Hautsi baten parte

Oier Guillan

Nik ez dut “Utikan” manifestua sinatu egia osoaren jabe naizelako.

Nik “Utikan” manifestua sinatu dut, lehenik eta behin, Jon Alonsori elkartasuna adierazi nahi diodalako, Alonsok hartutako erabakiari ausarta eta zentzuzkoa irizten diodalako. Ze beharra du pertsona batek bere bizitza horrela konplikatzeko, ez bada bere koherentzia propioa jokoan sentitu duelako? Horixe galdetu nion neure buruari eta nahikoa izan nuen galdera bera, Alonso pertsonalki ezezaguna izanagatik ere, hari babesa emateko.

Nik ez dut manifestua sinatu gorrotozko grina suntsitzaile bati erantzunez.

Nik maitasun keinu baten moduan ulertu dut manifestua sinatzeko beharra. Maite dudan literaturak, maite dudan kulturak duintasun osoa merezi duelakoan eskaini dut nire izena.

Nik ez dut Euskadi Sarien kontrako jarrera publizitatea lortu nahian agertu.

Nik autokritikaren aldeko aldarria egin gura dut. Komunikabideen titular eta argazkietatik haratago egun gardena, zintzoa edo kritikoa izateko beharra balio urria dirudielako.

Nik ez dut lehen 29 horien artean izena eman Alonsok esandakoak harridura sortu didalako.

Zintzoa izan nadin: harridurarik ez dit batere sortu, aspalditik hor egon den itzal bati muga eta perfil zehatzak baino ez baitizkio zehaztu Alonsok. Nik urte hauetan Euskadi Sariak banatzeko zereginean fede onez lan egin dutenei eta idazleei berauei begirunea zor zaielako sinatu dut manifestua, sari batek duen berezko injustizia aintzat hartuta ere, literaturaren arloan haren mesedetan sortzen den urrats oro sendoa izatea nahi dudalako sinatu dut manifestua.

Eta azkenik, nik ez dut “Utikan” manifestua idatzi hemerotekako azpititular fosilizatu baten parte izateko.

Nik aberasgarria eta are funtsezkoa deritzodan gogoeta bati hasiera emateko sinatu dut “Utikan” manifestua. Eta horregatik idazten ditut, halaber, aldizkari honetako lerro hauek: aldarrikapenak jarraipen bat izan dezan, ez dadin gelditu egun bateko edo biko eztabaidan harrapatuta, salaketa ez dadin izoztu… manifestua abiapuntu bat izan dadin, eta ez helburu bat soilik. Interesa izanez gero jendeak izan dezan, izan dezagun, gogoetan sakontzeko bidea.

Eta baten batek galdetuko du, zilegitasun osoz galdetu ere, nor den “nik” hitza lerro hauetan hain gogotsu erabiltzen duen hori. Bada, Jon Alonsok aipatutako baraxan balio gutxien duen karta nahi baduzue, zenbakirik apalena nahi baduzue. Literaturarentzat, hitzarentzat berarentzat duintasuna aldarrikatzen duen partidan, baraxa hautsi baten parte izateaz harro dagoen kartarik xumeena. Nahi baduzue.

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.