Idazlearen herritartasuna

Gorka Arrese

Martxoaren 9an azaldu zen prentsan herritartasuna eman diola Frantziak Jonathan Littell idazleari.

Jonathan Littell New Yorken jaio zen 1967an. XIX. mendearen hondarrean Poloniatik AEBetara joandakoen ondorengoa da.

Idazlea da bere aita ere, Robert Littell: espioi nobelen (CIA, KGB eta abar) idazlea, Newsweek aldizkariko kazetaria izandakoa, Shimon Peres-ekin batera For de Future of Israel liburuaren egilea. Robert Littell Frantzian bizi da.

Jonathan Littell hiru urte zituela iritsi zen Frantziara gurasoekin. Baxoa Frantzian egin ondoren literatura frantseseko ikasketak burutu zituen Yalen. Europara jo zuen ostera, eta badira urte batzuk, hamabost, idazle klasiko eta moderno frantsesen ingelesera itzultzeak eta bere lan propioen idazteak uzten zizkioten tarteetan gosearen aurkako Comité d’Action contre la Faim delakoan hasi zela lanean, 2001 arte: Bosnia, Txetxenia, Kongo, Afganistan… Urteotan guztietan, prentsa, telebista eta oro har hedabideetatik eta promogintzatik urrun bizi izan da.

Hala ere, Les Bienveillantes nobela argitaratu zuenetik ahotan ibili da, “urteko ezustea” izan zen 2006an, Akademiaren Saria jaso zuen eta horregatik jakin du irakurlegoak, Le Figaro kontalari, bitan zitzaiola ukatu herritartasun frantsesa 2006an bertan, otsailean lehenik, maiatzean bigarrenik.

Eman dituen elkarrizketa apur eta laburretan, estatubatuar frantsestuak esan du askotan eduki dituela zailtasunak bere lan humanitarioa egiteko, pasaportea izan omen da traba, ez ondo ikusia yankia nonbait munduan barrena. Horregatik ziola galdegina herritartasuna Parisi, frantses hizkuntzari dion maitasunaz gain bazeukala arrazoi praktiko bat alegia. Estatu frantsesaren erantzuna guztiz teknikoa izan zen bietan: kulturaz frantsesa ere bazara eta lan handia egin izan duzu erakunde frantses batean, baina emaztea eta seme biak belgiarrak dituzu, Bartzelonan bizi zara, hara bideratzen dituzu diru-sarrerak, Frantzian lur puska bat baino ez daukazu…

Baina Akademiaren saria ez ezik, Goncourt saria ere jaso zuen udazkenean Les Bienveillantes horrek. Administrazioa urduritu egin zen, batez ere jakin zenean Jonathan Littell herritartasuna Belgikari eskatzekotan zela. Larri ibili dute Bartzelonako kontsula 2006-2007 negu honetan.

Noizbait frantsestu dute egilea.

Horretarako, Herritartasun Kodearen 21-21 artikulua erabili du administrazioak: “Herritartasun frantsesa eman liteke naturalizatzez, Atzerri Ministroaren proposamenez, bere lanaren merituz Frantziaren distirari –rayonnement de la France– eta Frantziaren nazioarteko harreman ekonomikoei ekarria egiteagatik, halakorik eskatzen duen atzerritar frantses-mintzaile orori”.

Frantzian sentiberatasun berezia dago inmigrazioaren inguruan aspaldion, eguneroko albistea da, Sarkozy hautagaiak ministerio bat sortu nahi luke… eta horra non inmigrazioari buruz eskuinak darabilen abertzalekeriari aurre egiten saiatzen diren ez gutxik, humanismo selektiboa salatze alde, idazlearen lanaren kalitatea bera jarri duten zalantzan, Gallimard editorialak eginiko prentsa-oharra batekoz bestera erabilita:

–Bai, meritu handia da 900 orrialde idaztea, zer esanik ez ongi idaztea, are gehiago estatubatuarra izanik eta frantsesez zuzenean idazten duzun lehen obra dela kontuan hartuta, eta horregatik, hain zuzen, irabaziko ote zenituzkeen sariok frantsesa izan bazina?

–Eta maliarra izan bazina? Edo malgatxea? Edo magrebiarra?

–Zu ez zara edozein arrotz, zu ez zara afrikar neokolonizatua edo komunismotik ihes egindako txekiarra, zu inperiotik zatoz, bazenekien alfonbra gorria hedatuko zizutela frantsesek.

–Frantziako eskuinak halako konplexua dauka Estatu Batuekiko, hots, idazle eta artista frantsesak New Yorken eta San Franciscon gandorra erakutsi nahirik dabiltzanean amerikano bat frantsesez idazten… itsugarrizko distira.

–Eta oso ongi hautatu zenuen frantsesez idatzi behar zenuen zeure lehen obraren gaia, Frantzia izan da bere haurrak bagoietan sartuta erraustegietara eraman dituen estatu bakarra. Bazenekien Frantziak, daukan errutasun historikoaz, aho bateko kontsentsua aginduko zuela bere intelektual ofizialetan: amerikanoa, frantsesez, nazismoa…

–Eta borrero frantsesak, zer?

* * *

Eta Les Bienveillantes nobela, zer?

Bigarren mundu gerran kokatua, borrero bat protagonista. Borrero aleman bat, ez estatubatuarra, ez frantsesa.

Horretarako dago literatura, “bestearen” lekuan jartzeko, konpreniezina dirudiena konprenitzen saiatzeko… fikzioaren edertasuna. Alemana eta borreroa izateaz gainera –gaizo XX. mende erdiko alemanak, gaizo XXI. mendeko alemanak–, Max Aue homosexuala da –un peu déjà vu–, intzestuzalea, matrizida… un peu trop, egia esan. Desmasiaren desmasiaz pertsonaia sinbolikoa bihur liteke, fikzioaren edertasuna, ados. Baina kritiko bakan batzuen arabera, Max Auek sobera hoztasun handian kontatzen ote dituen gertatuak, ezer konprenitu nahi ezik. Fikzioaren edertasuna, bai, baina “bestearen” barruan sartzen saiatu eta barrua hutsa badago… Haatik, iazko udan sutsuki defendatu zuen nobela hau Jorge Semprunek, bera borrero alemanen atzaparretan egonagatik.

Bayrou, Royal, Sarkozy eta lehendakaritzarako gainerako hautagai guztien sasi-biografien artean daukagu nabarmen kokatua Baionako saltegi txiki eta handietan. Bederatzirehun orrialde, eta nire frantsesa… Bitan egin dut atzera, Barne Ministroa banintz bezala. Baina emango diot etxekotasuna berandu baino lehen, aurkitua dut neure 21-21 artikulu partikularra:

Ezinezkoa ote da borreroak bere burua gizakiz ber-eraikitzea?

Norbanakoak ez ote dauka erantzukizunik hondamendi kolektiboetan?

Nola idatzi Auschwitz-ez Guantanamo arotik?

Zer pentsatzen ote du honetaz Günter Grassek orain?

Egia ote da pertsonaiaren soraiotasunak ez duela gertatua konprenitzen laguntzen?

Gertu ote nago borreroa konprenitzeko?

Nor ote dira amoregileak / egosberak / etor-errazak / etorkorrak / jinkorrak / lerrakorrak / onesleak?

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.