helduen literatura itzulia generoka

  • Narratiba: 149
  • Poesia: 11
  • Antzerkia: 7

Uste litekeenaz bestera, poesia eta antzerkia genero minoritarioak ez dira Eusko Jaurlaritzak subentzionatuta itzultzen. Aitzitik, esan liteke poesia (unibertsal) guztia itzultzen eta argitaratzen dela Literatura Unibertsala bildumatik kanpo. Arrazoi bat baino gehiago egongo da noski, baina ez da ahaztekoa kuantifikazioaren gaitza. Arazo tekniko hutsa da, baina oso garrantzizkoa, subentzioaren zenbatekoa erabakitzeko: poesia itzultzea lan zaila da, ordu asko eskatzen ditu, eta lan hori ezin da tarifatu karaktere kopuruka, huskeria izango litzateke aterako genukeen baremoa (zailtasunaren plusa erantsi ohi zaion arren). Poesia itzultzea kapritxo edo erronka edo amorru pertsonala izaten da, eta ez bakarrik euskaraz. Pamiela eta Erein argitaletxeak izan dira honetan saiatuenak, eta kopuru absolutuetan oso behean ageri badira ere, erreferentziazko poeten lanak jarri dizkigute eskura (Hölderlin, Garcia Lorca, Omar Khayyam, Rilke…).

Antzerkia, ordea, ia beti izan da Eusko Jaurlaritzaren subentzio barruko lana. Errazagoa da itzultzen, dudarik gabe, poesia baino. Karaktere kopurua ez du handia izaten (eta subentzioa ere ez, beraz), baina arin samar egin litekeen lana izaten da, nahiz eta salbuespenak egon. Nekearen araberagokoa du ordainketa poesiak baino.

Helduen literatura itzulia Euskal Herriko erakunde publikoek subentzionatuta argitaratu duten editorialak

Igelak 2005ean argitaraturiko Raymond Queneau-ren Estilo-Ariketak liburua ez da Literatura Unibertsala sailekoa, ez da beraz Eusko Jaurlaritzak subentzionatua, baina bai Gipuzkoako Foru Aldundiak.

Literatura Unibertsala izeneko ekimen instituzionalak argitalpenen ia %40a (167/66) suposatu du (Ibaizabal gehi Alberdania-Elkar), inportantea izan da eskaintza zabaltzeko: urtean batez beste 10 titulu izango zatekeena, ia 17ra igo zen.

Atzerriko helduen literatura itzulia Euskal Herriko erakunde publikoen subentziorik gabe argitaratu duten editorialak

Helduen literatura itzulian %60a argitaratu da bertako subentzio publikorik gabe.

Ibaizabalek ez bezala, Alberdaniak eta Elkarrek, zein bere aldetik, Eusko Jaurlaritzak subentzionatu gabeko itzulpena argitaratzen jarraitzen dute lehen bezala Alberdania-Elkar koedizio subentzionatuak argitaratuagatik, Elkarrek zer edo zer gutxiago.

Baina taula honetan Igelaren garrantzia da nabarmenena, bera da gehien ekoitzi duena, eta garrantzi hori are handiagoa ageriko litzateke 2006ko ekoizpena erantsiko bagenio: 10 titulu argitaratu zituen, eta Alberdaniak eta Elkarrek bat eginda ez liokete alde handirik kenduko guztira.

Itzulpenaren Euskadi Sariak argitaletxeka

Ibaizabal eta Alberdania-Elkar argitaletxeek 7 aldiz jaso dituzte Euskadi Sariak, sari guztien %70a bi zigiluon artean banatu da.

Sariok Eusko Jaurlaritzak subentzionaturiko itzulpena zeukaten tituluetara joan dira, Literatura Unibertsala bildumakoetara; badirudi Literatura Unibertsala bilduman argitaratzen ez dena ez dela literatura unibertsala, edo ez dagoela behar bezala itzulia epaimahaikoen iritzian.

Horrela, “itzuliaren itzulia” esan genezakeena osatu da: itzultzaileek erabaki dute zer itzuli beren elkartearen bidez (2002a arte behintzat hala izan zen), itzultzaileek erabaki dute zein itzultzaileren lagina edo proiektua subentzionatu hartarako beraiek izendaturiko batzordean, itzultzaileek epaitu (oro har) eta saritu dute itzuli dena (ikus Mahaiko aulkiak artxiboa), eta aurrez subentzionaturiko itzulpenei eman izan diete sariaren subentzioa (ikus Euskadi Sarien historiala).

Igelak Euskadi Saria Eusko Jaurlaritzak subentzionatzen duen Literatura Unibertsala horretan ez baina Gipuzkoako Foru Aldundiak subentzionatu zuen itzulpen bati esker eskuratu zuela kontuan hartuta, sarion %80a Euskal Herriko erakunde publikoek subentzionaturiko itzulpena zeukaten tituluei eman zaiela ateratzen dugu.

Sari guztiak narratibako liburuei eman zaizkie. Probabilitate kalkuluaren barruan dago emaitza hori.

Hala ere, datu bitxia da 2002ko sariarena: helduen literaturakoa barik, haur eta gazte literaturako titulu bat izan zen saritua itzulpenean, Harry Potter eta sekretuen ganbera.

Sarien eta ekoizpen osoaren artekoa ehunekotan

Itzulpen gehien egin dituzten argitaletxeek (Alberdania, Elkar, Igela) sarien %30a hartu dute, sari bana alegia, hiruren artean ia %44a ekoitzi duten arren bertan subentzionatu gabeko tituluekin.

Ibaizabalek %32a eskas bete du ekoizpen osoan, baina sarien %40a jaso du, bere garrantzi espezifikotik zatiaz gorago (ekoizpen osoa Eusko Jaurlaritzak subentzionatua zeukala).

Are handiagoa da Alberdania-Elkar koedizioek ekoizpenaren eta sarien artean daukaten aldeko desproportzioa: ekoitzi dutenaren halako hiru, sarien %30a ekoizpenaren %7’78rako (dena Eusko Jaurlaritzak subentzionatua). Ibaizabalek 32 liburu argitaratu zituen hirugarren saria jaso zuenerako; Alberdania-Elkarrek nahikoa izan du 10 liburu argitaratzea.

Igela argitaletxea izan da gehien publikatu duena bertako subentziorik gabe, baina sarituetan sari gutxien jaso duena dugu proportzioan.

  • Alberdaniak 9 titulu argitaratu behar izan ditu saria jasotzeko (2000)
  • Elkarrek 13 titulu argitaratu behar izan ditu saria jasotzeko (2002)
  • Igelak 34 titulu argitaratu behar izan ditu saria jasotzeko (2006)

Gure erakunde publikoenagandiko subentziorik gabeko itzulpen gehien publikatu duena izanagatik, ez da halako liburuen artekoa izan saria ekarri diona Igelari, esana dugu.

Igelak publikatu dituen 34 liburuetatik 1 bakarra izan da bertako subentzioduna, Gipuzkoako Foru Aldundiak enkargaturikoa alegia. Alferrikakoa izan du urteetako jarduna munduko literatura unibertsala bere kasa argitaratzen. Esan liteke ez diola asko balio izan ekoizpen osoaren %20a gure erakundeen subentziorik gabe itzuli eta argitaratu izanak: %0’60ak ekarri dio saria.

Emango ote zioten, atzean Gipuzkoako Foru Aldundiaren zigilua eduki izan ez balu?

Bai, noizbait eman beharko zioten: Igela da atzerriko helduen literatura itzultzeari berariaz emana dagoen editorial bakarra Euskal Herrian.

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.