Uztaila, 2007

Aurpegia ematea

Koldo Izagirre

Lehen idatzi egin behar izaten genuen.

Gero idatzi eta hitz egin behar izan genuen.

Orain idatzi eta hitz egin ez ezik fotogenikoak izan behar dugu.

IrriƱo sarkastiko hauxe ez dago gaizki…. O, zeinen zatar kokospeko plegu hori, garai bateko apeza ematen du! Zenbat dituela esan duzu? Ez da posible, ilea tintatzen du horrek! Honek bai Brecht-en betaurrekoekin, honek zer edo zer ematen du. Ukabila maisailean, behakoa sakon itxurako… limurtu egin nahi ote gaitu beste hark?

Izan liteke arbuioz, izan liteke afinidadez, izan liteke liluraz, “zer edo zer” adierazten dion argazkia hautatuko du irakurleak. Argazkian hautagai bihurtzen gara idazleok: alderdi banako ageri gara, lehian, elkarren aurka geundekeen bozka-biltzaile samalda. Aurpegia emate publiko batean, baliteke.

[segi irakurtzen…]

bost axola (2)

Niri sudurrean ematen dit, ordea, bost axola diola euskal literaturak euskal gizarteari. Literatura nazional bat behar ez dugunetik, oro unibertsaldu zaigunetik, malda beherak pikoagoa dirudi. Lehen, mailatxo batean bederen, militantismoak eusten zion aberriak ezinbesteko zituen gauzei, literatura tarteko. Idazleok, baina, ez dugu militanterik nahi, maitaleak baino. Eta, maitale mailara iritsi gabe ere, irakurle xume-zoli-zale batekin konformatzen gara. Ez dago irakurlerik, ordea. (…) Gureak alde guztietatik jo du goia. Eta beherantza dator dena: irakurle-kopurua, salmentak, kalitatea, gizartean daukan presentzia, idazlearen ilusioa… (Karlos Linazasoro. Gure literaturaz, El Diario Vasco, 2007-07-14)

bost axola (1)

Ez zait bereziki interesatzen euskal idazleak maite nahi gaituzten irakurleak topatzea: nik nahi dudana da irakurtzen gaituzten irakurleak (eta, ahal dela, nire lanak irakurriko dituztenak); bost axola maite gaituzten ala ez. (Iban Zaldua. Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko, Volgako Batelariak, 2007-07-12)

makina-erraminta

Oraindik ere gure gobernu autonomikoentzako askoz ere inportanteagoa da makina-erreminta (adibidez), literatura baino. (Iban Zaldua. Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko, Volgako Batelariak, 2007-07-12)

“Egileek egile-eskubideak
jasoko dituzte
liburutegietako maileguen truke”

Oier Guillan

Ekainaren 14an jarri zen martxan Ley de la Lectura, del Libro y de las Bibliotecas delako lege berria Espainiako Diputatuen Kongresuan, eta CEDROk zabaldu duen informazioaren arabera berak izango du, idazle bazkideen artean behintzat, lege hori kudeatzeko ardura (Liburutegietako maileguen inguruko kanona da lege honen ondorio nagusietako bat, ez bakarra ordea).

Informazioaren titulua irakurri eta segituan baztertzeko zorian izan nintzen, hainbatetan egin izan dudan bezala horrelako berrien aurrean, hain suertatzen baitzaizkit arrotzak, atzemanezinak, tankera honetako datuak eta albisteak.

[segi irakurtzen…]

aldarrika

Egin ditzagun gauzak ondo, bai, baina has gaitezen ze onak eta ze miragarriak garen gehixeago aldarrikatzen. (Katixa Agirre. Photoshop apur bat, Nabarra, 2007ko uztaila)

idazle onaren ospea

Aitortu behar dut barrutik sutan jartzen nauela idazleen indar mediatikoa faktore estraliterarioei gero eta lotuago ikusteak. Kontu jakina da idazle onaren ospea bereganatzeko askoz ere eraginkorragoa dela gaur egun hedabideetan ahalik eta maizen agertzea —zenbat eta gazte, eder eta dotoreago hobe— liburu onak idaztea baino. (Juan Luis Zabala. Irakurleari hitza eta indarra, Nabarra, 2007ko uztaila)

ausardia urria

Apustu estetiko zein literarioetan, edizioetan, ausardia urria sumatzen dut bai idazleongan bai argitaletxeetan; bertan goxo eginda gaudela iruditzen zait. (Patxi Zubizarreta. Tantak, olatuak eta uholdeak, Nabarra, 2007ko uztaila)

negartien saldoa

Gaur egun krisi hotsak omen dira, entzun dudanez. Eta barkatu berriz ere agure askojakinaren pose nardagarria hartzen badut, baina barregura etortzen zait krisiaz hitz egiten entzuten dudan aldiro. Arrantza egon liteke krisian, urteetan itsasoko bizidun guztiak ustiatu eta ahitu ondoren; hemengo industria astuna ibili zen krisi latzean, urte oparoak bizi izan eta gero. Baina euskal kulturak noiz izan du, ba, oparoaldia? Noiz izan zen nik ezagutu ez dudan Urrezko Aro hori? (Xabier Mendiguren Elizegi. Negartien saldoa, Nabarra, 2007ko uztaila)

eraginkortasuna

Halaxe joan dira berton sorturiko dendak eurak ere euskarazko liburuak Euskal gaia / Tema vasco atalera baztertuz. Eraginkortasunaren izenean. FNAC eta MCCkoetan zelan, halaxe besteetako batzuetan. Bilbon behintzat, denda gehienetan. (Edorta Jimenez. Denda berria zabaldu dute, Nabarra, 2007ko uztaila)

ohar orobatekoa. Ikus liburu-denden politika sarrera (2007-09-18) Hiztegi honetan bertan.