Category Archives: POESIA

Olerki on izateko

by ,

Hamaika olerki irakurtzen ditugu metrika eta bertso lege oro zehatz betetzen dituztenak, ondo landuak, orraztuak, koipetuak ere bai esku artean hainbeste erabiltzez, baina bide batez txepelak, ahulak, giharrik eta berotasunik gabeak. Zeren? Ez baitute olerki on izateko behar-beharrezkoa den bulko joritasuna, sentipena, nortasuna, irudimena…
Jon Etxaide. Amasei seme Euskalerriko, 1958

Gozatzen nintzen

by ,

Buruari neke gogorrik eman gabe, loari bere orduak emanda, eta zigor zaurigarriaren beldurrik ez nuela, jolasez bezela, irten nuen nere asmoarekin, Virgilioren hitzneurtu eta apainduetan gozatzen nintzala.
Bizenta Mogel. Irakurle euskaldunari, 1804

Sakon antza eta ezerez antza

by ,

Sakon antza daukan lelokeriak egitea ez da gauza gaitza. Zeruko hodeiak edo itsasoaren orroak gaitzat hartuz, berehala egingo geunkez ehun ahapaldidun olerkiak. Ezerez antza daukan gaia apainki erabiltzea dozu gaitzena.
Lauaxeta. Arrats bera-ri buruz, 1935

Etsaiak dira

by ,

Filologoak, eskola-gizonak, linguista, hizkuntzaren aztertzaileak, gramatikoak… Hoek, gizon jakintsu guzti hoek, hizkuntza biziaren eta eskritorearen etsaiak dira. Gure hegalak moztutzen dituzte. haien artazietatik ihes egin behar dugu, honela gure ibilaldia luzeagoa izan dadin.
Gabriel Aresti. Lizardi, poeta, 1964

Okerlariak

by ,

Askotan iruditzen zait Olerkaria izena txarki jarrita dagoala, eta Okerlaria izan behar lukeela. lasai dabiltza, bai, eta hori da inora ez heltzeko bidea. Proba da, hiruzpalau izen kenduta, gainerako guztiak berdin izango litzakeala ezer ere eskribidu ez balute, Euskal herriari ez baitiote (poetak bezala) adorerik ematen, eta munduko atentziora ezin presenta bailitezke.
Gabriel Aresti. Nire ofizinatik: basarri bertsolariari, 1963

Olioaz frijitu

by ,

Nik uste diat bertsoarekin hobetzen dela –formak ematen duen hobekuntzan– poesia, hala nola arroltze frijitu pare bat urdaiazpikoarekin hobetzen den. Baina dena, arroltzeak eta urdaiazpikoa, olioaz frijitu behar dituk, ez uraz, ez euskal gaizto baten ur zikinaz.
Gabriel Aresti. Joxe Azurmendiri eginiko gutuna, 1961

Hitza nirea da

by ,

Hitza nirea da. Ez didate eman. Ez nuen inoiz eskatu nahi, eta gure etsaiak beren diruak kontatzen zeundela, deskuido batean lapurtu egin nien. Orain hitza nirea da, eta ez dut ematen ez diru-truk ez ogi-truk, ez musu-truk.
Gabriel Aresti. Agustin Ibarrolaren pinturak inguratutako hitzak, 1966

Poeta eskolatuak

by ,

Poeta eskolatuak kontuan hartzen baditut nire bihotza tristuraz betetzen da, orain artean batepere ez duelako herriarentzat ezer eskribitu.
Gabriel Aresti. Lehengo eta oraingo euskal poesia herritarra, 1964

Mandatua

by ,

Niretzat, poeta da ideien asmatzalea, edo hobeki esanik, sentimentuen asmatzalea. Nondik eta norako mandatua. Zer eta zergatik. Eta batez ere, beste gainerako gauza guztien gainetik, zertarako. Zertako sendi eta zertako pentsa. Zertako maita eta zertako higuin. mandatua, mandatua eta mandatua. Poematika.
Gabriel Aresti. Poesia eta euskal poesia, 1960

Zentzuzko gizona olerkari

by ,

Nola diteke, esan zidan behin Kizkitzak, Lizardi bezelako zentzuzko gizona, olerkaria izatea? Horrexegatik bada, esan nion: idurimenaren eta bihotzaren jardunean zentzuz eta aukeraz jokatzen duelako.
Orixe. Lizardiren azken olerkiak, 1933

Gabetarikan

by ,

Poesia, funtsarikan gabetanikan, arte-belo estetikoen baratze zoragarri eta axolagabean eroritzen da. Formarikan gabetanikan, filosofia idor eta aspergarri bat bilakatzen da.
Gabriel Aresti. Poesia eta euskal poesia, 1960