Apirila, 2007

paradigma

Gaur egungo paradigma nobelak idazten dituen gizonezko gipuzkoarrarena da eta ni emakumezkoa, arabarra eta nobelarik ez baizik eta ipuinak. Eta azken bolada honetan emakumezko idazle batzuk atera dira. Nire ustez hori pozgarria da, azken finean kolore gehiago, ugaritasun hori emango diolako euskal literaturari. Baina ez emakumeak garelako, baizik eta orain arte gizon asko egon direlako eta badelako garaia beste gauza batzuk egon daitezen. (Katixa Agirre. El País, 2007-04-30)

ohar adosgarrizkoa. Ikus Hiztegi honetan bertan poetaren desioa sarrera (2007-03-03)

jende horrek

Hor ez dut ikusten arazorik. Epai baten eskuan jartzen duzun heinean zure lana bere erabakiarekin ados ez egoteko arriskua duzu. Ez dut uste esku beltzen bat dagoenik. Ez dut esan nahi hobetu behar ez duenik. Arau hausteak izan badira neurriak hartu beharko dira, baina okerrak ez dira zuzentzen gertatu eta bi urtera. Momentuan zuzendu behar da eta han zeudenen iritzia jaso behar da. Euskadi Sariaren inguruko auzia umekeria da. Magnifikatu gabe, Euskadi Sariak badu bere tokia eta ni ziur nago, ez balego halako saririk, jende horrek salatu egingo lukeela bere falta. (Inazio Mujika Iraola, Zein iritzi duzu Euskadi Saria dela eta sortu den eztabaidaz? galderari erantzunez. Galtzaundi, 2007-04-13)

merkatuaren faktura

Ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen, inguruko literatura gehienetan antzeman daitekeen ezaugarria da. Gazte merkatu zabal bat dago, eta hor moda, musika eta gainontzekoak topa ditzakegu. Literaturak ere leku bat aurkitu du bertan, eta saldu egiten da. Asko ala gutxi, baina saldu egiten da, eta idazle franko haur eta gazte literaturara hurbildu dira, atzean merkatu zabal bat dagoelako, eta milioi euro asko fakturatzen direlako. Ez dut esan nahi zilegi ez denik. Haur eta gazte literaturak sortu duen interesa hori baldin bada, errealistak izan gaitezen. (Mariasun Landa. Gara, 2007-04-14)

literatura minimalista

Niri amorru apur bat ematen didana duintasun minimorik gabe liburuak argitaratzea da. Helduen literaturan kalitate ezarengatik argitaratuko ez liratekeen lanak haur eta gazte literatura bezala kaleratzea. (Mariasun Landa. Gara, 2007-04-14)

Literatur liburugintza azken 5 urtean

(2002-2006)

Literatur sorkuntzari lotutako liburugintzaz gutxi dakigu, datuei dagokienez. Joan Mari Torrealdaik urtero argitaratzen du Jakin aldizkarian Euskal Liburugintzari buruzko datutegia, baina geure xedeari jarraituta, nekez har litezke datu horiek erreferentziatzat. Helduen literaturaren multzoan zenbatzen ditu berrargitalpenak, eta hori liburugintzaren industriarako adierazgarria izan arren, literatur sorkuntza aztertzeko orduan bigarren edo hirugarren mailako datua iruditzen zaigu. Eta multzo berean ditu itzulpen liburuak ere.

Helburua literatur produkzioa aztertzea denean, alor bakoitza bere aldetik aztertu behar delakoan gaude.

Torrealdaik argitaratu ohi duen liburuen zerrenda osoan ageri ez denez zein titulu sailkatu duen zein generotan, zaila da hark egindako sailkapenetan eta konklusioetan berrantolaketarik edo berprozesatzerik egitea.

Horregatik, beste bat izan da erabili dugun iturria: Juan Luis Zabalak 1998tik hona urtero landu eta argitaratu ohi dituen zerrendak (Olerti Etxearen Euskal Liburuak liburuxkak eta Egan aldizkariaren “Euskal literatur sokuntza” artikuluak). Zabalak egindako zerrenda horietatik, lau atal bakarrik hartu ditugu aintzat: Eleberria, Ipuina, Poesia eta Antzerkia. Bazter utzi dira:

  • Haur eta gazte literatura. Aparteko azterketa merezi du, eta beste batean helduko diogu.
  • Saiakera. Bazter uzte hau izan dugu erabakitzen zailena. Arazo handia zaigu saiakera izendapenaren barruan ia edozer sartzen ahal dela: hiztegiak, elkarrizketak, testigantzak, hitzaldiak, testu akademikoak, euskalkiei buruzko azterketak, zientzia dibulgazioa… 180tik gora zerrendatu zituen Zabalak 2006ko erroldan. Azkenean, horiek ere bazter uztea erabaki dugu, nahiz eta badakigun tartean hainbat literatur liburu kontabilizatu gabe geldituko dela. Saiakera esaten zaion horretan zer den literatura eta zer ez, eztabaidarako gaia da, eta heldu beharko diogu noizbait.
  • Beste sail batzuk ere kanpoan gelditu dira: aldizkariak, testu zaharrak, edizio kritikoak, bertso liburuak, antologiak, e.a.

Literaturaren ikuspegirik zurrunena erabili dugu, beraz, ondoko datuetan: sorkuntzazko literatur genero klasikoak. Ikuspegi horrek mugak dituela, noski, baina bere horretan aski ondorio esanguratsuak ateratzeko bidea dela uste dugu. Iritsiko da irizpideok doitzeko garaia. (Konparazione, Joan Mari Torrealdaik 2006an 247 titulu kontabilizatu zituen “Helduen literatura” atalean. Guk, aldiz, 74. Desberdintasuna bistan dago).

Bost urteko epea hartu dugu, 2002tik 2006ra, literatur edizioaren eboluzioa eta joera batzuk aztertzeko.

1. Generoak

Bost urte honetan denera argitaratutako literatur liburuen kopurua 376koa da. Ikus dezagun lehenik generoaren araberako sailkapena:

Eleberriak hartzen du herena. Eta Eleberria eta Ipuina batuta, narratibako liburuen nagusitasuna ia %60ra iristen da.

Baina esan ohi dena baino Poesia gehiago argitaratu dela ere ohartu gara, Ipuina baino apur bat gehiago.

Antzerkia da argitalpen gutxien izaten duena. Edonola, bost urteotan 41 liburu argitaratuta, ez ote dauka oihartzun eskasa literatur zirkuituetan eta hedabideetan?

Generoak urtez urte

Urtez urteko eboluzioan Eleberria da erregularrena.

Poesiak gorabeherak ageri ditu. 2002an eta 2004an nagusi izan zen, Eleberriaren eta Ipuinaren gainetik, baina azken bi urteetan beheranzko joera ageri du.

Ipuinak ere gorabeherak ditu, baina goranzko joera. 2005ean Eleberriaren gainetik izan zen. %39’44 hartu zuen, beste generoek ehunekotan bost urte honetan erdietsi ez duten maila.

Poesia Ipuinaren gainetik bazen 2002-2003-2004 urteetan, alderantziz 2005-2006 urteetan.

Antzerkia da behera egin duena, 2002an %15’85 izatetik 2006an %5’41 izatera.

2002an izan genuen titulu berri gehien: 82.

Geroztik 80tik beheiti urtero, baina 70ra jaitsi gabe.

Urtero 75 titulu berri argitaratu dira batez beste.

2. Gizonezkoak/Emakumezkoak

Handiak dira sexuen arteko aldeak 2002-2006 urteetan. Ia 70 puntukoa da tartea.

Urtez urteko eboluzioari erreparatuz gero,

ohartu gara emakumezkoek idatzitako liburu berrien ugaritzea oso nabarmena izan ez den arren, proportzionalki goranzkoa duela joera urtetik urtera, etenik gabe.

Bost urtean bikoiztu eta gehiago egin da ehunekoen proportzioa, %7’32tik %16’22ra.

2002an sexuen arteko aldea ia 82 puntukoa zen, eta 2006an aldea 59 puntukoa da.

3. Argitaletxeak

Azken bost urteetan, 2002-2006

Azken bi urteetan, 2005-2006

Argitaletxeka eta generoka, 2002-2006

kritikariaren gustua

Kritikariari bere gustu partikularra ematea baino gehiago eskatzen diot; osterantzean errazegia eta erosoegia izango litzateke bere lana. (…) Kritikariaren irizpidea bere gustu partikularra baldin bada, zertarako argudioz beteta idatzi dituen kritika sorta horiek guztiak? (Beñat Sarasola. Eremulauak.com, 2007-04-13)

Kritika Sariak azken 25 urtean

euskarazko poesia eta narratiba liburuei

OHARRA: 2007ko poesia saria: Rimmel, Koldo Izagirre;
idazleak uko egin dio sariari

(gehiago…)

irakurle frantsesak

Nola eutsiko diogu editorial bati 500 irakurlerekin? Non ezkutatu dira orain gutxi arte genituen 1.500-2.000 irakurle haiek? (Christian Bourgois, editore frantsesa. Le Monde des Livres, 2007-04-05)

rol

Ehun eta hogei antzezlan idatzi ditu Larzabalek. Bakoitzean 20 rol daude. Hau da, orotara, 2.400 pertsonaia. Hemen egin den manifestaldi handiena hartzen duzu eta hor duzu Larzabalen testuetarik pasatu den jende kopuruaren masa. Eta zenbat ikusle? Kontuan hartuz, gainera, batzuk hamar edo hogei aldiz emanak izan direla… Izugarria da horren indarra. (Antton Luku. Berria, 2007-04-05)

itzal baldintzatzailea

Antzerkiari buruz mintzo garelarik, zerbait eskas da diskurtsoan. Eztabaidetan eta beste, gure gainean alimaleko itzal bat ikusten dut. Larzabalen itzala. Publikoaren jujamendua baldintzatzen du haren antzerkiak. Oraingo Iparraldeko idazle guztiak baldintzatzen ditu. Haren alde edo kontra idazten dugu. (Antton Luku. Berria, 2007-04-05)

gehiegi

Sariek oraindik ez dute tokia aurkitu. Ez diegu aurkitu. Ez dakigu zertarako behar ditugun, zertarako nahi ditugun. Ez dakigu onuragarriak diren, ala kaltegarriak. Ez dakigu zein diren, nork erabakitzen dituen, ez dakigu nola funtzionatzen duten. Eta, bat-batean, hori guztia mahai gainean jarri nahi izan dutenak, horiek hain zuzen ere, saritu egin dituzte. Noiz eta Euskadi sarietan hautagai ez direla izango erabaki duten urtean. Noiz eta sarien inguruko sistemez esandakoa gehiegikeria, furrustada eta ahoberokeria izan dela leporatu dietenean. Non eta protesta ezin egin duten gunean, ez baitira aurkeztu, ez baitituzte ezer jasotzeko deituko. Espainiako Kritika sarian. (Alberto Barandiaran, Zoriondu ala ez. Berria, 2007-04-04)

Euskadi sarietatik sexuen rolera

(eta rolen banaketara)

Euskadi Sarietan 184 epai-aulki egon dira 1997-2006 aroan, 46 aulki sail bakoitzeko (Ikus Euskadi Sarien historiala). Sexuaren arabera, honela bete dira aulkiak:

Baina 184 aulki horietan 124 pertsona jarri dira, epaile batzuk behin baino gehiagotan hurbildu direlako urteroko lau mahaietara (Ikus Mahaiko aulkiak).

Sexuaren arabera, honela banatu dira epaileak:

Esan liteke, beraz, epaileen sexuaren araberako proportzio berean bete direla aulkiak, oreka egon dela batez beste maiztasunean edo leku metaketan, emakumezkoetan zein gizonezkoetan.

(gehiago…)

Irlandarraren argazkia
eta mahaiko zamaua

Koldo Izagirre

Hilabeteak daramatzat gaztelaniazko mesa y mantel ezagunaren baliokide ondrau baten bila, eta egundaino bururatu zaizkidanek, egia esan, ez naute bete. Zin egina nion neure buruari ez nintzela orain kontatuko dudana idazten hasiko ea/ae eta m/m joko eufonikoen bestekoa neure hizkuntzan asmatu arte. Ez dut lortu, baina orain, sarien sarean harrapatua nagoenez, kontatzeko beharrak gain hartu dio minkurinkeria estilistikoari, eta horra:

“Koldo Izagirrek, saria hartuta, alde egin zuen, gainerako gomitatuekin egin zen afarira geratu nahi izan barik”.

(gehiago…)

Kritika sariak Euskadi sarien aurka?

Jon Alonsoren Erretzaileen eremua eta Koldo Izagirreren Rimmel liburuek Espainiako Kritikaren Saria irabazi dute. Bi liburuok –eta beste batzuk– ez dira izango aurtengo udazkenean banatuko diren Euskadi sarietan. Aspaldi euskal literaturan izan den eztabaida sutsuenaren erdi-erdian, eztabaida hori hasi dutenak protagonista Espainiako sarietan. Ipuinlariak, gezurtiak, ezker abertzaleko beso luzearen falangeak, sarituak. Adar jotzea, probokazioa, sari-tranpa? (Koldo Aldabe, kazetaria. Berria, 2007-04-01)

kanona

Kanona imitatu beharreko eredua zen. Eta esanahi horrexekin ibili dugu arteen munduan, sormenaren alorrean, eta literaturara jauzi ere egin zuen, jarraitu beharreko ereduak utzi eta irakurri behar diren liburuen zerrenda izatera jauzi eginez. Horrek, noski, bere ifrentzua du benetan inportantea: irakurri ezin diren liburuak. Gure gizartea ezagututa deformazioa espero izatekoa da: liburu eta idazle kanonikoak ekarri ditu kontu honek. Kanonikoak, garai batean kanonari jarraitzen ziotelako, eta, gaur egun, esango nuke, kanonizatu egin dituztelako. Sistemak (sistema literarioa) definitzen du, hedabide, argitaletxe, sari eta kritikarien bitartez, zein diren idazle kanonikoak, liburu kanonikoak. Bide luze honetan, jakina, kanona, imitatu beharreko eredua, alor estetikotik egitura-alorrera eraman dugu. Harold Bloomek esandakoa irakurri beharra dago, ur handitan ari bagara, edo Jon Kortazar eta Mari Jose Olaziregik esaten dutena, gure putzuan bainatuz gero. (Mikel Elorza, Artikulu ez kanonikoa. Berria, 2007-04-01)

truke laburrean

Urtetako presioaren ostean, liburutegiko maileguetarako kanona ordaintzea onartu dute. Bost axola kanona irakurleen gain ez ezartzea eta gobernuak ordaintzea kanon hori, ondorioa okerragoa da: liburutegien eroste-ahalmenak egingo du beherantz. Diru hori Cedro erakundeak jasoko du, eta bere baitako kideen artean banatu, egile-eskubide gisa. Ondorioz, euskal idazle gehienontzat, baita Euskal Idazle Elkartearentzat ere, diru gehiago egongo ei da epe laburrean; trukean, irakurleek zer hautatu gutxiago izango dute liburutegietan. Espainiar idazle batzuek uko egin diote kanon horren diruari, eta beste batzuek proposamena egin dute: liburu gutxiago erosiko bada, kanona kobratzen dutenenengandik has dadila mozketa. (Urtzi Urrutikoetxea, Kanona. Berria, 2007-04-01)

lobby

Ezagutzen dut Cedroren izaeraren eta jokabidearen aurrean alde egin edo inoiz kide izan ez den hainbat lagun. Beste askok kontraesan hori daroagu, egile-eskubideak egon eta bermatu behar direla sinetsita, baina erakunde horren bide eta ekintzetatik oso urrun. Diruagatik, garbi esanda. Ez arrotza delako bakarrik, antzeko gauza euskaldunik ere ez nuke nahiko. Batzuek Europa ekialdeko estatu sozialistetako sistema kritikatzen zuten, estatuko funtzionari bihurtzen zituelako sortzaileak. Nahiago bai, estatuak berak egile-eskubideok zaindu eta diruok jaso eta banatzea, zertan dabilen kontu gutxi ematen duten lobby ilunetatik urrun. (Urtzi Urrutikoetxea, Kanona. Berria, 2007-04-01)