Ez-fikziozko prosa azken 5 urtean

2002-2006

Azken 5 urteko literatur liburugintzaz arduratu ginenean, sorkuntzazko lau atal baino ez genituen aztertu: eleberria, ipuina, poesia eta antzerkia.

Gure literaturan ez-fikziozko prosak arreta gutxi izaten duela badirudi ere, ekoizpena kuantitatiboki eta kualitatiboki motza ez denez, ez-fikziozko prosa zenbakitan aztertzen saiatuko gara, jakinik hala ere generoen arteko muga lausoa dela eta fikzioaren eta ez-fikzioaren artean bereiztea ez dela beti erraza.

Juan Luis Zabalak 1998tik urtero argitaratu dituen zerrendak (Olerti Etxearen Euskal Liburuak liburuxkak eta Egan aldizkariaren “Euskal literatur sokuntza” artikuluak) baliatu eta Saiakera, kazetaritza eta beste atala honela sailkatu dugu:

  1. saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa,
  2. biografiak eta autobiografiak,
  3. artikulu eta hitzaldi bildumak,
  4. kronikak,
  5. bidaia liburuak,
  6. elkarrizketak eta erreportaiak,
  7. egunkariak eta dietarioak.

Kanpoan utzi ditugu: bibliografiak, hiztegiak, gidaliburuak eta eskuliburuak, argazki eta pintura liburuak, txiste bildumak, eta kantu eta bertso liburuak. Eta Zabalaren zerrenden irizpideari jarraiki, ez ditugu kontuan hartu itzulpenak eta berredizioak ere.

Hiru genero multzo bakarrean

Hiru genero ezberdin baitira saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa, lehendabiziko multzoarekin sortu zaizkigu zalantza handienak.

A priori, saiakerek eta prosa akademikoak ekarpen berriak egin ohi dituzte, eta dibulgazio liburuak originalak ez diren ideiak eta jakintzak azaltzeaz arduratzen dira. Liburuz liburuko analisia egiten hasi garenean, nahiz eta zenbait libururen izaera argia den, ohartu gara nekez egin litekeela azpi-multzo taxuzkorik.

Arazoa antzekoa da saiakeraren eta prosa akademikoaren arteko bereizketa egiten ahalegintzean.

Saiakerak baliatzen ditu deskribapen, narrazio edo lirika pasarteak, baita ere mota anitzeko aitortzak azalpen soilaren alboan. Iturri ugarietatik edaten dute, gainera, saiakerek; ez zaizkie arrotz literatura, filosofia, historia, artea, giza zientziak oro har, matematika, teknika, natura eta abar. Denei deitzen zaie saiakera, nahiz bakoitzak trebezia eta ezagutza mota eta maila ezberdinak eskatzen dizkioten irakurleari.

Prosa akademikoa bestelakoa da. Teorikoki behintzat, prosa akademikoaren analisietan metodo zorrotzagoa erabiltzen da. Parametro akademikoetan ordura arte aztergaiari buruz idatzi den literatura aztertu eta harekiko esplizituki elkarrizketan eraikitzen da diskurtsoa; hau da, prosa akademikoaren arloko testu bakoitzak eremu horretan idatzi den literaturaren corpus-a esplizituki hartzen du kontuan eta agerian uzten du harekiko adostasuna edo desadostasuna, eta ekarpen berriak egiten ditu.

Pentsamendua aurkezteko bi estrategia ezberdin dira, beraz, saiakera eta prosa akademikoa. Baina teoriatik liburuz liburuko analisiaren praktikara jotzean, ohartu gara erdibidean daudela hainbat liburu, eta nekez justifika daitekeela alde bateranzko nahiz besteranzko sailkapena; sarritan, testuen artean graduzko ezberdintasun arinak besterik ez baitaude, eten kualitatibo argirik gabeak.

Horrexegatik osatu dugu multzo bakarra hiru genero hauekin: saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa.

Zenbakitan

2002-2006 urte arteko epean, orotara 648 liburu argitaratu ziren ez-fikziozko prosaren eremuan. Gehienak, 446 liburu hain zuzen, ez-fikziozko prosa liburuen ia hamarretik zazpi (%68,83) saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa multzokoak izan ziren. Ondoren, biografia eta autobiografia sailekoak dira kuantitatiboki garrantzitsuenak (94 liburu, %14,51).

Ez-fikziozko prosak 2002tik 2006ra izan duen bilakaera aztertuz gero, urtetik urtera genero honetako gero eta liburu gehiago argitaratu izan dira: 2002an 103, 2006an 163.

Multzo gehienetako kopuruak bere horretan mantendu badira ere, nabarmen handitu da saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa saila (2002an 66 liburu izatetik 2005ean 103 eta 2006an 104 izatera) eta baita ere biografiak eta autobiografiak saila (2002an 7 liburu izatetik 2006an 38 izatera).

Eleberri, poesia, ipuin eta antzerkiarekin alderatuz gero, ez-fikziozko prosaren ekoizpena handiagoa da kuantitatiboki azken 5 urtean. Ekoizpen osoaren %63,28 dira ez-fikziozko liburuak.

Eleberria, poesia, ipuina eta antzerkia alderatzen baditugu saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa multzoarekin bakarrik:

Gizonezkoak/Emakumezkoak

Gizonezkoak dira ez-fikziozko prosaren arloan argitaratzen diren hamar liburutatik seiren (%60,34) egileak. Emakumezkoak, aldiz, hamar liburutik baten (%9,72) egileak dira. Gainerako liburuek (%29,94) egile bat baino gehiago dute eta askoren artean eginak bezala zenbatu ditugu.

Ez-fikziozko prosaren baitan dauden multzoen artean ezberdintasun nabarmenak daude batetik bestera:

Bidaia liburu ia guztien egileak gizonezkoak dira (%91,67) eta biografia eta autobiografia liburuen hiru laurdenetan (%74,47).

Gizonezkoen kopuru txikiena artikulu eta hitzaldi bildumetan (%36,96) eta kronika liburuetan (%52,38) dago; baina beti ere kontuan hartu behar da ehuneko horiei ehun arte iristeko falta zaiena ez dutela emakumezkoek osatzen, zeren gizonezkoek bakarka sinatzen ez dituzten ez-fikziozko liburuetan gehiengoa askoren artean idatzitako liburuak baitira, eta egile bat baino gehiago duten liburu horien egileen artean gizonezkoak gehiengoa dira.

Egileen sexuen araberako urtez urteko garapen kuantitatiboan oinarriturik, esan genezake, nahiz eta unean uneko gora-beherak badiren, 2002 eta 2006 urteen artean ez-fikziozko prosaren arloan sexuen arteko desoreka ia bere horretan mantentzen dela.

Argitaletxeak

Argitaletxeen araberako datuei erreparatzen badiegu, esan genezake ekoizpena oso banatua dagoela.

Ekoizpenaren zati handiena erakunde pribatuei eta kultur eta bestelako taldeei (%22,07) eta erakunde publikoei (%21,60) dagokie.

Gainerakoen artean kuantitatiboki garrantzitsuenak Udako Euskal Unibertsitatea (36 liburu), Alberdania (34 liburu), Gaiak (34 liburu), Elkar (33 liburu), Pamiela (31 liburu), Utriusque Vasconiae (26 liburu), Hiria (21 liburu) eta Txalaparta (19 liburu) dira.

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.