Idazlearen gorrotoa

Koldo Izagirre

Cesare Battisti:

Hegoaldetik Milanora etorria, lantegiko behargina, Barona auzoan sorturiko Komunismorako Armaturiko Proletarioak taldeko militantea (1977-1979), atxilotua, presondegitik ihes egina 1981ean, Frantzian babestua, Mexicora alde egina, Italian ausentzian epaitua tribunal militarrean (ezker muturrekoentzako justizia berezia) “damutuen legepean”, alegia, askatasuna salaketa truke irabazten duenaren lekukotzan oinarrituta, bizi osorako kondenatua epaile instruktoreak egin ez zituela onartu behar izan duen hilketa biren aitzakian, Frantziara itzulia eta Frantziak Italiari extradizioa ukatua, Mitterrand lehendakariak babesaren hitza publikoki emana, 2004an Frantziak berak atxilotua, libre utzia ostera iritzi publikoaren eraginez, ihes egina Frantziatik gobernuak extraditagarri izendatu orduko, Brasilen atxilotua aurten, martxoaren 18an, Frantziako Poliziaren kolaborazioarekin, Parisen Sarkozy hautagai eskuindarra dela Barne Ministroa, Battistiren atxiloketak ez baitie onik eginen sozialistei, hortxe galdera maltzurra: zer, terrorista bat babestu behar duzue… Mitterrandek bezala?

Ez, ez dute hitz handirik aterako, sozialista frantsesek. Printzipioak traba izaten dira eskuinaren boto bila dabilenarentzat.

Cesare Battisti idazlea da, nobela beltza esaten zaion sail horretan argitaratzen diote editorialek eta halaxe kokatzen dute saltzaileek ez ezik kritikoek ere. Nobela beltzaren hainbat osagarri baliatzen dituen arren, badu bestelakorik, egile berezia egiten duena: Avenida Revolución, Buena Onda, Les habits d’ombre, Dernières cartouches… pertsonaiak historia astun batetik datoz, iragan ilun batetik, esan liteke zinikoak direla, gai dira beren buruaz errukirik ez edukitzeko, badakite esperantzarik ez dagoela, inork baino hobeki oroitzen dira zein zikinetan sartu zituzten eskuak, baina ez dute inoiz inoizko laguna salatuko, ez dira damutzen egin izanaz, porrot eta are oker historikoa aitortzeko arazorik ez izanagatik. Horregatik dabiltza, hain zuzen, gizarte honen mugez haraindian, zeren beldur izan liteke antiterrorismoa haragian ezagutu duena. Bere azken nobelan, Le Cargo sentimental, historiaren transmisioa da sakonean lantzen duen gaia, aitaren Bigarren Mundu Gerrako nondik norakoen bitartez bilatu nahi du protagonistak bere lekua, baina ezagutzen ez duen alabak autoan daramatzan armek kokatuko dute historian garrazki: iragan hark gero hau dakar. Cesari Battisti ez da oraino iritsi Jonathan Littellek daukan frantses mailara, italieraz idazten du, baina azken nobela hau ez da publikatu Italian, Einaudi ere ez da ausartu, sinbolo jasangaitzez betea dago.

Oraindik orain, L’Unitá kazetak (komunisten egunkari mitikoa, egun Ezkerreko Demokratak izeneko alderdiko atal batena) honelako galdera egiten zion iritzi publikoari: “Lino Sabbadin harakinaren edo Pier Luigi Torregiani bitxi saltzailearen hilketa, egitada iraultzaileak izan zirela uste ote du oraino Battistik?” Inon diren salbuespen lege zitalenak onetsi eta Berlusconik Irakeko inbasioan lagun eduki zuen ezker horrek berak alegia. Adierazgarria da galdera, ez zaio hilketarik inputatzen, bere ustea, bere iritzia da salatu nahi dena, hots, bere kontzientzia.

Horixe da, eskuinak bezain zekenago, Italiako ezkerrak inoiz barkatuko ez diona Cesare Battistiri: idazlea izatea, behin eta berriz jardutea kazetariek “berun urteak” bataiatu zituzten haietaz, Italia usteldua kupida barik islatzea, hitz batean, borrokan jarraitzea eskuinaren balio guztiak bere egin dituen ezker horren aurka lekukotasun garratza ematen fikzioaren bitartez.

Bonbak, hilketak?

Hori da gutxienekoa, Piazza Fontana-ko lehergailua ezarri zuten eskuineko terroristak (17 hildako eta ehundaka zauritu), aspaldi zituzten zuritu, libre daude denak. Sistema irauli nahi izatea da barkatu ezinekoa.

Italiak ez du bere iragana asumitzen, eta terrorista bat, damutu ordez, idazle bihurtzen bada iragana interpretatzeko, munstro bihurtu behar da, ezin eduki dezake arrazoi. Horretarako, ikusirik tribunal bereziek apailaturiko salaketek ez daukatela teknikoki indar handirik, bestelakoak baliatzen dituzte, hedabideen eskutik. Denetarikoak idatzi izan dira Battistiri buruz, Korsikako talde armatu batek zeukala babestua edo ETAkoek zeukatela zaindua, berbarako. Irain meheagoak ere bai, noski: koldarra omen da ihes egin zuelako, eta Frantziako “ezkerreko idazleen lobby” delakoaren babesean ederki bizi izan omen da burkideez futituta. Frantzian bertan, horrenbesteraino iritsi gabe, boterearen zerbitzuko politologoek diote Frantziako 68ko ikasle iraultzaile usteko haien kontzientzia txarra gisako bat dela Battisti, nolabaiteko beldurra eta lilura sortzen dien mitoa, “hitza egina” bihurtu zuen koitadu amorratua, beraiek izan ahal ez baina izan zitezkeena, horrek esplikatzen duela italiarrak intelligentsia frantsesaren zati batean daukan aldekotasuna. Argudioak badu distirarik, eta ez du axola legelari antiterroristek asmatu zuten “atxikimendu psikologikoa” hurbil samar baldin badu ere, psikoanalisiak esplikatzen ahal du gizakiaren portaera dialektika ororen gainetik, horretan dauka indarra. Baina errealitateak besterik dio: Mai 68-ko haiekin zerikusi handirik ez duten idazleak dabiltza egunotan asaldatuen Battistirekin Frantziak egin lezakeenaz. Polito eta psiko guztiek baino are distiratsuago jardun zuen astelehenean France Inter-en Julia Kristeva-ren senarrak errepublikaren lotsaz eta arrazoi historikoez. Philippe Sollers-ek alegia, Bayrou zentristaren aldeko idazle ospetsuak.

Italiaratuko ote dute?

Nola jokatuko du Frantziako judikaturak?

Italian epaitzen badute, zer egin behar dute? Kondenatu, ez damutzeagatik? Kondenatu eta libre utzi, “berunaren historiari” giltza ematen hasteko?

Ez dira asko Battistik Italian dauzkan lagunak, kasu mingarria da, konplexua, trahizio eta eskuindartze indibidual eta kolektibo askoren isla salatzailea. Valerio Evangelisti nobelagileak bakardade handi samarrean jardun izan du egundaino behintzat gizarte berlusconitu baten kontzientzia iratzarri nahirik. Kasualitatea ote bere lan aipatuenen artean egotea Eimerich inkisitore espainiarrari eskainitako saila?

Cesare Battistiren garai bateko eta oraintsu arteko ibiliak eta ihesak, politikari buruzko gogoetak eta estiloa ere dastatu nahi dituenak (badu joera liriko bat, iheslariaren malenkoniak eragina, kontraste ederra egiten duena narrazioaren biziarekin), Ma cavale (Grasset) autobiografikoa gomendatzen diot bereziki (hantxe jakingo du, gordea omen zeukaten ETAkoak Parisko presondegi bateko patioan ezagutu zituelarik, “errespetuz” tratatzen zutela baina hotz, uzkurrak zirela besteenganako). Eta ezkerrekotik eta are gauchiste-tik inoiz ezer eduki ez duen Bernard Henri Levy filosofo dandyaren hitzaurrean ikasiko du oraindik ere badela Europan aterpe eskubidea sakratutzat daukan intelektual multzo bat.

* * *

Idazlearen ahalkea

Cesare Battisti maitea,

Ez zaitut ezagutzen, ez zaitut irakurri eta seguruenik ez nintzatekeen zure atzetik joanen gaztetan hartu zenuen engaiamenduan. Horrek are libreago uzten nau esan ahal izateko zenbateraino nagoen ahalketua nire gobernua egiten ari zaizunaz eta, zure bitartez, beste aterpetu italiar batzuk ere mahatxatzen dituenaz.

1880ko uztailaren 10ean, Parisko Commune-tik ozta bederatzi urte geroago (hogeita hamar mila hildakotik gora eragin zuen matxinada!), kondenatuak graziatu eta amnistiatu egin zituzten. Orain 2004an gaude, egozten zaizkizun egitadak (larrienak ezin frogatu izan direla), hogeita hamar urteko antzina dute, eta hona zu hemen berriro presondegian sartua, aterpea bermatu zizun nazioak trahitua eta barkamena ukatzen dizunari emana.

Nola esplikatu belaunaldi gazteei halako atzeratzea ohitura politikoetan? Eta nola ulertarazi gobernatzen gaituztenei horrela jokatuta 1970 urteetan zinen nerabea borroka armatura bultzatu zuten etsipenezko baldintzak sortzen dituztela?

Egia da, ministroak iraganen dira eta konta ezin ahalako ahotsek ematen dizuten babesak luzeago iraunen du geure gobernu biek baino; alabaina, kontsolamendu tristea da zinez, egiten badugu kontu nolako gizarte mota sortuko duten estatuburu batek emandako hitza jaten duten portaerek, edo justizia mendekuarekin uztartzen denean –ahoa tapatzen ez badio.

Jakina, oker egotea desio nuke eta, aurkeztu zaizkion argudioak ontzat hartuta, nire gobernuak bete dezala eman zizun aterpe bermea. Ukan kuraia, beraz, eta libro ikus zaitzagula lehenbailehen.

Daniel Pennac

“Lettre à Cesare Battisti”

Le Monde, 2004-02-24

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.