Category Archives: EUSKALTASUNA

Bere buruari irriz

by ,

Aitzinekoez oroituko gireno, atxikiko dugu gure burua zerbeit, ez guhauren begietan bakarrik, bainan bertzeek ere goresten gituztela. Bere mintzaia, soina, erlisionea, bihotzeko ala izpirituzko azturak, bizimoldea, harat-hunatak, debalde uzten dituen gizaldea, bere buruari irriz hasten da, irriz ordu beretik abiatzen baitzaizko bertzeak; bere baitan federik ez ukanez laster galtzen ditu onerateko zituzkeen jaidurak; ttipituz, urtuz bezala doa; eta azkeenan, orotaz gabetua, bertzeen azpirat, betierekotz heien meneko erortzen da, ezdeusturik.
Jean Etxepare. Pesta-Berri, 1904

Ez da ziri makala

by ,

Aspaldidanik, larru mehezko jatorri agiria erakusten baino harrokiago, hor goazkizu esaten hitzez laburtxoak gerala, baina egitez, ordea? Egitez lukaika baino luzeagoak!… Hau ere ez da ziri makala.
Xabier Lizardi. Ez sari eta ez eskupeko, 1929

Gure eginmena

by ,

Gere euskotasuna, gere euskeltzaletasuna, eta ahal dakit nik zenbat ziri gehiago, ezpain artoberootan maiz darabilzkigu; baina, begira ez dezaion inork gure eginmenari dei egin.
Xabier Lizardi. Ez sari eta ez eskupeko, 1929

Baina kontuz!

by ,

Bai, euskeraren inguruan bil gaitezen euskaldun guztiok, eta modu honetan laster etorriko zaigu hodeirik eta ekaitzik gabeko egun guztiok deseo eta espero duguna. Baina kontuz! Euskaldunak izan baino lehen, gizonak izan behar dugu, eta gizonaren izena merezi ez duen gizona, hori, ahotik hagin ustel bat bezala, edokia, kendua, arrankatua, jaurtikia eta botea izanen da.
Gabriel Aresti. Agustin Ibarrolaren pinturak inguratutako hitzak, 1966

Nire buruaz lotsatu

by ,

Euskal Herriaren heriotzaren ezaugarri eta seinale argi eta garbi bat nintzen ni ume denboran. Eta egun batean, hamabi urte nituelarik, nire buruaz lotsatu nintzen, euskaldun motz bat nintzela konturatu nintzen eta nire buruaz egin nintzen lotsatu.
Gabriel Aresti. Lehengo eta oraingo euskal poesia herritarra, 1964

Inork ez nau

by ,

Nire aberriari diodan amodioa handiegia da, eta inork ez nau nire obligaziotik aldaraziko, nahiz eta nirekin injustiziarik handiena egin dezaten ez naiz inon, inoiz, inola nire lekutik apartatuko.
Gabriel Aresti. Euskal literatura batuaren oinarriak, 1963

Etengabeko galdera

by ,

Gure izaera guztiak –ekonomikoak, gizartearekikoak, kulturarenak– zalantzatan jarririk daude. Horregatik, gure poesia, gure literatura, gure pintura etab. etengabeko galdera bat izango dira: Zer da euskaldun izatea? Zergatik euskaldun iraun?
Rikardo Arregi. Euskal kultura, 1966

Barka guri

by ,

Antzinako azteka, inka, guarani, txarru dohakabe haietxena, indio zirala-eta beste gabe erremata ohi zituzten haietxena, izan behar du nonbait gure jokabideak eta arrengak: bizirik edo erdi-bizirik uzten gaituztenen esku “zabala” munkatu, munkatu eta mihaztatu zakurkiro, eta eskerronez jarraitu gere biziko otoitzean atertzeke: “barka guri euskaldun izana”.
Salbatore Mitxelena. Unamuno ta Abendats, 1956

Ez zuk eta ez nik

by ,

Hontan edo hartan zurekintxe ez pentsatzeak barru-barruko euskaltasuna ukatzen ez dula behingoz jakinarazteko, jakinarazi eta, beharrik, ondo gogoan josiarazi; bestela neu ere, zurekin integrismu hortan bat ez natorrenez gero, ez bainintzateke bilakatuko euskaldun. Euskaltasun Osoa, ez zuk eta ez nik, baizik guziok osatzen duguna dalako, guziok baldinbaite, nor gere egia eta on apuñoz.
Salbatore Mitxelena. Unamuno ta Abendats, 1956