kritikaren erokeria

Kritika egun batean egiten ez da ikasten. Hasi eta bukatu, dena erokeria iruditu zait. Kritika behar da baina jakin dezagun kritika egiten. (Bernardo Atxagak Josune Velez de Mendizabali, “Zure hitzaldian ere kritika egitea beharrezkoa dela aditzera eman zenuen. Zer deritzozu Jon Alonsok Euskadi Literatur Sarien inguruan egindakoari?” galderari erantzunez. Gara, 2007-03-21)

ohar ereduzkoa. “JON ALONSORENA DELA ETA. Euskal Herriko sari eta sariondoen hautsak harrotzen hasi garenez gero, nik ere kontatu nahi dut kasua. Baina ez, Jon Alonsok bezala, gogoeta sakon eta orokor bat bideratzeko asmoz, baizik eta galdera txiki baten erantzuna aurkitzearren. Kontua da esperientzia handiko itzultzaile batek EIZIEren Literatura Unibertsala bildumako azken lehiaketara jo zuela Flannery O´Connors-en ipuinak itzuli nahian, eta helburu hori zela eta zintzo bete zuela erakunde horrek, edo Euskal Jaurlaritzak erakundearen bitartez, guztiei eskatzen dien proba: kasu honetan, A late encounter with the enemy izeneko ipuineko lehen hamar orrialdeen itzulpena. Bide batez esanda, ipuin hori oso ondo aukeratua zegoen probarako, eta harro egon beharko genuke euskaldun guztiok lan hori egiteko gauza diren jaun eta andre sendoak ditugula jakinda. Azkar azalduta, ipuina liburuko astunena eta zailena da itzultzaile batentzat: ez du ia elkarrizketarik, eta lehen lerroan bertan azaltzen da euskaraz soluzio onik ez duen erlatibozko esaldi horietako bat. Baina, hain zuzen ere, hori da behar dena. Eskean etorri denak jakin egin behar du zein tokitan dagoen. Ez behean bakarrik; azpian ere bai. Gainera, jakina da: umiliatuak goretsiak izango dira halako batean. Aitortu behar dut aspaldidanik naizela Flannery O´Connors-en zale, eta A late encounter with the enemy delakoan azaltzen den lurraldea ere aski ondo ezagutzen dudala. Eta aitortu behar dut, segidan, itzultzailearen lana, oro har, oso ona iruditu zitzaidala, eta puntu batzuetan, miresgarria. Hala, esate baterako, nashnul hitza identifikatu eta, beste hizkuntzetako itzultzaileek ez bezala, national esan nahi zuela konturatu zenean (USA hegoaldean itxi-itxi hitz egiten duten batzuek national delakoaren partez nashnul esaten bide dute). Eta halaxe joan zen itzulpen lagin hura lehiaketara, itzultzailearen ordutako lanarekin eta nire onespen erabatekoarekin. Hori bai, akats batzuk ere joan ziren paperean. Bere aurkikuntzen berri ematen zuten oharrak, esate baterako. Esan nion nik, epaile jaun eta andre sendoek bere jakinduriari egindako gutiespentzat hartuko zituztela ohar haiek; baina berari profesionalagoa iruditu zitzaion ohar eta guzti bidaltzea. Pasatzen da denbora eta egunkari batean lehiaketan aurrera egindako itzulpenen zerrenda ikusi nuen. Flannery O´Connorsen liburuarenik ez zen aipatzen. Pasata gelditu nintzen. «Euskadi salbatua zegok!» esan nion neure buruari. Bazeuden Euskal Herrian gu baino askozaz gehiago ziren pertsonak, non eta gure arloan, literaturan, itzulpengintzan, eta gainera Flannery O´Connorsekin erakusten ziguten hori, hots, gazte gaztetandik ezagutzen dugun idazle baten inguruan, gu bizi izandako Hegoaldeaz mintzatzen zen liburu baten bueltan. Korrika joan nintzen haien izenak jakitera, nor ote ziren erabaki hura hartutako jakintsuak, eta egin nuen batera, jo nuen bestera… eta ezer ere ez. Ez ziren haien izenak inon azaltzen. Eta, hain zuzen ere, hori da hasieran aipatzen nuen galdera. Hauxe galdetu nahi dut: nor zarete, jakintsuok? Badakit apalak zaretela eta ez duzuela txalorik nahi, baina, arren, emaiguzue azpikooi zuei ohore egiteko aukera polit hori. Jose Irazu. Zalduondo” (Berria, 2007-02-09)