Pro domo

Joseba Tobar-Arbulu

Zer egiten du ni bezalako batek zerrenda ospetsu horretan? Ez dakit ba. Baina aspaldiko lagun batek deitu egin zidan Utikan manifestua edo agiria sinatzeko. Eta beti boterearen aurka egongo naizenez, Jon Alonsoren ‘kronika’ berezia irakurrita, sinatu nuen, pozik gainera.

Ez naiz itzultzaile. Poeta ere ez. Nobelagile ere ez. Nire bizitza osoan ipuin bat besterik ez dut idatzi. Joan den urtean argitaratu zuten bi leku desberdinetan. (Uste dut horrekin erabat bukatu dela nire ibilbide literarioa.)

Baina idatzi, edo Arestirekin batera esatearren, izkiribatu, hori luze egin dut. Honela banatzen bide dira eskritoreak munduan zehar: fikziozkoak eta ez-fikziozkoak. Horrela baldin bada, bigarren multzoan egongo nintzateke. Hor kokatuko ninduke baten batek.

Nire helburu bakarra jakitea izan da, aspalditik gainera. Ez dut espero beste saririk, jakitea besterik ez. Egia esan, jakin nahiak eraman nau arlo batetik bestera, autore batzuengandik beste batzuengana: hala natur zientzian (fisikan batez ere, eta mekanika kuantikoa konkretuki) nola gizarte zientzian (ekonomian bereziki, makroekonomian hain zuzen ere). Jakingura izan dut bidaide. Jakin-min ase gabea. Horrek mantendu nau zutik eta bizirik eremu latz honetan. Tartean, batek esan zuen antzera, irakasle izan naiz denbora librean.

Baina fikziozko literatura dela-eta, azken kronikak irakurrita eta ikusita, nire barneko zerbait asaldatu da eta euskal literaturaz aspalditik pentsatuta neukana argi agertu zait, argiago ezin. Datuak hor daude.

Kantak dioenez, euskaldunak ez gara zaldunak, ezta aberatsak ere. Baina, batzuk behintzat jakingurakoak gara, jakin minakoak, eta beti herri xehearen aldekoak. Herri xehea bai, baina jakin minez beterikoa. Eta horrela, nire ibilbide laburrean hamaika idolo eta sasi-jainkotxo lurperatuta ikusi dut. Neure aldetik, zabor intelektuala salatu dut, edozein lekutan egon delarik. Aldiz, benetako jakituriaren aurrean men egin dut, eta egingo dut beti. Ez daukat inolako dudarik. Inteligentzia da daukagun altxorrik preziatuena, egiazko jakitunen aurrean gure apaltasuna aurkezteko, eta zabor intelektualen aitzinean gure harrotasun intelektuala tinko eta irmoki azalarazteko.

Hortaz, sasi guztien gainetik, usteldura dagoen lekuetatik ihes egin behar dela aldarrikatuz, hainbat saritan dagoena ikusita eta irakurrita, Utikan agiria sinatu nuen. Mila aldiz sinatuko nuke, beste sinatzaileek onartuko balute haien artean nire sinadura kokatzea.

Mila esker, beraz, zuei Utikan sinatzaileoi.

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.