Behi euskaldun baten azterketak

Xabi Borda

Nik, ikasle malapartatuak, mila eta bat azterketa egingo nituen dagoeneko. Hala ere, ezin ohitu, ezin joan etsaminatzera ogia erostera irteten naizen xalotasun berarekin. Nola ba!

Beti pentsatu izan dut, rockeroen taularatzearekin konparatu daitekeela azterketa egitera sartu aurreko unea. Baina, jakina, grazia gutxiagorekin. Musikari lagunek kontatzen didatenean kamerinoan azken momentuan barruak irakiten izaten dituztela, azterketa gelaren kanpoan zain nola egoten naizen akordatzen naiz: gutxi gorabehera behi bat hiltegiko ate aurrean bezala.

Azterketan, gainditu nahi bada behinik behin, buruan neke handiz sartutako bazka guztia atera behar da. Gogoz kontra irentsitako belarra, ondo hausnartuta, atzera eztarriko zulotik gora ekarri behar da, paper zurian txukun paratzeko. Berdin fisika nuklearra izan, edo prehistoria modernoa. Berdin ekuazio diferentzialak izan, edo neuropsikologiaren azken tratatua. Inork ez dakartza jaiotzetik halako teoriak kaskezurrean gordeta. Azterketara joan aurretik ikasi egin behar da. Belarra janda eraman behar da.

Bestelakoa da mediku baten aurrera joan eta azterketa bat egiteko biluztea: belarriak garbi dituzun, giharrak tente, hortzak zuri, zainetan odola baduzun ikusteko. Mediku aurrekoek ere urduri jartzen dute. Ez da txantxa, horko emaitzek geroa baldintzatu dezakete. Hala ere, ez dago anbulatoriora iritsi aurretik bista errepasatzen edo, azken orduan, oinez zuzen ibiltzeko pausuak ikasten ibili beharrik. Ez dago aurrez belarra jan beharrik.

EGA azterketa egiteko, berriz, zer klasetako belarra irentsi behar da? Zer ikasi behar da, euskalduna naizela ziurtatzen duen labela lortzeko?

Urteak dira Euskararen Gaitasun Agiria eskuratzeko euskal logopeden aurrean biluztu nintzela. Nire memoriak dagoeneko leunduak dizkit orduan sentitutako higuina eta lotsa. Ez da erraza inoren aurrean arropak eranztea. Errape bistan geratzea.

Atera behar zen ditxosozko titulua. Atera behar zen, balizko etorkizun hurbil horretan lana bilatzerako orduan, enpresetan eskatuko omen didatelako euskaraz jarduteko gai naizela baieztatzen duen agiria. Atera behar zen, unibertsitatean kreditu batzuk salbatzeko ere balioko zidalako. Erraz ateratzekoa zen, euskaraz bakarrik zekielako ikastolan hazitako behi honek.

Gogoan dut, institutuan urte oso bat igaro genuela titulua ateratzeko prestaketan. Isatseraino bukatu nuen nazka-nazka eginda test zabar batzuk egiten. Sinonimoak tontoen moduan ikasten. Ez zegoen txorakerietarako astirik: ez genituen irakurri nahi genituen liburuak, gramatikaren lege ortopedikoekin galdu baikenuen denbora. Zuzentasunaren izenean, elipsiaren eta metaforen barne sekretuak ikasi gabe atera ginen eskolatik. Praktikotasunak titulua eskatzen zuen.

Ikustekoak dira test horiek: galdera itxurako bat eta lau erantzun posible. Gehienetan lautik hiru txarto daude, eta erantzun egokia aukeratu behar da. Gehiago dira, beraz, gaizki idatzita dauden esaldiak. Guk, badaezpada, denak irakurri behar balizko zepoen bila. Hainbeste forma oker, hainbeste aldrebeskeria, galderak irakurtzen bakarrik ondoezik sentitzen zarela! Zer kristo da hau!

GALDERA: Patxi, hemen duzu nire koinata.

ERANTZUNAK: a) Atsekabe handia da niretzat! b) Urte askotarako! c) Goraintziak nire izenean! d) Irrikitan nago!

(Ez dakit zuek, baina nik koinataren arabera erantzuna aldatuko nuke, koinata batetik bestera aldea dago!).

Edo hiztegi galderak, aho bete hortz uzteko modukoak:

GALDERA: Zein ez da animalia gazte bat?

ERANTZUNAK: a) Idia b) Txahala c) Txerrikumea d) Arkumea

Badakizue, behiak gorbata eramanda ere beti behi: euskaldunok ukuiluetan jaiotzen gara. Patxitarren herrikoak gara. Ez pentsa nik asmatutako adibideak direnik. Halakoxeak dira EGAko galdera batzuk, topiko hutsak. Trufa hutsa.

Egun batean iritsi zen albaitariaren aurrera joateko gure momentua. Indartsu eta harro hurbildu ginen ukuilu kideok kapitalera. Han neurtu behar ziguten gure euskalduntasuna. Nahi zutena erantzungo genien, labela nahi genuen. Prest geunden laidoei eusteko.

“Esan muuu” albaitariak, eta nik “muuu”. “Esan beee” albaitariak, eta nik berriro “muuu”. Kale! Suspentso! Halaxe izan zen, halaxe ukatu zidaten labela. Ez nintzen gai euskara ulertzeko, euskaraz idazteko, euskaraz hitz egiteko. Ni bai ni inutila, ama hizkuntzan aritzeko gai ez den astazakila!

Jakina nire euskara ez dela bikainena, ez dela perfektua. Jakina saiatuz hobetu litekeela, eta beharko nukeela. Baina ni ez naiz filologoa. Nire euskararen kamustasuna izaeran hain erroturik ditudan beste giza akatsekin alboratuko nuke. Ez naiz azkarra lasterkan, hortz batzuk enpastatuak ditut, eta eskuineko belarritik ezkerrekotik baino gutxiago entzuten dut. Batzutan hitzak irentsi egiten ditut, bestetan azalpenak ematen korapilatu egiten naiz. Batzutan erantzun okerrak datozkit burura. Baina, zer arraio!

Hankak zelaian hara eta hona ibiltzeko ditudan bezala, euskarak ondoko behiekin hitz egiteko balio dit. Tertuliarako parrandarako festarako. Ikasteko lanerako irakurtzeko. Haserretzeko eta maitatzeko. Euskarak, besterik gabe, bizitzeko balio dit.

EGA anormaltasun seinale da. Ez nau harritzen ondoko landetako behiek, euren hizkuntzan mintzatzeko gai diren baieztatzeko, antzeko azterketarik gainditu beharrik ez izatea. Estuasun bat gutxiago euren behi bizitzetan. Inbidia ematen didate. EGAk euskara balio-erantsia bihurtzen du. Gidatzeko baimenaren pare jartzen du hizkuntza, edo atzerriko hizkuntzen maila ematen dio geure herrian. Eta horrek, ez dut uste delako normalizazio horretan laguntzen duenik.

EGArekin euskaldunon mesedetan euskararen alde ari direla esaten jarraituko dute, labeldunak autokonplazentziaren putzura bidaliz, lokatz gozotan blai etzan daitezen. Hona hemen euskalanalfabetuak ez direnak. Hona hemen bertako txekor natural etiketatuak, esnetarako onenak. Hauek dira euskaldunetan euskaldunenak, eros itzazue prezio merkean. Popatik!

Egalariek literatura gehiago maiteko balute, akaso ulertuko lukete erantzun okerrak direla ederrenak. Behi zoroak direla hemengo larreetan behar ditugunak. Konparazio batera, Txalaparta argitaletxeko Literotura pixka bat irakurrita, konturatuko lirateke Patxiri koinata berria aurkeztean Irrikitan nago! erantzunda, aurrez pentsa ezinezko korapilo ezti batean amaitu daitekeela hain pairagaitza zirudien egoera. Akaso ohartuko lirateke koinata berria ezagutzea ez dela zertan izan beti atsekabe handi bat.

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.