ITSASOA ONTZIAN

Gwadloupeyen doubout kont pwofitasyon !

Koldo Izagirre

Laster eginen du hilabete.

Frantzian baino %80 garestiago daukate gurina Guadalupen.

Alabaina, Frantziatikako garraio gastuak %15 besterik ez dira.

Gaur, otsailak 17, hogeita zazpi egun ditu Guadalupe uharteko herriak greban. Herriak, bai, orokorra baita lanuztea, sasieskola, bertan beherakoa. Ezinbestean orokorra, herria osatzen duten klase “faborebakotuek” ezin dutenez bizimodua atera.

GWADLOUPEYEN DOUBOUT KONT PWOFITASYON !

Horixe da Guadalupe egun, kontsumo kolonia bat, saltegi handiek irabazitarte larregiz eta estatuak eta udalek desmasiako zergez profitazionea egiteko antolatua.

Soldata apalenak 200 euroz handitzea.

Erregaiak 50 xentimoz beheititzea.

Uraren eta garraioen prezioa apaltzea.

Hedabideek isiltasun estalki handi bat ezarri diote, oro har, uharteko 49 erakundek deituriko inoiz ez bezalako greba honi. Orain, kolera sozialak Martinika eta Reunion uharteak ere kutsatu ditueneon, altxatu egin behar izan dute zertxobait: hondo hartan bada zer edo zer irakiten. Eta krisi orotarako adituek beren lanari ekin diote iritzi publikoa lantzen, “arriskuak” hasi dira aipatzen, “arrazakeria” zantzuak omen daude, lehertu egin litekeen “tentsioa”… Zeharbideko mehatxuak dira, inondik ere, eta ez errealitatearen isla.

Noizbait, “Libre zara, ni bezalakoa zara, eskubide berdinak dauzkagu” esan zioten esklaboari.

Baina ezker-eskuin behatu eta lurrik ez zeukala ikusi zuen, lurra besterena zela, zuriena, lurjabe ere baziren gizajabeak. Antilletako herriaren nortasuna, esklabo haien ondokoek dute osatzen. Ezker-eskuin behatu eta…

Frantziako administrazioak Antilletan dituen lanpostu gehienak, eta garrantzi samarreko guztiak, metropoliko zuriek dauzkate harrapatuak. Kontratazio bulegoek europar jatorrak hartzen dituzte, eta funtzionario gazteak bozkariotan doaz DOM-TOM lurraldeetako palmondopera (itsasoaz haraindiko departamendu eta territorioetara), Frantzian lanpostu berean kobratuko luketena baino %40 gehiago dutenez hilero, gehi %30ko kenketa zergetan, urruntasunaren prima (alta, Antillarrak ez luke urruntasun primarik Frantzian). Horrela, ur eta elektrikadun etxea, lau-laukoa eta yatetxoa daukan gutiengoari ezin dio deus esan txaboletako beltzak, zurien aurkako arrazakeria eginen lukeelako.

Arrazakerian adituak ere, hain zuzen, zuriak izaten dira.

GWADLOUPEYEN DOUBOUT KONT PWOFITASYON !

Betiko berri-emaile bereziak, bestalde, hasiak dira berezitasunak erakusten. Urtarrilaren 24an manifestaldi latza egin zuten guadalupetarrek Pointe-à-Pitre-n, baina 25.000 pertsonek ez zutela Guadalupe osoa ordezkatzen aipatu zioten grebako eleduna den Elie Demota-ri elkarrizketa batean, alegia, uharteak 400.000 biztanle dituela, eta…

(Eledunari “liderra” esaten diote kazetariek. Irakurleak heroiak behar ditu, ez du axola gaiztoak baldin badira ere,. Eta denok dakigu, zer duda egin, baten batek manipulatzen duela beltz samalda hori, herrilaje hori ez dela gai, ez du axola greba 49 erakundek deitu badute ere, mesias bati belaunikatzen zaio).

Ez genuen ikusi ahal izan, baina irriñoren bat eginen zuen noski Elie Domotak:

“Maite ditut zenbakiak. Zergatik ez duzu egiten ratioa Frantziarekiko? Badakizu zenbat jendek manifestatu behar lukeen Parisen, gurea adinako errepresentatibitatea edukitzeko 64 milioi biztanleren gain?”.

Frantziak nahiago du, antza, egoera usteltzen utzi. Berez ahulduko zaizkie indarrak, edo bortizkerian jausiko dira. Orduan… Bai, badu esperientziarik Frantziak garbiketa lanetan: 70 guadalupetar atxilotu, 100 zauritu eta 87 kalitu zituen, etxegintzako beharginen grebak aldatua zuen ordenaren ezartzeko, 1964an. Ongi barneratua dute horren memoria guadalupetarrek. Memoria izua bihur dakien ari da Frantzia, bere adituekin, bere kazetariekin, bere jendarmeekin…

Patrick Chamoiseau idazleak, iragan astean, France Inter-eko La-bàs si je suis programan: “Ezinbestekoa da Guadaluperen eta Frantziaren arteko harremanak berrikustea”.

Eta Elie Domotak: “Hau ez da greba politikoa, hau miseriaren greba da”.

* * *

Guadalupek, Martinikak… kirolari bikainak eman dizkiote Frantziari, atletismoan bereziki. Idazleak ere bai. Frantziari ote, ordea? Bai eta ez. Antilletako idazlea amerikarra da lehenik, eta, horrenbestez, kriolloa, kreola. Gaztelaniak ez bezala, frantsesak beste garapen bat hartu zuen esklaboen ahoan, kreolera sortuz. Eta esklaboen biloba idazleek hautuaren gaitz hori bizi dute, frantsesaren aukera mundurako (Europarako), eta kreolerarena bertako eta unibertsal izateko. Biziki lan interesgarriak idatzi dituzte horretaz Raphael Confiant-ek, Patrick Chamoiseauk eta Edouard Glissant-ek identitate antillar moderno baten peskizan… frantsesez oro har, kreolerazko lan literarioen ondoan. Eta hori asko da, euskaldunoi guti irudituko bazaigu ere, Negritudearen aita hil berriak bere obra ederra frantses hutsean egin zuela kontuan hartzen baldin badugu. Tropiques ere, funtsezko aldizkari hark, ikuspegi antropologikoan behatzen zion antillarrari, 1978an bilduma osoari egin zioten edizioan Rene Menil-ek berak aitortzen duen bezala atarikoan.

Prix Goncourt-en eta herri iletratuaren hizkuntza zoragarri anabastuaren artean, beraz, idazle antillar frantsesak.

Isiltasunetik negritudera, negritudetik errealismora, errealismotik erreal liluragarrira… bide egin du Antilletako literaturak. Arrisku handian edonola ere, nik irakurri ditudanetan behintzat axalago edo sakonago gehienetan atzematen baitut antillartasun behartu bat, folkloretik gertu, kreoltasun topikoa, Brazilen Jorge Amadok luzaz landu zuenaren antzekotsu, Alejo Carpentier-ek ¡Ecue-Yamba-O!-n mustu eta berehala arbuiatu zuen hura bera.

Laket izan edo hastio, Confiant, Zobel, Chamoiseau, Glissant, Depestre eta besteren literatura irakurri duena nekez harrituko da egunotan Antilla frantsesetan gertatzen ari denaz: folklorea dukete, menturaz, txaboletan bizi den herriaren kultura eta kontzientzia azaltzeko bide bakarra, edo herri pobretuak folklorea duke penak uxatzeko bidea, baina egile horien orrialdeak irakurriz neke gabe sumatzen dugu “baldintza objektiboak” hantxe zeudela, hizkera iazkotu samarra erabiltzearren, aldian behin greba egiteko.

Miseriak amorrua ere sortzen du.

* * *

Dany Laferrière antillarra dugu, baina nahiz eta frantsesez idazten duen, ez da frantsesa. Haitin jaio zen, Jacques Roumain eta Stephan-Alexis moduko idazle handiak eman dituen munduko herririk pobretuenean. Haitiarra dugu, baina idazle unibertsala izan nahi luke, “idazlea”, besterik gabe. Pertsona dela aldarrikatzeko modua du, pertsona, eta ez “beltza”. Aspertuta utzi nuen Je suis un écrivain japonais, bere azken nobela, baina helburua lortu zuela aitortu beharra daukat: luze samar komentatu zuen Canadian Literature (A quarterly of Criticism and Review) guneak… Québec-en bizi zelarik argitaratu zuenez, eta protagonistak ere hantxe bizi zirenez.

“Ni idazlea nauk, ez idazle galegoa”.

Donostian esan zidan, Akuariumean, petrolio isurketa garratz hura, txapapotearen hondamena salatzeko Nunca máis antolamendukoei laguntzearren Euskadi Irratiak egin kanpainan bildutako txekea hartzera etorri zenean. Diru puska polita zen. Lagun galego baten eskariz joana ni. Aurkeztu egin nahi zidan, ninduen.

Bai, denok ere nahiago dugu idazle izan, eta ez “euskal idazle”, are gutiago “escritor vasco”.

“Guri ez digute uzten”, esan nion.

Ez digutela ez izaten uzten. Québec-en idatzitakoa Canadian den arau berberaz gara gu “iberikoak”, urdaiazpikoaren maila ematen ez badugu ere.

“Aldiro, euskaltasuna aldarrikatzera behartzen gaituzte”.

Idazle unibertsala izan nahi zuen, ez galegoa, galegoz idatzirik. Ez zuen bere burua galegismora edo zeltismora morroitu nahi.

Literaturaren duintasuna aldarrikatu zuen, idazle galegoa ez zelako hartan. Dany Laferrière sortzez haitiarra idazlez japoniarra izan nahi lukeen arrazoi berdinagatik.

Zernahitarako behar banuen deitzeko edo bidaltzeko emailen bat, artikuluak argitaratzeko bidea eginen zidan. Horrelaxe galegoa zen idazle ez-galegoak, El País egunkariko bisita-txartela ematen zidala.

“Ez nekien plantillan zegoenik”.

“Galegoz idazteari utziko ziok halakoren batean, unibertsaltasunaren bila”, erantzun zidan lagunak, dezepzionatuta.

“Auskalo” erantzun nion, urteak zeramatzan ordurako ogibidea gaztelaniaz baina literatura galegoz egiten.

Eta neure buruari Euskal Herrian halako txeke polita jaso ahal izanen ote zuen Nunca máis erakundeak galegotasunik gabe.

* * *

Idazle antillar baten obra euskaratzea bururatu zitzaidan aspaldi barik. Itzulpengintzan eta itzuliaren argitalgintzan gehien dakienari, Xabier Olarrari, komentatu nion asmoa. Ekin zion eskubideak erostearen lan amorragarriari, ekin zion Europako laguntzetarako papergintzari…

Interesgarria, zinez.

Europako Batasunak nagitasun handia dauka europarrak ez diren idazleen lanak itzultzen laguntzeko. Antillarrak frantsesak dira, Frantziako hauteskundeetan bozkatzen dute. Baina amerikarrak dira, ez europarrak, frantsesak izanagatik. Haien lana itzultzea ez litzateke inter-europartasuna sustatzea. Ezta frantsesez idazten badute ere. Ezta, bertakokeria ororen gaindi, mundutartasun berri bati buruzko saio filosofikoak idazten badituzte ere (Eduard Glissant-en Traité du Tout-Monde, esaterako). Horrelako argudioak, ez argiro baina.

Interesgarria zinez, antillarren literatura ez baina banana ekoizpena Europako Batasunaren diruarekin sustatzen dela dakigunean, Europan kontsumitzeko.

“Monolaborantzan lagunduko diagu, mundutar izan nahian ez”.

Xabier Olarraren pazientzia eta zuhurtzia ezagututa, ez nintzateke harrituko halako batean Europako Batsunak europarrak ez diren frantsesak, literaturan behintzat, europartzat hartzea. Horrelako erabaki baten etsai gogorrenak, jakina, Frantzia handiaren ideologoak lituzke, azken finean Antilletako frantsesaren idazleak Kamerun, Senegal, Mali, Togo eta bazter zokotu guztietako frantsesaren idazleak ez baitituzte frantsesaren idazletzat, beste maila batekotzat baizik: ils son les grandes voix de la francophonie…

Ea lehenbailehen ekiten diodan itzulpen horri.

GWADLOUPEYEN DOUBOUT KONT PWOFITASYON !

Itzultzailearen nekeak,
editorearen ardurak
eta sarizale handiaren lanak

Koldo Izagirre

Iaz Ulenspiegelen Elezaharra itzuli nuen, lan luzea berez, hizkera mailako zalantzak zirela kausa are luzeagoa gertatu zitzaidana. Ez dut uste aurkezpenetan eskertu nuenik EIZIEk eta Elkar-Alberdaniak nire motelarekin eduki zuten pazientzia. Bego hementxe aitortua, beraz, haienganako zorra.

Ederra da patxadaz itzuli ahal izatea, abantaila horixe daukagu euskaldunok: merkatuak ez dauka presarik, ez gaitu itokarrean jartzen…

Jatorrizkoa ustez ongi ulertua eta barneratua daukadanean, inguruko hizkuntzetan nola eman duten hartzen dut beti kontuan, zailtasunak nola erraztu dituzten ikusteko, arrotzak egiten zaizkidan terminoak zehazteko…

Gaztelaniazko eta italierazko Ulenspiegelak eduki nituen mahai gainean.

(gehiago…)

Beste Ivan Denisovitx batzuen egunak

Gorka Arrese

Bihar ehortziko dute Alexandr Soljenitsin.

Presaka bizi garenez, eta presondegiko kontuez aspertuta, ez dizkiot inori gomendatuko Gulag artxipielagoa edo Minbizidunen Eritegia mardulak, gomendatuko diot laburra: Egun bat Ivan Denisovitxen bizitzan. Joan deneko hogei urte honetan eskuraezina izan den liburu hauxe erakustegi guztietan edukiko duzue laster (horrelakoak gara editoreak).

Bihar Alexandr Soljenitsin ehortziko dute, gaur Marina Petrella libre uzteko eskatuko dio Frantziako Justizia Ministerioari fiskaltzak.

Ez abokatuak, fiskaltzak baizik.

Hiltzeko arriskuan dago. Marinak berak esana du ez dutela Italiara bizirik eramango.

Bi idazleren artean Marina Petrella: honi zer egiten ote dioten adi Cesare Battisti.

(gehiago…)

Gutun ageria idazle israeldar bati

Koldo Izagirre

Amos Oz miretsia:

Zure literatura miretsiko ez banu ere, idazle miresgarria izanen zinateke niretako, Europalde honetan Irak inbaditu aurretiko “Gerrari ez” pankarta haiek eskegiak zeuzkaten balkoietara behatu eta futbol talde baten banderolak ikusirik gerraondoko Irak espoliatu hau baitatorkit gogora…

“Ez naiz ohiko bakezale europarra, gaitzik handiena gerra dela uste duten horietakoa. Nire hiztegian gerra izugarria da, baina gaitzik handiena erasoa da”.

Kuraia behar da israeldarra izanda horrelakoak adierazteko Israelen, gatazkaroko literatura zintzoaren adibide bikaina ematen diguzu.

(gehiago…)

Liburua, objektu sofistikatu hori

Aritz Galarraga

Jeff Bezos jaunak, Amazon.com liburu denda birtualaren sortzaileak, nahikoa argi du liburu tradizionala desagertuko dena: “egun gutxi geratzen zaizkie paperezko orriei, etorkizuna liburu digitalean dago”. Ez dut lerrootatik kontrakorik esango, badaezpada. Kontuan hartu behar dugu, hala ere, adierazpenok iazko urte amaieran egin zituela Bezosek, Amazon etxeak merkaturatu zuen Kindle liburu irakurgailu elektronikoaren aurkezpen egunean.

Bezosen hitzak egia badira, ordea, zergatik ez du dagoeneko liburu elektronikoak liburu tradizionala ordezkatu? Zergatik, oraindik orain eta bata bestearen atzean, merkatutik desagertu egin da liburu elektroniko oro? Zergatik jarraitzen dugu liburu tradizionala, hots, inprimatua, paperezkoa, koadernatua erosten?

(gehiago…)

Myles Joyceren bigarren urkamena

Oier Guillan

Ez dira hilabete asko pasa Irlandan egon nintzenetik. Dublinen lagun baten etxean ostatu hartu eta Belfastera ere joan ginen, ezinbestean, turismo politikoa egiteko xedea ezin ukaturik. Sinn Feinen dendan pegatina parea erosi, Bobby Sandsen poesia liburua, Picassoren Guernica jasotzen duen muralaren aurrean argazkia atera, Fidel eta Brigada Internazionalisten parean… Eta etxera gustura. Edo.

Zertan ari naizen nire burges ezkertiar mixeriak aireratzen, galdetuko du baten batek, arrazoi osoz. Zaude, ez baita turismo politikoarena kontraesan bakarra, ez eta xamurrena ere.

Turismo politikoari literatur turismoa gehitu diezaiokezu egun, kasik edonon. Pessoa Lisboan eta Lorca Granadan, “Rayuela”ko ibilbideak Parisen eta “Ulysses”ekoak Dublinen. Eta Samuel Beckett, eta Bernard Shaw, eta W.B. Yeats, eta Oscar Wilde… postalak, posterrak, kale kantoietako estatuak, kale kantoietako izendegiak. Urrun dago Where the streets have no name hura, apika. Haien liburuak irakurtzeko balioko balu bederen!

(gehiago…)

Beti dago aitzakiaren bat

Gorka Arrese

Ez dut uste Euskadi Sari erabat duina eta erabat aintzat hartua izateko aukera ere galdutzat eman behar dugunik. Gure literaturak Nazio Saria behar du. Denontzat agurgarria eta onargarria.

Fito Rodriguez

Eskuinekoak zein ezkerrekoak, kritikoak zein akritikoak, gure literaturaren patuaz arduratzen diren guztiak ez baina ez gutxi bat etorri dira azken urteon letren sari nazionala behar dugulako aldarrian.

Euskal Herria zatitzen duen EAEko estatus hau gainditu behar dela diotenek ere sari nazionala behar dugula argudiatzen dute, eta sari hori Euskadi Saria da, antza. Euskadik Euskal Herria ordezkatzea ez da horren larria beraz literaturaren kontu honetan. Badakigu kulturan, politikan ez bezala, posible izaten dela adostasun bat. Horren alde egiten du EAEko gobernuak bere eskumenean edukitzea euskara, eta euskara ofiziala izatea Euskadi osoan, Nafarroan ez bezala, Iparraldea ez aipatzearren. Nafarrak saritu izan dira, espainiarrak ez diren nafarrak barne. Euskal Herri mailako Euskadi bat daukagu beraz, bat behintzat bai.

(gehiago…)

Le train express Durkheim-Castejón

Koldo Izagirre

“Los apuntes o las descripciones de los personajes los hice con naturalidad en euskara, y están en mi ordenador, pero sentía que la historia tenía que contarla en castellano, aunque, como en la calle, hay personajes que se expresan en euskara. Quizá no sea más que el reflejo de esta sociedad erdaldun, en la que casi toda nuestra vida la hacemos en castellano, aunque le pongamos palabras en euskara”.

Xabier Silveira

“Nahiz eta euskaltzale sentitu eta euskara ikasi nahi izan, mundu hura erdaraz bizi izan nuen eta mundu hau birsortzeko erdara behar nuen”.

Mariasun Landa

Editoriala zer da, bitartekari komertziala?

Ez du erantzukizunik egileak egiten duenaz?

Hitz egiten ote du editoreak idazlearekin?

Idazlea bakarrik da editorialak argitaratzen duenaren erantzule?

Zer suposatzen du Durangoko Feriak euskal letren erdalduntzean?

Zergatik publikatzen ote da euskaraz —itzulita— euskal idazleak erdaraz idatzi duen liburua, erdarazkoarekin batera? Euskarazko bertsioa badagoela-eta, erdarazkoa libreago bizi dadin, alegia, euskaldunok kontzientzia bortxatu gabe erosi ahal izan dezagun? Itzulpenak estali dezan jatorrizkoak utzi lezakeen zuloa, euskal idazlea gure erdal munduan ezezaguna denez?

A las ocho en el Bule eta Fiesta en la habitación de al lado liburuen publikazioak sortu dizkidan harridurak dira, gogoetara iristen ez diren galdera inozo samarrak seguru aski. Benetako harridurak hala ere, euskal liburugintzaren ehunekoño bat baino ez baitut ezagutzen, ezagutzen dudan editorial bakarra sorkuntzazko euskal literatura bakarrik publikatzen duen editorial bakarra denez.

Harridurak, ohikoa izaten da, susmoa dakar:

Ez ote da gertatzen ari, zenbait libelogilek uste zutenaz oso bestera, errazagoa dela publikatzea gaztelaniaz, euskaraz baino?

Ez ote da gertatzen ari euskaraz publikatzeak lanketa eskatzen diola idazleari?

Ez ote da rolen aldaketa gertatu?

Ez ote da erdaraz errazago publikasaltzen euskal gaia, euskaraz baino?

Ez ote da inoiz baino regionalagoa, hemen gaztelaniaz idazten dena?

(gehiago…)

Irakurtzea, edo ez

Jon Alonso

Literatura berezkoa da

Literatura berezkoa delakoa inoiz baino garbiago ikusten da inor aita edo ama denean. Hiru urtetik aurrera edo, hor nonbait, umeen literaturaren eskaera (ahozko literaturarena, bistan da) aseezina da.

Denborarekin, literatura idatziak, ala zineak, ala telebistak… asetuko du fikzioaren behar edo eskaera hori.

Ez dut aztertuko zerk beteko duen hobekien eskaera hori, ez eta zer egin beharko litzatekeen literatura idatzia gailen dadin lehia horretan. Beharra, eskaera berezkoa dela azpimarratu nahi dut.

Berezkoa da, jan nahi izatea bezain berezkoa, ia.

(gehiago…)

Maiatz, 25 urte

Itxaro Borda

Iragan maiatzaren 19an Baionan ospatu genituen iparraldeko literaturaren laborategia den aldizkariaren 25. urtemuga. Handizki apailatu genuen eguna, lekukotasunak hiriko elkarteen etxeko gelan luzatu mahaira bata bestearen atzetik zetozela, bakoitzak bere anekdota, bihotz min eta gertakariak aipatzen zituela. Luzien Etxezaharretak, gaurkoan aldizkariaz axolatzen denak, are gehiago erretreta hartua duenean, master of ceremony moduan obratzen zuen, gainerakoei pasatutako denboraz gogoetatzeko astia baimenduz.

(gehiago…)

Idazlearen aurpegia
albiste (edo ez-albiste)

Lander Garro

Idazleen argazkiek, idazlea obratik aldentzeko ez ezik, idazlea bera ofiziotik aldentzeko balio dute gaur egun. Berdin gertatzen da futbolariekin, aizkolariekin, artisauekin edota zinema zuzendariekin, alegia, «pertsonaia publiko» guztiekin.

Lehen ez bezala (erretratista onak zeudenean), orain argazkilaria batetik bestera dabilen fotomatoi erraria da. Argazkiak ateratzen ditu, eguneko hainbeste (gaur gutxiago, bihar gehiago), eta hainbesteko horietan lana ahalik eta txukunen egitea da bere asmoa.

(gehiago…)

(Idazle) erdaldunaren malura

Gorka Arrese

Zer den euskal literatura… alegia, zer den literatura vasca.

Atzo goizeko kontua hauxe, gerora ezagutuko nituen autonomia ondoko eztabaida haiek ekartzen dizkit akordura, baita frankismo garaiko beste hura ere, zer da euskaldun izatea edo, zehazkiago, nor da euskalduna (oraindik ez genuen lurraldearen araberako euskal herritarra terminoa sortu, larri zebiltzan euskaldunak orduan, orduan ere gaia ez baitzen nor zen euskalduna, qué es ser vasco baizik). Kontu zaharrak, aspergarriak agian, baina interesgarriak oso: indar-koerlazio baten (edo gehiagoren) isla dira, eta gu nola ikusten gaituzten edo ikusi nahi ez gaituzten adierazi ohi dute sarritan. Gu, euskaldunok, euskal idazleok (eta bidenabar euskaraz (bakarrik) argitaratzen dugun editoreok).

(gehiago…)

Aurpegia ematea

Koldo Izagirre

Lehen idatzi egin behar izaten genuen.

Gero idatzi eta hitz egin behar izan genuen.

Orain idatzi eta hitz egin ez ezik fotogenikoak izan behar dugu.

Irriño sarkastiko hauxe ez dago gaizki…. O, zeinen zatar kokospeko plegu hori, garai bateko apeza ematen du! Zenbat dituela esan duzu? Ez da posible, ilea tintatzen du horrek! Honek bai Brecht-en betaurrekoekin, honek zer edo zer ematen du. Ukabila maisailean, behakoa sakon itxurako… limurtu egin nahi ote gaitu beste hark?

Izan liteke arbuioz, izan liteke afinidadez, izan liteke liluraz, “zer edo zer” adierazten dion argazkia hautatuko du irakurleak. Argazkian hautagai bihurtzen gara idazleok: alderdi banako ageri gara, lehian, elkarren aurka geundekeen bozka-biltzaile samalda. Aurpegia emate publiko batean, baliteke.

(gehiago…)

“Egileek egile-eskubideak
jasoko dituzte
liburutegietako maileguen truke”

Oier Guillan

Ekainaren 14an jarri zen martxan Ley de la Lectura, del Libro y de las Bibliotecas delako lege berria Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta CEDROk zabaldu duen informazioaren arabera berak izango du, idazle bazkideen artean behintzat, lege hori kudeatzeko ardura (Liburutegietako maileguen inguruko kanona da lege honen ondorio nagusietako bat, ez bakarra ordea).

Informazioaren titulua irakurri eta segituan baztertzeko zorian izan nintzen, hainbatetan egin izan dudan bezala horrelako berrien aurrean, hain suertatzen baitzaizkit arrotzak, atzemanezinak, tankera honetako datuak eta albisteak.

(gehiago…)

Ez nago seguru
euskal SGAE bat nahi dudan

Joseba Tapia

Badirudi azken bolada honetan idazleok kezkatuta zaudetela CEDRO bezalako erakundeez, egunkarietan irakurri izan dut horrelakorik eta Bazkan bertan ere jasoa daukazue gogoeta-gai bezala, Hiztegia atalean. Horregatik, idazlea ez banaiz ere antzeko pentsamendutan nabilenez, barruan dabilkidana botatzea pentsatu dut. Ez dakit gogoetarako balioko dizuen, baina kantariok gutxitan azaltzen ditugu geure laneko kontuak eta, besterik ez bada, egoera baten erakusgarri izan liteke.

(gehiago…)

Behi euskaldun baten azterketak

Xabi Borda

Nik, ikasle malapartatuak, mila eta bat azterketa egingo nituen dagoeneko. Hala ere, ezin ohitu, ezin joan etsaminatzera ogia erostera irteten naizen xalotasun berarekin. Nola ba!

Beti pentsatu izan dut, rockeroen taularatzearekin konparatu daitekeela azterketa egitera sartu aurreko unea. Baina, jakina, grazia gutxiagorekin. Musikari lagunek kontatzen didatenean kamerinoan azken momentuan barruak irakiten izaten dituztela, azterketa gelaren kanpoan zain nola egoten naizen akordatzen naiz: gutxi gorabehera behi bat hiltegiko ate aurrean bezala.

(gehiago…)

Irlandarraren argazkia
eta mahaiko zamaua

Koldo Izagirre

Hilabeteak daramatzat gaztelaniazko mesa y mantel ezagunaren baliokide ondrau baten bila, eta egundaino bururatu zaizkidanek, egia esan, ez naute bete. Zin egina nion neure buruari ez nintzela orain kontatuko dudana idazten hasiko ea/ae eta m/m joko eufonikoen bestekoa neure hizkuntzan asmatu arte. Ez dut lortu, baina orain, sarien sarean harrapatua nagoenez, kontatzeko beharrak gain hartu dio minkurinkeria estilistikoari, eta horra:

“Koldo Izagirrek, saria hartuta, alde egin zuen, gainerako gomitatuekin egin zen afarira geratu nahi izan barik”.

(gehiago…)

Idazlearen gorrotoa

Koldo Izagirre

Cesare Battisti:

Hegoaldetik Milanora etorria, lantegiko behargina, Barona auzoan sorturiko Komunismorako Armaturiko Proletarioak taldeko militantea (1977-1979), atxilotua, presondegitik ihes egina 1981ean, Frantzian babestua, Mexicora alde egina, Italian ausentzian epaitua tribunal militarrean (ezker muturrekoentzako justizia berezia) “damutuen legepean”, alegia, askatasuna salaketa truke irabazten duenaren lekukotzan oinarrituta, bizi osorako kondenatua epaile instruktoreak egin ez zituela onartu behar izan duen hilketa biren aitzakian, Frantziara itzulia eta Frantziak Italiari extradizioa ukatua, Mitterrand lehendakariak babesaren hitza publikoki emana, 2004an Frantziak berak atxilotua, libre utzia ostera iritzi publikoaren eraginez, ihes egina Frantziatik gobernuak extraditagarri izendatu orduko, Brasilen atxilotua aurten, martxoaren 18an, Frantziako Poliziaren kolaborazioarekin, Parisen Sarkozy hautagai eskuindarra dela Barne Ministroa, Battistiren atxiloketak ez baitie onik eginen sozialistei, hortxe galdera maltzurra: zer, terrorista bat babestu behar duzue… Mitterrandek bezala?

(gehiago…)

Idazlearen herritartasuna

Gorka Arrese

Martxoaren 9an azaldu zen prentsan herritartasuna eman diola Frantziak Jonathan Littell idazleari.

Jonathan Littell New Yorken jaio zen 1967an. XIX. mendearen hondarrean Poloniatik AEBetara joandakoen ondorengoa da.

Idazlea da bere aita ere, Robert Littell: espioi nobelen (CIA, KGB eta abar) idazlea, Newsweek aldizkariko kazetaria izandakoa, Shimon Peres-ekin batera For de Future of Israel liburuaren egilea. Robert Littell Frantzian bizi da.

(gehiago…)

Off the record

Edorta Jimenez

Alegia, ez argitaratzekoa. Halaxe ulertu nuen nik neuk hitz egiten niola El Pais-eko Xabier Argüello kazetariari, ez argitaratzeko erregutuz, eman nizkion iritzietan. Esan niona honakoa izan zen.

Lehenik, “Utikan Euskadi Sariak” agiriaren eleduna izan nintzela Donostian, bakar batek irakurri behar zuela erabaki zelako. Horrez gero ez dago inork sinatzaileak ordezkatzerik. Ez nik nuek, ez beste ezeinek.

Bigarrenik, Eusko Jaurlaritzak, Azkarate eledunaren bidez esandakoetan, ez diola Agirian azaldutako mamiari erantzun.

Hirugarrenik, hor nonbait ‘boikot’ hitza ikusi dudala, eta Agirian ez dela hitz hori inon ageri; beraz, hitz hori ez dela gurea.

Azkenik, bereziki azpimarratu niona izan zen “Euskal Literatura patrimonializaturik dagoela”, eta horixe litzatekeela nik hedabide horretan agertzea nahi nukeen nire iritzia.

(gehiago…)

Peoi bat tablero zuri-beltzean

Xabi Borda

Lautik pilotari kolpe eman eta hor atera genuen sakea. Gero, pilota frontisetik nola irtengo geratu ginen begira: zer hots aterako larruak hormaren kontra jotzean, nolako altuera irabaziko, txokora zenbat baztertuko. Horra gure kezka, sake gaiztoa ateratzea lortuko ote dugu ala salduta geratuko gara erresto errazeko batekin.

Halere, jaso ditugun erantzunen eta heldu zaizkigun erreakzioen arabera, kirolez deskuidatu ote naizen susmoa dut. Frontoi baten beharrean, ez ote gauden xake taula baten gainean.

(gehiago…)

Pro domo

Joseba Tobar-Arbulu

Zer egiten du ni bezalako batek zerrenda ospetsu horretan? Ez dakit ba. Baina aspaldiko lagun batek deitu egin zidan Utikan manifestua edo agiria sinatzeko. Eta beti boterearen aurka egongo naizenez, Jon Alonsoren ‘kronika’ berezia irakurrita, sinatu nuen, pozik gainera.

Ez naiz itzultzaile. Poeta ere ez. Nobelagile ere ez. Nire bizitza osoan ipuin bat besterik ez dut idatzi. Joan den urtean argitaratu zuten bi leku desberdinetan. (Uste dut horrekin erabat bukatu dela nire ibilbide literarioa.)

(gehiago…)

Iritzia epai

Jose Luis Otamendi

Utikan Euskadi Sariak manifestuaren sinatzaile naizen aldetik, nire iritzi batzuk argi uzten saiatu nahi dut. Susmo sendoak dauzkat zenbait urtetan sari horien atzean izan dela literaturaz gain beste zenbait gauza saritzeko asmoa, edo bestera esanda, badela literaturaz landako alderdi batzuk ez saritzeko joera. Eta derrigorra ez den arren, behin baino gehiagotan, batak besteari egingo zion dei, elkarren oihartzuna osatuz joera biek doinu bakarrean, sariek berezko duten bidegabeari beste bat zitalagoa erantsiz bide batez. Uste dut, saritu eta txalotu nahi ez direnen artean jarrera estetikoak eta postura ideologiko jakinak daudela. Hala dela uste dudalako diot.

(gehiago…)

Hautsi baten parte

Oier Guillan

Nik ez dut “Utikan” manifestua sinatu egia osoaren jabe naizelako.

Nik “Utikan” manifestua sinatu dut, lehenik eta behin, Jon Alonsori elkartasuna adierazi nahi diodalako, Alonsok hartutako erabakiari ausarta eta zentzuzkoa irizten diodalako. Ze beharra du pertsona batek bere bizitza horrela konplikatzeko, ez bada bere koherentzia propioa jokoan sentitu duelako? Horixe galdetu nion neure buruari eta nahikoa izan nuen galdera bera, Alonso pertsonalki ezezaguna izanagatik ere, hari babesa emateko.

(gehiago…)