Category Archives: POLITIKA

Ber garaian

by ,

Pentsa dezagun, izenez kristau den partido politiko bat izan ditakela politikazale txarra, eta ber garaian, politikazale ona gerta ditakela kristautasunari lotua ez den gobernu bat.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Francoren egurpean

by ,

Luzarat segur, argitarat emanak izango dira euskaldun abertzale katoliko zintzoek jasan duten martirioa Francoren egurpean. Mundua harriturik geratuko baita horien kristau kemen eta kuraiaz. Lotsaturik geratuko den bezala, ikusiz Francoren garaiko eta haren menpeko apezpiku asko, nola izan diren diktador horren beldur, lausengari edo ipurdi milikari.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Pariseko gobernuaren kontseilu ona

by ,

Baionako azken apezpikuarentzat, 89 apez euskaldunek eskatu ginion Aita Sainduari gutarterat igor zezan euskara zakien apezpiku bat. Bainan gure eskaera ez zen onartua izan. Gu segur, Pariseko gobernuak bere “kontseilu onen” laguntza ekarri ziola izendatze horri.
Piarres Larzabal. Nere mendixkatik, 1999

Lokatzetan sartua

by ,

Belar-gurdi bat ekartzeko asmoz ateratuak ginen etxetik. Eta horra: gurdia basan sartu. Gaua etorri zitzaigun eta, idiketara joan beharrean, hasi ginen predikatzen: bide hobeak behar omen ziren munduan egin! Hogei urte igaroak dira geroztik. Bideak ez dituzte antolatu. Eta gure belar-gurdia hantxe dago beti: lokatzetan sartua.
Telesforo Monzon. Belar orga lokatzetan, 1959

Lege berri onak

by ,

Lege Zaharraren adiskiderik itsuena izanagatik, aitortu beharra dut leialki: badira lege berri onak ere. Ta hauxe esango nuke gainera: ezkertiarrei dizkiegu mundutarrek zor, lege berririk txarrenak eta… hoberenak ere. Hoberenak ere, bai jaunak!
Telesforo Monzon. New Yorkeko Miss Griffing eta Bergarako Kasimira, 1951

Zer diferentzi dago?

by ,

Republika zer dala uste du? Aitona, betor honuntza.
Ez degu ondo entenditutzen, ez baita gure hizkuntza
baina eskatzen du egiteko denok elkarri laguntza
beren modura gobernatuaz probintza eta herri bakoitza.
Hortik fuerora zer diferentzi dago, aitona, zer? Hutsa!
Pedro M. Otaño. Republika ta Fueroak edo Mendiburuko maizterra, 1893

Guztien libertatea

by ,

Euskal Herri libre bat nahi dugu. Herrien kontzierto internazionalean leku bat, toki prestu eta ohoretsu bat deseo diogu gutzaz erditu zen herriari. Baina kontuz, herriaren libertateak berekin bere seme guztien libertatea ekarri behar du. Euskaldunek gatibu iraun behar baldin badute, nola apurtuko ditu Euzkadik bere kateak?
Gabriel Aresti. Euskal-kideak, 1972

Herrien Europa

by ,

Guk nahi-behar dugun Europak ez du nolanahikoa izan behar. Ez du kapitalisten eta trust handien Europa izan behar. Ez du ezertarako balio ez duten antzinako estatu zaharren Europa izan behar. Herrien eta pertsonaren Europa izan behar du. Hori lortzen ez den bitartean ez dugu bakean egoteko eskubiderik, ez dugu lanik egin gabe egoteko eskubiderik.
Rikardo Arregi. Europa berriro, 1964

Ihes egiteko

by ,

Badira Europan nazioak, taldeak, jendeak, Europaren batasunarekin beren problemak konponduko direla uste dutenak. Horientzat Europa benetako problemei ihes egiteko modu bat da.
Rikardo Arregi. Europa berriro, 1964

Anaitu beharra

by ,

Ez dakizu zenbaterainoko tristura damaidan euskaldunon artean ezin elkar konponduak. Martiri mardul narorik baditu jadanik aberriak edo euskal askatu beharrak, baina konbibentziak edo euskal anaitu beharrak? Oraindik ez, nik dakidanik. Bi milioi besterik ez gaituzu euskotarrok, eta oraindik, arerioei buruz, ez dugu sekula ikasi izan bat hartzen.
Salbatore Mitxelena. Unamuno ta Abendats, 1956

Francisco Franco

by ,

Paparrez papardoa dirudi eta litzateke; koipez eta lirdingaz, martsopa… Nolanahi ere behintzat, museo gela batean gordetzea merezi luke, bere ahoko amutik zintzilik, gorazarre hitzokin: “Gernika erre genuenok ez dugu aberria aipatzeko eskubiderik”.
Salbatore Mitxelena. Unamuno ta Abendats, 1956

Anarkistak gara…

by ,

Mark Legazek dioenez, anarkistak gara… Nire ustez, haatik, atzerritarrek dute anarkismo galgarri honen hazia gure baitan erein, Euskal Herri elkartu eta indartsu baten beldur zirelakotz.
Jon Mirande. Euskaldungoaren etsaiak, 1953

Aberri Oinpetuen Alkartza

by ,

Ene gardiz, Paris hau toki egokia genuke horrelako “Aberri Oinpetuen Alkartza” edo liga bat eraikitzeko, ugari baitaude hemen minoritate gutiz gehienetako semeak. Oraindanik, eusko abertzaleak harremanketan sartzera saiatu behar lirake horiek guztiekin, herri arteko batzaldiak antolatuz, bai eta, eginkor balitz, aldizkaritxo bat argitaratuz ere, herri arteko alkar laguntza berri horren adierazle litzakeenik.
Jon Mirande. Abertzaletasunaren inguruan, 1953

Galdu ditzagun artean

by ,

Baldin elkar hartzen bagendu guziok, nor bere sailari ditxekala, Frantzian ikaratuko gintuke franziar guziak, eta Espainian espainiar guziak. Non da ordea elkarte hori? Nagokan isilik. Nere min garratzena da, are ez dakuskula honetatik darraizkun kalteak eta gaitzak, eta, dirudienez, ezagutuko ere ez ditugula, ditugun on pixkak galdu ditzagun artean.
Manuel Larramendi. Corografía de Guipúzcoa, 1754

Guztien ikasle naiz

by ,

Zenbaitek politika zikina egiten dute euskeraren inguruan. Nere politikakoa ez bada, tirrit horri. Euskeraz idazten dan guzia, irakurri egin behar genuke. Nik ikasi egin dut Eusko Gaztediko ikasleengandik, bai eta karlistengandik, bai eta komunistengandik, bai eta herriarengandik. Guzien ikasle naiz, eta oraindik ikasteko nago.
Orixe. Paul Gurenaren eskutitzak, 1958

Pisurik gabeko ilaunak

by ,

Eskuindarrak, funtsean, ez du konfiantzarik bere ideian, ez baitu behin ere bere ideia aztertu eta buruz neurtu, eta ez besteena ere; ideia guziak, egia esateko, pixurik gabeko ilaunak baitzaizkio.
Txillardegi. Eskuindar eta ezkertar, 1965

Politikaren morala

by ,

Politikaren morala, moralik ez izatean zetzan eskuarki. Horregatik uste dut Gandhi izan dala denetan inportanteena. Gandhirekin prestutasun nahi bat agertzen da politikazko arazoetan: ez teorian eta hitzen mailan bakarrik, egintzetan eta jokabideetan baizik.
Txillardegi. Kristautasuna eta mundutar garaitzapena, 1965

Abendaren hatsa

by ,

Ez dedila beraz mintza gure baitan setakeria, ez hainbeste kalte dagigun politika sakabanatzailea. Mintza dadila Abendats, euskotar guziok barru-barruan daramagun eta bakoitza bakoizki tauparazten gaitun Abendats.
Salbatore Mitxelena. Unamuno ta Abendats, 1956