Asma dezagun

by ,

Euskal kulturadun hutsak ezin bagintezke izan, asma dezagun kultura berri bat, munduko kulturaren abangoardian martxa gaitezen. Ahal duguna salba dezagun, eta apur hori eraberritu dezagun. Ateratzen denarekin, munduari desafio diogun. Horrela salbatuko gara.
Gabriel Aresti. Mendearen semeok, 1965

Random Post:
Herrien Europa

by ,

Guk nahi-behar dugun Europak ez du nolanahikoa izan behar. Ez du kapitalisten eta trust handien Europa izan behar. Ez du ezertarako balio ez duten antzinako estatu zaharren Europa izan behar. Herrien eta pertsonaren Europa izan behar du. Hori lortzen ez den bitartean ez dugu bakean egoteko eskubiderik, ez dugu lanik egin gabe egoteko eskubiderik.
Rikardo Arregi. Europa berriro, 1964

Auziak irabazirik

by ,

Gure guraso maitagarriek beren hizkuntz ederra etsai portitzek lurraren azpiraño sarturik arras ezkutatu nahiean darabiltela ikusi badute ere denpora luzean, gaurko egunean arkitzen da, beraren seme prestu leial argien bidez, auziak irabazirik, eder eta galant, pizkor eta sasoikoa txit, erdaldun mingain latz harroek honelakorik gertatzea uste ez bazuten ere.
Iztueta. Gipuzkoako probintziaren kondaira, 1847

Gertatzen zaikuna

by ,

Euskaldunai gertatzen zaikuna da, gauzarik bikainena eta ederrena ere, euskararen izenekoa baldin bada, ostikoperatzea, gehiago bage, bera azaletik bedere ezagutzen ez duten txoriburu puztuek.
Iztueta. Gipuzkoako probintziaren kondaira, 1847

Ez gira hortan

by ,

Munduko gizon guziek onart balezate morala bera, denen artean munta balezate indar armatu bakar bat, morala horri jarraikiko liezken auzitegien zerbitzuko, orduan segur gerla baztertua litake edo bederen gutitua. Bainan ez gira hortan eta ez goatzi hortarat.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Ber garaian

by ,

Pentsa dezagun, izenez kristau den partido politiko bat izan ditakela politikazale txarra, eta ber garaian, politikazale ona gerta ditakela kristautasunari lotua ez den gobernu bat.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Francoren egurpean

by ,

Luzarat segur, argitarat emanak izango dira euskaldun abertzale katoliko zintzoek jasan duten martirioa Francoren egurpean. Mundua harriturik geratuko baita horien kristau kemen eta kuraiaz. Lotsaturik geratuko den bezala, ikusiz Francoren garaiko eta haren menpeko apezpiku asko, nola izan diren diktador horren beldur, lausengari edo ipurdi milikari.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Pariseko gobernuaren kontseilu ona

by ,

Baionako azken apezpikuarentzat, 89 apez euskaldunek eskatu ginion Aita Sainduari gutarterat igor zezan euskara zakien apezpiku bat. Bainan gure eskaera ez zen onartua izan. Gu segur, Pariseko gobernuak bere “kontseilu onen” laguntza ekarri ziola izendatze horri.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Pariseko gobernuari galdatzen

by ,

Frantzian ez da Konkordatorik, bainan bada modus vivendi bat Vaticanoko eta Pariseko gobernuen artean. Aita Sainduak ditu Frantziako apezpikuak hautatzen, bainan Pariseko gobernuari galdatzen zaio ean gomeni zaizkon ala ez.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Iparragirrek

by ,

Euskalduntasuna aldarrikatzen du, euskalduntasun sutsua, baina norkeria eta haundikeria gabea; anaitasuna, ez herrialde batekoena bakarrik, mundu guztiko bizilagunena baizik, nazino guztietako gizonei bizikidetasunera eta alkartasunera dei eztitsua eginaz, eta batez ere libertatea oihukatzen digu, Euskalerrikoa ez ezik mundu guztiko gizonei, izatez, Jaungoiko legez, dagokiena.
Jon Etxaide. Amasei seme Euskalerriko, 1958

Dantza garaia

by ,

Eiheralarreko erretorearen poza bidezkoa da euskera lehenengoz irarrita ikusirik, eta bere pozkide izan gaitezen gu ere. Alabaina, euskerari ez zaio oraindik dantza garaia heldu.
Jon Etxaide. Amasei seme Euskalerriko, 1958

Olerki on izateko

by ,

Hamaika olerki irakurtzen ditugu metrika eta bertso lege oro zehatz betetzen dituztenak, ondo landuak, orraztuak, koipetuak ere bai esku artean hainbeste erabiltzez, baina bide batez txepelak, ahulak, giharrik eta berotasunik gabeak. Zeren? Ez baitute olerki on izateko behar-beharrezkoa den bulko joritasuna, sentipena, nortasuna, irudimena…
Jon Etxaide. Amasei seme Euskalerriko, 1958

Ez nolanahikoa

by ,

Etxahun, bertsolari edo neurtizlari ez eze, olerkari ere izan genuen, eta ez nolanahikoa gainera, bere ahapaldietan halako gihar, esakizun indartsu, maisutasun eta goi arnasaren eragin sendo bat nabari baita.
Jon Etxaide. Amasei seme Euskalerriko, 1958

Herri giroz hornitua

by ,

Sortzen dira tarteka-marteka euskal bihotzaz osoro jabetzen diran bertsolariak, beren isuria herri giroz hornitua baitator ubegitik, garbi, lerden, txairo, eta herriak beregan bilatzen du non ase, non goza, non mozkor.
Jon Etxaide. Amasei seme Euskalerriko, 1958

Emakumea banaiz ere

by ,

Lehiatu edo dentatu naiz honelako izenazaldatze edo, erdera usaian, ethimologietan. Hobe ez ote da, emakumea banaiz ere, igarotzea orduak honetan, zer janzi-berri dan gora ta behera aitatzen baino?
Bizenta Mogel. Irakurle euskaldunari, 1804

Gozatzen nintzen

by ,

Buruari neke gogorrik eman gabe, loari bere orduak emanda, eta zigor zaurigarriaren beldurrik ez nuela, jolasez bezela, irten nuen nere asmoarekin, Virgilioren hitzneurtu eta apainduetan gozatzen nintzala.
Bizenta Mogel. Irakurle euskaldunari, 1804

Sineskaitza nekatxa batengan

by ,

Nola nik siniserazoko diet askori, euskeratu ditudala erdaldun jakitunak argiratu dituzten ipuiak? Nolako harrotasuna berriz latinezko hizkuntzarekin liburu honen asmoa agertzea? Horretarako behar litzake jakitea Euskera, Gaztelania, eta Latinezko hiru gizkuntzak. Zein gauza sinisgaitza neskatxa bategan!
Bizenta Mogel. Irakurle euskaldunari, 1804

Belatxikia lumadun

by ,

Badakit, entzunaz, beste gabe, neskatxa gazte baten izena dagoala itsatsirik liburutxo honen aurkean, jardungo dutela zinuka ez gutxik, diotela beren artean inoren lumaz janzi nahi duela belatxikiak. Hau da, besten beharrak hartu nahi ditudala neretzat: ez dagokiola neskatxa bati bururik hausitzea liburuginen: asko duela gorua nahiz jostorratza zuzen erabiltzea.
Bizenta Mogel. Irakurle euskaldunari, 1804

Txindi apur baten ordez

by ,

Ketan tximinia guztiak dagoz eta zerua estalduten deutse honeik. Lehenago Euzkadiko haranetatik argi ikusten zan ortze garbia, orain keak dana ilundu daroa ta langileek ezin ikusi dabe zerurik. Oletako burni hotsak ostenduten deutse kanpaiaren hotsa, otoi egiteko orduan. Ez zerurik eta ez otoirik, dana galdu dau txindi apur baten ordez.
Lauaxeta. Olak ikusten, 1931

Sakon antza eta ezerez antza

by ,

Sakon antza daukan lelokeriak egitea ez da gauza gaitza. Zeruko hodeiak edo itsasoaren orroak gaitzat hartuz, berehala egingo geunkez ehun ahapaldidun olerkiak. Ezerez antza daukan gaia apainki erabiltzea dozu gaitzena.
Lauaxeta. Arrats bera-ri buruz, 1935

Estetika berri bat

by ,

Edertasuna kopiatzeko begiak behar, itsu dan olerkariek amets tartean diraden ludiak bila dabilzki, eta euren aurrez aurre danari, kuku egiten diote. Ez dakit inork ohartarazi zigun, bainon Lizardiren olerki idaztiñoak izen zoragarri du Biotz-Begietan. Estetika berri baten laburpena.
Lauaxeta. Lizardi olerkaria, 1933

Euzkotarrek ez dakie

by ,

Holako olerkari bat agertzen danean, alde guztietan poza entzun behar geunke, baina lurralde honetan hots bat be ez dogu entzun. Negar egiteko lain. Olerkari bat Urtziren bezuza da, besteen pozgarri dan gizona. Baina euzkotarrek ez dakie zer balio dauan holako batek. Hemen olerkariak zorotzat edonork hartuko dauz. Gaurkoz Euzkadin ez eze Espainan be, Lizardi lako olerkariak ez dira izango bi. Geure elertizaleak poztuten dira? Ez dirudi. Ederminak barik, zizkimizka azkurak jo dauz.
Lauaxeta. Biotz-begietan, 1932

Bilboko azoka zaharra ahaztu

by ,

Gizon jakintsua ei da Unamuno. Egia izango da. Berak idatzi dauan guzia irakurri izan dot eta astoa dalakorik ez dot uste. Orain baina, elgorria sortu ei jako. Erderaganako elgorria. Artega dago gizona. Bai-bai, euzkotarra odolez dan arren, gogoak ihes egin deutso. Salamancako uri zaharrera ihes egin. Bilbaoko azoka zaharra ahaztu jako.
Lauaxeta. Ikaskuntza, 1931

Esku daukaguna alde bat uzten

by ,

Nola nahi ditugu gureganatu galdu gintuen eskubideak, gure esku daukaguna alde bat uzten badugu? Nork sinetsiko gaitu gogo osoaz eta bihotz biziaz ari garela gure Herriaren alde, baldin hunen erro biziena eihartzera doalarik, higitzen ere ez bagara?
Larreko. Gure berrielarazleri agur eta itz bat, 1916

Alegiazkoa edo hutsa

by ,

Aspalditik buruan hartua daukat gogoeta bat, hauxe da: abertzaletasunaren erdi-erdiko erroa euskara dugu eta erro huni zor zakiona, gero eta gehiago piztu dadien emaiten ez badiogu, gure Euskal Herriaren maitetasuna alegiazkoa edo hutsa da.
Larreko. Gure berrielarazleri agur eta itz bat, 1916

Listoak garelakoan

by ,

Oraingo eraikitzaileak momentuko premiei eta irabaziei begira itsu-itsuan ari dira. Denbora laburreko lanok ez dira, luzarora, ez ekonomiaren onerako eta ezta ere hiritarren bizigarri. Listoak garelakoan tonto portatu gara.
Juan San Martin. Hirigintzaz, 1979

Ez da gure egia

by ,

Ea behingoan isiltzen ditugun Unamuno aintzat harturik ari diren ahozabalok. Unamunoren helburua, beretzat izan behar zena, besteei ere eman nahi diete. Eta, sarri, bere egia ez da gure egia.
Juan San Martin. Euskeraren inguruan, 1969

Frakaso nardagarri bat

by ,

Ongi kantatzen dugu, ongi dantzatzen dugu, gure hizkuntzak ahaiderik ez dazagu, gure kraneoak neurri espezialak ditu, gure odolak halako RH faktore negatiboa daduka. Eta bitartean gure obligazioa bete gabe, gizon eta herri bezala frakaso nardagarri bat izan gara euskaldunak.
Gabriel Aresti. Astos y astokilos (edo aldapa behera arin batean azken pauso bat), 1967

Astalde bat

by ,

Zer da Euskal Herria? Pirinioetako haran artean astoen gainean dabilen astalde bat, hori da gaurko gure kontzientzi-errepika.
Gabriel Aresti. Astos y astokilos (edo aldapa behera arin batean azken pauso bat), 1967

Beti besterena

by ,

Hitz soil bat zeralako
poetek asmatua
zorionik asmatzen
ez zekitelako
denona zeralako
ezer ez zeralako
maite zaitut zorion
beti besterena.
Xabier Lete. Urrats desbideratuak, 1981

Cainen mezuak

by ,

Herri dohakabea
gu denen herria
besterik izan ez ta
hain baita gurea,
hain gorrotagarria
hain zentzugabea
hil nahiago duena
bizi izan baino,
ekaitzek ingurua
jan diotelarik
Cainen mezuetan
irriz erortzeko.
Xabier Lete. Urrats desbideratuak, 1981

Amets betezko loa

by ,

Ez nau iluntzen baratzatikan
azken loreak biltzeak
muga guztien arrazoi bila
arnas gabe ibiltzeak
arratsaldeko argi betera
zentzu denak umiltzeak,
amets betezko loa baitakar
behin betirako hiltzeak.
Xabier Lete. Urrats desbideratuak, 1981

Oroitzapen besterik ez

by ,

Sagasti eder, sagasti zuri
inguma-atsegintoki iduri…
O, Lizardi!
Dastatu huen agian hik
lehen lore goiztar haren eztirik?
Gure aspaldiaren lore zuriak
oroitzapen besterik ez dituk.
Oroimenean zeudek hilik.
Xabier Lete. Bigarren poema liburua, 1974

Noiz izan behar zera

by ,

Herria, herria,
hain zahar eta hain berria,
noiz hautsi behar dezu
katearen legea,
noiz izan behar zera
zure etorkizunaren jabe
nausirik gabea.
Xabier Lete. Egunetik egunera orduen gurpillean, 1968

Etsaiak dira

by ,

Filologoak, eskola-gizonak, linguista, hizkuntzaren aztertzaileak, gramatikoak… Hoek, gizon jakintsu guzti hoek, hizkuntza biziaren eta eskritorearen etsaiak dira. Gure hegalak moztutzen dituzte. haien artazietatik ihes egin behar dugu, honela gure ibilaldia luzeagoa izan dadin.
Gabriel Aresti. Lizardi, poeta, 1964

Okerlariak

by ,

Askotan iruditzen zait Olerkaria izena txarki jarrita dagoala, eta Okerlaria izan behar lukeela. lasai dabiltza, bai, eta hori da inora ez heltzeko bidea. Proba da, hiruzpalau izen kenduta, gainerako guztiak berdin izango litzakeala ezer ere eskribidu ez balute, Euskal herriari ez baitiote (poetak bezala) adorerik ematen, eta munduko atentziora ezin presenta bailitezke.
Gabriel Aresti. Nire ofizinatik: basarri bertsolariari, 1963

Mami handiko

by ,

Uste nuen euskara nolabaiteko hizkuntza zela, ni letraduna izanik berehala nagusituko nintzaiola. Baina mami handiko hizkuntza dugu! Izugarri zuhurra, aberatsa bezain apaina!
Larreko. Monzon jaun euskaldunari, 1935

Nere espainol egitea

by ,

Nere espainol egitea Espainiako gobernupean, Espainiako legepean bizitzea Espainiako beste edozeinek bezeinbat eskubide eta eginbide ditudala; hori da laterritasuna edo “ciudadanía”. Baina hortan akabo, hor ez dago nazionalitaterik. Abertzaletasuna edo nazionalitatea izatea heldu da odoletik, endatik, abizenetik, hizkuntzatik eta sorlekutik.
Larreko. Euskaldun ona… euskaldun, 1934

Zergatik kendu zidaten fedea

by ,

Egun batean apaizei eskatuko dizkiet kontuak, zergatik kendu zidaten hain umetan fedea, zergatik nire barnean ez dagoen batere ilusiorik, betere esperantzarik, batere ez dakit zerik.
Gabriel Aresti. Joxe Azurmendiri eginiko gutuna, 1961

Aberrietan sinesten ez

by ,

Ni gauza guztien gainetik euskaldun abertzalea naiz. Nire aberria, zortean kabitu zaitan aberri tristurazko hau, nik hautatu ez dudan aberri gutti hau kontentatuko da, zeren hain kristaua eta Elizako Ama Santuaren alaba fidel eta leial izanik, haren semerik gaiztoena komertitu den, bai eta, gainera, azkenean komertitu. Gaixoa! Horretan atsegina ematen diot. Lastima da aberrietan sinesten ez dudana.
Gabriel Aresti. Joxe Azurmendiri eginiko gutuna, 1961

Olioaz frijitu

by ,

Nik uste diat bertsoarekin hobetzen dela –formak ematen duen hobekuntzan– poesia, hala nola arroltze frijitu pare bat urdaiazpikoarekin hobetzen den. Baina dena, arroltzeak eta urdaiazpikoa, olioaz frijitu behar dituk, ez uraz, ez euskal gaizto baten ur zikinaz.
Gabriel Aresti. Joxe Azurmendiri eginiko gutuna, 1961

Jainkoaren ukaera

by ,

Diote Jainkoa justizia bera dela, justizia-gabekoa Jainkoaren ukaera dela, Jainkoa amodioa dela: eta esaidazu nolako justizia, nolako karitatea dagoen bizi garaden mugarte nardarri eta madarikatu honetan.
Gabriel Aresti. Jose Azurmendiri eginiko gutuna, 1961

Bi leku

by ,

Bilbaoko kaleetatik gure bizitza iragan dugun herri xehearentzat, bi hitz, bi izen daude, bi leku, oso urrun, oso distante, sozietatearen elite hautatuentzat apropos gordeak, bekatore gaixoentzat paradisu alkantza ezinak, Neguri eta Deustu.
Gabriel Aresti. Joane Etxeberri Sarakoaren sentimendu soziala eta kontzientzia nazionala, 1975

Erro biziena

by ,

Nola nahi ditugu gureganatu galdu genituen eskubideak, gure esku daukaguna alde bat uzten badugu? Nork sinetsiko gaitu gogo osoaz eta bihotz biziaz ari garela gure Herriaren alde, baldin hunen erro biziena eihartzera doalarik, higitzen ere ez bagara?
Larreko. Gure berri helarazleri agur eta hitz bat, 1916

Besoak uzkaldurik

by ,

Beti horixe izan da euskeldun gizajoen aztura, beren burua deusetzat hartu, deus ere ez dakigula erran, apal-apalak garela gaur, bihar eta beti, hala egon besoak uzkaldurik, egon, solas ederra aitona zarrentzat!
Larreko. Apal-apalak, ez apalegiak, 1916

Jakinduri guzia

by ,

Jakintsun izatea hori da: gauzak diren bezala ikustea, ez handiago ez tipiago, ez diren baino astunago edo diren baino arinago; hortan dago gizonaren jakinduri guzia.
Larreko. Liburuaren eguna, 1928

Pipazale beniz

by ,

Gure hipoteka zorrak nura heltzen ote dira? Ehun miliuka dabilala diote. Mahats-ardoak badu bere legarra; zuin lekhutan uhaitzeko urak ere bai: Zeluko aireak eta leihotik hartzen dugun hatsak ere bai. Aski den! Bena nula pipazale beniz, aduanaren zerbutxia eta kontrabandistaren kunsoliua arrakuntratu nahi gunuke beste bidez. Ni niago Frantziarik kanpo gure dihariak galdu gabe, legar sistema berri zunbaiten maneraz, pipazaleak ez othe dianez egun batez baratzean ikusiko tabak-hostua, belar nezesari bat, beste belar unak bezala.
Agosti Xaho. Herritar ezinago maitiak!, 1852

Kario kostatzen

by ,

Bada Frantzian ehun mila abokatu. Ene kunplimentiak prozeskarier! Justizia unak preziorik ez du: bena uduri zait prozedura baztergabe hori kario kostatzen zaiola populu miserabliari.
Agosti Xaho. Herritar ezinago maitiak!, 1852

Gizonak mundu huntan

by ,

Zer desiratzen ahal du gizonak mundu huntan? Desiratu behar du kuntzenzia un baten ukeitia, lan doi bat, bere izerdiaren errekunpentsa justua, legar guti eta zor gutiago, gogoa argi eta alagera, bihotza kuntent, osagarria nik orai bezalako, eta moltsan urrerik ez badu ere, falta gabe behar orduko behar den zilarra.
Agosti Xaho. Herritar ezinago maitiak!, 1852

Krudelen ororen kuntre

by ,

Bi mila urte huntan Uskaldunak dira, Frantziaren eta Espainaren artean, zazpi probintzia, zortzi ehun mila arimatako herri txipi bat: Uskaldun izena, bere legeak eta libertate ederra kuntserbi beitutie bi mila urtez, arma bardinez, Frantziako eta Espainako nazione krudelen ororen kuntre.
Agosti Xaho. Herritar ezinago maitiak!, 1852

Ororen nausi

by ,

Nik librietan ezarriz geroz, aitor die sabantenek, Uropako Akademia orotan, hanitx puntuz erdararen hizkuntza nahasi horien ororen nausi dela gure Uskara zahar eta ederra.
Agosti Xaho. Herritar ezinago maitiak!, 1852

Estatu nobleagorik ez

by ,

Lege perfeitaren segretia nik ez badakit, ez da izanen untsa estudiatu faltaz. Arrantier batek bere urre zilarren kuntia etxekiten dian bezala, negoziant batek bere komerzioa surbeilatzen dian bezala, jeneral batek gerla pratikatzen dian bezala nik estudiatu uken dutut populu ororen hatsarriak, historia igaranak, erreboluzioneak, lege zaharrak eta legen berritzeak: hori beita ene graduko gizonen enplegia, eginbidea, lana eta ofizioa. Ene ofizioko gizonak dira nazione ororen eskolazaleak eta politikako errejentak. Gure lumati, bere uturburuti bezala, kurritzen da nazione ororen, errege eta enperadore ororen fama una edo gaixtoa. Gurea beno estatu nobleagorik ez dut uste badela.
Agosti Xaho. Herritar ezinago maitiak!, 1852

Hiru adar gehien

by ,

Errepublikaren izateak, Populiaren erregetarzunak badu sekulaz geroz bere potreta: zuhain gora bat, haritz eder bat. Eta haritz hunek badu hirur adar gehien, Libertatia edo zuzen justua, Lege bardina, Fraternitate irus bat.
Agosti Xaho. Herritar ezinago maitiak, 1851

Gauza beharrak

by ,

Mundu huntan, gizonen justizia tronpa ditake noizetik noizera; ez baita horregatik erraiten ahal, tronpakor delakoan, ez dela behar justiziarik, ez gaztigurik. Urean itotzen dire gizonak; suan, erretzen. Nork erranen du, sua eta ura ez direla gauza onak, gauza beharrak?
Jean Hiriart-Urruti. Hobenik gabe hila, 1908

Txipien kontra beti akort

by ,

Gizonez gizon ez da gehiago ez txipirik ez handirik… Bainan oh! zer diferentzia aisetarzunean!… Batzu opulentzian, aberastarzunez okiturik, abondantzian eta munduko ponpa guzietan!… Orguliak harturik, bihotza gogorturik, kargu handietan, errege txipi batzu bezala, oro zerbutzari, agur-egile, handiz handi adiskide, txipien kontra beti akort, otsoak aharien kontra bezala…
Agosti Xaho. Donapaleuko populian eta republicain aldeko phartez laborarier, ofizialer, langiler eta braseroer, 1849

Deus ez zirezte

by ,

Laborariak, ofizialeak, langileak, ziek zirezte oro, deus ez zirezte. Begiak zabal zatzie, eta ikus zazie.
Agosti Xaho. Donapaleuko populian eta republicain aldeko phartez laborarier, ofizialer, langiler eta braseroer, 1849

Izanen da erreboilta gaitzik

by ,

Orai artinoko sistemak ireiten badu luzaz, gobernamentiak edo norbaitek ez baldin badu gure eritartazunaren erremedio edireiten, laborarien aldeti izanen da erreboilta gaitzik, Parisek sekula egin ez dian bezalakorik.
Agosti Xaho. Apez bati arrapostu, 1848

Orai ezdeus

by ,

Non da, irlandesetarik kanpo, gure uskaldun gaixoak beno jente ignorantagorik? Iaz nazione aberats, gerkari, famatu bat, eta orai ezdeus, Frantziaren eta Espainiaren zankapetan. Nork kausatu du gure ulunpe eta miseria, leze barna huntara erortea? Erregetiarrek, apezek.
Agosti Xaho. Apez bati arrapostu, 1848

Argi emanez urtzen

by ,

Ni nuzu gizon bat, ezko kandera bat argi emanez urtzen eta kontsumitzen den bezala, bere odola eta bizia galdu eta ketan igorri dutiana, hogei urte huntan, argi emaiteko, egiaren erakusteko gizonen artean.
Agosti Xaho. Apez bati arrapostu, 1848

Sei mila urtez

by ,

Hiruretan hogei mendez, sei mila urtez, Iberia-Espainiako uskaldun eta kantabre zaharrek ez dizie uken apezik, nahi bada ziren errelijione handitako, Jinkoaren adorazale, nazione fidel bat.
Agosti Xaho. Apez bati arrapostu, 1848

Bihotz eta gogo bateko

by ,

Zaharrak eta gazteak, ez izanik ere eskola bereko, bihotz eta gogo bateko izan gaitezke. Horretan dut ene itxaropena: jokabide sozial eta politikoek zatikatzen bagaituzte, kulturak elkartuko gaituela.
Piarres Larzabal. Oroitzapenak, 1998

Ijitoak

by ,

Bidaiatzea odolean dute, beharrezko zaiote, guri toki berean kokatzea bezala. Guk deramagun bizimoldearentzat ordea mesprezio izigarria badute. Funtsean guk heienarentzat bezala. Heiek ala gu gabiltza zuzen?
Piarres Larzabal. Oroitzapenak, 1998

Gure muga hori

by ,

Kontrabandoa ez da Jainkoaren kontra altxatzea, Haren lege batzu hautsiz. Gizon lege batzuen kontrako egintza bat baizik ez da kontrabandoa, eta ez Jainkoaren legeen kontrakoa. Gure muga hori, egina izan den bezala, euskal populua zatitzen duela, hori bai dela Jainkoaren kontrako legea! Euskaldun gaixo batzuk beren familien haztekotan kontrabandoko arriskuetan sartzera behartzea, hori bai dela Jainkoaren kontrako eginkizuna!
Piarres Larzabal. Oroitzapenak, 1998

Gerta ditakeen alegia

by ,

Bakotxari haizu zaio bere irudimena lanean ar-araztea. Nik, nere irudimenaren arabera, ez dut kondatzen gertatuko denaren egia, baina gerta ditakeen alegia. Ez du nere alegiak egia ukatzen, bakarrik nere gisara apaintzen.
Piarres Larzabal. Oroitzapenak, 1998

Munduaren bururatzea

by ,

Aitortzen dut ez naizela batere beldur mundua bururatzea guri (edo gu hari), ez munduaz etsitua naizelakotz, baina gauzek hola behar dutela izan, zintzoki pentsatzen dudalakotz.
Piarres Larzabal. Oroitzapenak, 1998

Juduek ez dute bertzerik

by ,

Juduek ez dute behin ere nehon bertzerik jakin, baizik ere bertzeenaren ebasten, eta ahal badute, beren adiskideen eta ongi-egileen saltzen. Horrela saldu zuten bertze orduz gure salbatzailea ahur bat dirutan.
Jean Hiriart-Urruti. Fuera juduak, 1894

Gizonen asmazio gabe

by ,

Zerutik edo Jaungoikoagandik, gizonen asmazio gabe, horien gaineko gauza bezala etorri zala, euskarak berak bere era eder eta armonia paregabean ondo seguru esaten edo adierazotzen du.
Agustin Kardaberaz. Euskeraren berri onak, 1761

Herritasunaren gai

by ,

Herri den herri batek, hurrengo hiru nahiak bederik nabarmendu behar ditu, herritasunaren gai dela begira dagokion munduari erakusteko: izan-nahia, bizi-nahia, iraun-nahia.
Andima Ibinagabeitia. Odol gabeko matxinada, 1958-1960

Giza bihotzak

by ,

Jakintza eta teknika berriak gorabehera, giza bihotzak ez dira aldatu: kanpo-giroa zerbait bestelakotu arren, barne-giroa betikoa da orain ere.
Andima Ibinagabeitia. Zaitegi’tar Iokin, “Sopokel’en antzerkiak II”, 1958

Berez gara lukur

by ,

Berez gara lukur eta esku-eutsiak euskaldunok barneko gure katramila eta auziak gordinki eta ausarki bihotz aratoletatik atera eta irakurlearen gogora aldatzeko.
Andima Ibinagabeitia. Txillardegi, “Leturiaren egunkari ezkutua”, 1957

Lokatzetan sartua

by ,

Belar-gurdi bat ekartzeko asmoz ateratuak ginen etxetik. Eta horra: gurdia basan sartu. Gaua etorri zitzaigun eta, idiketara joan beharrean, hasi ginen predikatzen: bide hobeak behar omen ziren munduan egin! Hogei urte igaroak dira geroztik. Bideak ez dituzte antolatu. Eta gure belar-gurdia hantxe dago beti: lokatzetan sartua.
Telesforo Monzon. Belar orga lokatzetan, 1959

Guretik ari

by ,

Gure baitan bagaude, gure baitaz ariko gara ere. Eta horixe behar genuke euskaldun abertzaleok; gurean egon eta guretik ari. Bestela, leiho ondoan jarrita bizi behar bagara beti, auzoak bai jorratuko ditugu ongi baina… etxeko artoak ez.
Telesforo Monzon. Belar orga lokatzetan, 1959

Lurrarekin bat

by ,

Etxe, ontasun, baserri bakoitzeko lurrek ere badutela beren hizkera. Beren hizkera berezia. Norbere baratzekoarena duk eder. Lurrarekin gizonak bat egiten dizunean, gizona lurrari bezain beharrezkoa izaten baitzaio bere lur hura gizonari.
Telesforo Monzon. Lurraren mintzoa, 1953

Hitz handi harrook

by ,

Hitz handi harrook: Panteismo-ta, Parlamentarismo-ta, Existencialismo-ta horiek izitu egiten naute ni. Izitu ta nahasi zeharo. Ez baititut aditzen. Ez baitiet itxurarik hartzen. […] Holako hitz handi gutxiago balira, ez lirateke beharbada gizonen artean horrenbeste denboragaltze ta borroka ibiliko.
Telesforo Monzon. Lurraren mintzoa, 1953

Egonean egon

by ,

Ameriketara joaten diren zenbait euskaldunena: han direla hona nahi, ta hemen direla hara behar. Hitz batez: bidean ondoen. Eta nik bidea ez ba maite. Zuhaitzarena baita nire zorion-legea ere: egonean egon.
Telesforo Monzon. Bergarako jaiak eta Lapurdiko lusagarrak, 1952

Zail eta beharrezkoenak

by ,

Herriaren etorkizunari begira, gazte ta zaharren arteko hartu-emanak dira, ene ustez, zail eta beharrezkoenak antolatzen. Beti ezpainetan dabilzkigun nagusi ta langileen arteko gorabeherak bezain zail eta beharrezkoak. Hauek baino, elkarrengandik urrunago bizi baitira askotan haiek.
Telesforo Monzon. Cecile Sorel eta Borda-Zuriko amatxi, 1951

Atxiki ditzagun

by ,

Bertzeen legepean gaurkoz bizi behar izanagatik, atxiki ditzagun azkarki gure ohitura zaharrak. Euskal Herrian noizbaiten euzkotarrek agindu behar badute, Ohiturazahar iturritik edan ahal dezaten gure orduko lege berriek. Lehendanik gabeko legeak, ez baitu geroko luzerik izaten.
Telesforo Monzon. New Yorkeko Miss Griffing eta Bergarako Kasimira, 1951

Bortitzagoak ere

by ,

Ez nator ni, beraz, mota guzietako langileen alde eginak diren lege berri eder horien aurka. Egin beharko dira bortitzagoak ere. Ta ez izutu: lege horiek izitzen bagaituzte, Jainkoaren aginduak gaitu izitzen.
Telesforo Monzon. New Yorkeko Miss Griffing eta Bergarako Kasimira, 1951

Lege berri onak

by ,

Lege Zaharraren adiskiderik itsuena izanagatik, aitortu beharra dut leialki: badira lege berri onak ere. Ta hauxe esango nuke gainera: ezkertiarrei dizkiegu mundutarrek zor, lege berririk txarrenak eta… hoberenak ere. Hoberenak ere, bai jaunak!
Telesforo Monzon. New Yorkeko Miss Griffing eta Bergarako Kasimira, 1951

Aski dakik

by ,

Gure esaera zahar hura, “Aski dakik bizitzen badakik”, honelaxe ere erran baitzitekeen: “Aski dakik maitatzen badakik”.
Telesforo Monzon. Gure “parasolaren” ibilketak, 1951

Arrastaka karriatzen

by ,

Gogoan dut, Bergaran mutikoak eskolara nola eraman behar izaten zituzten. Irakasleari beldur, eta eskolan aspertzeari beldurrago, arrastaka karriatzen zituzten, askotan, mutiko gizajo haiek eskola-ateraino. Haien oihu ta ostikoak! Infernuak ez zuen, ume errukigarri haientzat, herriko eskola baino iduri antzekoagorik.
Telesforo Monzon. Donibane Lohizune eta inguruak, 1949

Abesten entzuki

by ,

Donibaneko eliza barnean egiten diren elizkizunetan, Herri osoari abesten entzuki nagoela, Frantziako Errege ta Espainiako Inpantaren ezteiak —sinetsiko al didazue?— ez zaizkit, egia esan, askotan burura etortzen. Izaten du gure barneak beste zertan ari.
Telesforo Monzon. Donibane Lohizuneko eliza, 1949

Euskerak lagundu dio

by ,

Zorigaiztoko gerra zibila sortu zalako merio
lau probentziak gelditu ginan petxaz beteta serio
egun batean lur jo genduen, ezin ginazke gora igo
berriz altxako ote geraden ere ez naiz oso fio
erdara ez zan bakarrik kapaz, euskerak lagundu dio.
Txirrita. Gure aurreko guraso zarrak…, 1906

Gloriak daukan edertasuna

by ,

Zeruak dauzka hamabi ate, aingeru bana guardian
urrez eginak murailak eta alaja finak erdian
gloriak daukan edertasuna musikaren alegrian
premio hori alkantzatzera gabiltzan fede garbian!
Xenpelar. Komeni diran bertso berriak…,1867

Uken kalitate

by ,

Berset hoiek egin tut jaun apezen kuntre
nahi bada debotak dutudan net maite
bena arropa hura dinak behar luke
erokeriak utzi, uken kalitate
munduri erakutsi ukeiten bertute.
Etxahun. Bi berseten eguitez, 1853

Soraio eta hotz

by ,

Gure aberatsak beti bezala, eusko-kulturari buruz soraio eta hotz. Pozik emango nieke astinaldi gogor bat burutik behera, merezi dutelakotz. Beharba egunen batean zartailua erabili beharko dugu.
Andima Ibinagabeitia. Jokin Zaitegiri egin gutuna, 1950-09-15

Hobia atxurkatzen

by ,

Euskerak, Euzkadiko Agintari eta enparau abertzaleei, buruauste haundirik ez die ematen. Izparringietan noizikpehinka, erostaren bat jo, Francok gure hizkuntza geroago eta gogorkiago menperatzen dualako, eta kito. Gainera, hori ere erdaraz. Ez ote dakuste, gure etsaiak baino kalte haundiagoa egiten diotela euskerari, mundu zabalean erderaz hain apainki argitaratzen dituten izparringiekin? Zeharo itsuturik daude eta ez dute ikusi nahi, oinazpian euskeraren hobia atxurkatzen ari diranik.
Andima Ibinagabeitia. Jokin Zaitegiri egin gutuna, 1947-09-26

Otsoa otso

by ,

Nahiz errege koroaz, nahiz txapel gorriz, nahiz friji txanoz, nahiz txamarra urdinez, nahiz gorri minez burua eta gorputza estalita agertu, otsoa otso eta espainiarra espainiar.
Andima Ibinagabeitia. Lauaxeta, 1967

Bere buruari irriz

by ,

Aitzinekoez oroituko gireno, atxikiko dugu gure burua zerbeit, ez guhauren begietan bakarrik, bainan bertzeek ere goresten gituztela. Bere mintzaia, soina, erlisionea, bihotzeko ala izpirituzko azturak, bizimoldea, harat-hunatak, debalde uzten dituen gizaldea, bere buruari irriz hasten da, irriz ordu beretik abiatzen baitzaizko bertzeak; bere baitan federik ez ukanez laster galtzen ditu onerateko zituzkeen jaidurak; ttipituz, urtuz bezala doa; eta azkeenan, orotaz gabetua, bertzeen azpirat, betierekotz heien meneko erortzen da, ezdeusturik.
Jean Etxepare. Pesta-Berri, 1904

Goizik hil

by ,

Baditeke badiren gutartean goizik hil behar direnak; zendako, ez dakit; zertarik ezagun diren ere, ez nakike sobera. Andana bati beha egonik iduritu zaut haatik bazutela denek begitartean bertzeek ez duten edertasun berezi bat.
Jean Etxepare. Camille, 1904

Aski eta sobera min

by ,

Jainkoaz guti azola zuten eroek piztu su gaitzak
badakizue nola bortz urtez erre dituen bihotzak…
Bakarrik hemen xutik dauzkagu etxeak eta zuhaitzak
bazaukun aski eta sobera min eginik zorigaitzak!
Oxobi. Gure herria, 1921

Bihotza beti berbera

by ,

Elgarretarik gaituztelakotz gaixtakeriaz berextu
erdaldun askok diote beraz odolez girela hustu…
Egin bezate, samur gorrian, sugeak bezenbat hixtu
gure bihotza beti berbera, tona batek ez du histu!
Oxobi. Zazpiak bat, 1910

Negarrez busti

by ,

Urrun etzatera zoan odoletan iguzkia
osoki karra galdurik, goizdanik baitzen jeikia.
Eta nik jakin dut orduan lur huntan zer den egia:
behar dugula noizbeit orok nigarrez busti begia.
Oxobi. Oihartzunak mendian zer dion, 1910

Hartu dezagun gerok

by ,

Asko da nagitasunez, asko da makurtzez, aspertu gera eskatzez zor zaiguna. Hartu dezagun gerok, berdin gurea da eta!
Pedro M. Otaño. Zutik, 1904
[Buenos Airesko Laurak Bat euskaletxearen egoitza berria mustu zeneko diskurtsoa. La Vasconia, 1904-11-20]

Karga bizkarrera

by ,

Ez degu ikusten, zenbat eta gehiago makurtzen geran, orduan eta karga gehiago botatzen digutela bizkarrera?
Pedro M. Otaño. Zutik, 1904
[Buenos Airesko Laurak Bat euskaletxearen egoitza berria mustu zeneko diskurtsoa. La Vasconia, 1904-11-20]

Urre gutxik

by ,

Esaten da gutxi gerala euskaldunak, beragatik izan behar degu alkar maiteago. Urre gutxik gehiago balio du harri kozkor eta zaborreria askok baino.
Pedro M. Otaño. Zutik, 1904
[Buenos Airesko Laurak Bat euskaletxearen egoitza berria mustu zeneko diskurtsoa. La Vasconia, 1904-11-20]

Erdara eder eta leuna

by ,

Salamancatik irten da argitasuna
euskaldun batengandik —zer edertasuna!—
ikusi arazteko ongarri zaiguna
gureganatutzeko zoriontasuna!…
Anaiak, poz gaitezen, badator eguna
herritar ahaltsu batek bidezten diguna,
eta betiko dohatsu egingo gaituna:
utzi dezagun gure hizkuntza astuna
jendeen arterako balio ez duna
eta betor erdera eder ta leuna
—biak jakitea da txit gauza iluna!—.
Egin zagun Migelek esaten diguna
eta guretzako da berriontasuna:
Tubalen kastarentzat zer etorkizuna!
Pedro M. Otaño. Berri on bat, 1903

Zazpiak oihal batetik

by ,

Zazpi ahizparen gai dan oihala ebakirikan erditik
alde batera hiru soineko, utzirikan lau bestetik.
Guraizeakin bereizi arren bakoitza bere aldetik
ezagutzen da jantzi dirala zazpiak oihal batetik.

Oihaltzat hartu zagun Euskera, guraizetzat Bidasoa:
ibai koxkor bat besterik ez da, hutsa, balitz itsasoa.
Elkarren hurbil daude zazpiak, muga deitzen da Pausoa…
Zergatik izan behar ez degu famili bakar osoa?
Pedro M. Otaño. Zazpiak-bat, 1900

Gerrarik onena

by ,

Gerrik onena zer da azkenik? Da dohakabetasuna
bihotz gogorren zitalkeria, pozoiezko erantzuna
arlotegitza eta oinazea, gosea eta eritasuna
heriotza eta infernua…
Pedro M. Otaño. Anaitasuna, 1897

Zer diferentzi dago?

by ,

Republika zer dala uste du? Aitona, betor honuntza.
Ez degu ondo entenditutzen, ez baita gure hizkuntza
baina eskatzen du egiteko denok elkarri laguntza
beren modura gobernatuaz probintza eta herri bakoitza.
Hortik fuerora zer diferentzi dago, aitona, zer? Hutsa!
Pedro M. Otaño. Republika ta Fueroak edo Mendiburuko maizterra, 1893

Arma zorrotz bat

by ,

Bi nazionalismo mota dago, popularra eta burjesa. Exzepzio ohoragarri batzuk ongi errespetatu eta ohoratu ondoren, esperientzia mingotsak honela diosku, nazionalismoa, burjesentzat, bere pribilejio ekonomikoak defenditzeko arma zorrotz bat besterik ez dela.
Gabriel Aresti. Euskal-kideak, Baiona’72, 1972