(Idazle) erdaldunaren malura

Gorka Arrese

Zer den euskal literatura… alegia, zer den literatura vasca.

Atzo goizeko kontua hauxe, gerora ezagutuko nituen autonomia ondoko eztabaida haiek ekartzen dizkit akordura, baita frankismo garaiko beste hura ere, zer da euskaldun izatea edo, zehazkiago, nor da euskalduna (oraindik ez genuen lurraldearen araberako euskal herritarra terminoa sortu, larri zebiltzan euskaldunak orduan, orduan ere gaia ez baitzen nor zen euskalduna, qué es ser vasco baizik). Kontu zaharrak, aspergarriak agian, baina interesgarriak oso: indar-koerlazio baten (edo gehiagoren) isla dira, eta gu nola ikusten gaituzten edo ikusi nahi ez gaituzten adierazi ohi dute sarritan. Gu, euskaldunok, euskal idazleok (eta bidenabar euskaraz (bakarrik) argitaratzen dugun editoreok).

Ikamika haietako txatalen artean daukat jasoa beste testuinguru batean Laura Mintegik idatzitakoa euskal herritarrak genituen idazle espainiarrei buruzko artikulua, hona zati bat:

    “Inoiz ez dugu jakin izan trataera egokia ematen Miguel de Unamuno, Pio Baroja eta Blas de Oterori besteak beste, baina horiek hilik daude finean, eta esku-liburuetan baino ez ditugu tratatu behar. Baina nola jokatu bizirik dauden Pablo de Antoñana edo Miguel Sanchez Ostiz nafarrekin? Nola jokatu Felix de Azuarekin? (…) Onar dezakegu escritores vascos direla? Eta escritores vascos, nola itzultzen da euskarara? Ariketa polita filologoentzat, baina kontu filologikoa baino sakonagoa dela uste dut. Idazlearen kosmogoniaren kontuan sartu beharko baikenuke, bai eta beste eztabaida sakonagoetan ere, hala nola zer-nolako harremana duen hizkuntzak ezagupena bereganatzearekin, edo zer den aurretikoa, munduarekiko ikuskera edo ikuskeraren berbalizazioa” (Egunen gurpilean. Erdal idazleak. Jakin, 129. zenb., 2002).

Kosmogonia…

Munduarekiko ikuskera…

Ikuskeraren berbalizazioa…

Zenbat txilipurdi eta txirikorda!

Manuel Vazquez Montalban ez zen sekulan idazle katalanen biltzarretara joan; sarritan gonbidatu zuten (katalan-mintzailea zen), eskertu zituen gonbitak; baina ez zuen zalantzarik egin.

Kontu zahar hori zaharregia bilakatua genuen.

Edukiko du horretan zer ikusirik Bernardo Atxagaren fenomenoak eta, geroago, Unai Elorriagarenak: Madrilen hala baldin badiote euskaldun hauek zer edo zertan ariko dira, literatura bat daukatela dirudi, itzuli ere egiten dituzte…

Asko apaldu du polemika zaharra euskaraz egindako literaturaren zamak eta presentziak, baina hala ere (euskal idazle batzuen zalantzak eta) idazle erdaldunen orro minduak entzun behar izaten ditugu lantzean behin.

Duela urte batzuk, 2003an, Euskadi Saria jasotzean, zeremonian bertan alegia, Eusko Jaurlaritzak ez zuela gaztelania aski laguntzen bota zuen Antonio Altarribak. Esan zuena, funtsean, euskara gehiegi promozionatzen zela izan zen (200.000 mila exiliatuen kontua bertsio linguistikoan). Baina berak bazekien, Eusko Jaurlaritzak gaztelania aski laguntzen ez duelakoa bota zuenean, ez dela posible gaztelania baztertua sentitzea Hego Euskal Herrian eta are EAEn (gaztelaniak oso gorputz eta espiritu sentiberak baldin baditu ere): euskarazko ildoan irakaslerik ez daukatelako ikasleek grebak egiten dituzten horretan, UPV-EHU horretan, Antonio Altarriba irakaslearen katedra… frantses filologia dugu!

Eta orain, Euskadi Sarien harira, aztoratu egin bide dira gure erdal idazleak, arazo teknikoak medio (sariaren arauak) “bazterketa” hitza ahotan. Euskadi Sariak, erdaldunen baztergarri? Toti Martinez de Lezeak interesgarria idatzi zuen honetaz (Gara, 2007-07-21), kexatzen direnen arrazoirik eza erakutsiz.

Aurtengo Euskadi Sarien epaimahaiak izendatuta omen daude dagoeneko. Luisa Etxenikek hala dio, aurten ere izendatu dutela eta saiatzen ari dela arauak hobetzen inor ez baztertzearren. Elkarrizketa pare bat emanak ditu gaia aipatuz. Zehazkiago, erdal idazleek (gaztelaniaz idazten dutenek suposatzen da) jasan dezaketen bazterketaz.

    “Puede suceder que personas y obras que cualquiera, de manera espontánea, identificaría con la literatura vasca se vean excluidas por las bases de un concurso, que son opciones administrativas. Estamos estudiando que no haya exclusiones al respecto”(Luisa Etxenike, escritora. Diario Vasco, 2007-07-29).

Alegia, gerta litekeela edonork, berez eta behartu gabe, literatura vasca-rekin lotzea obrak eta idazleak. Non ote dago ordea berezko jakile edonor hori? Testu bat literatura vasca-rekin lotzeko, zuzen zein oker, vasco edo vasca-ren ideia, uste edo iritziren bat eduki beharko du noski: ez dugu edonor!

Badirudi Luisa Etxenikek “edonor” dioenean “gutako edonor” edo halako zerbait esan nahi lukeela, erdaldunek euskaltasunaz daukaten kontzeptu malgu horren jabekideetatik edonor. Horrela, berez eta behartu gabe, edozein erdal irakurlek begipean daukana “euskal literatura” dela erabakitzen ahal du: egilearen abizena TX batekin ageri delako (duela gutxi euskararen baliabideak direla-eta euskal poesian oso gauza interesgarriak egiten zirela esana den Lucía Etxebarría, adibidez), egilearen izen-abizenetan ez baina tituluan bertan ageri delako euskal bikote identifikagarri hori (Pintxos donostiarras, adibidez, donostiarras aski ez duenarentzat), euskararen grafia ez erabiliagatik tituluan bertan ageri delako euskaltasuna (Todos nacemos vascos), edo azaleko ezaugarri hauek barik, lantzen den gaia euskal gaia delako (Luisa Etxenike bera idazten ari omen den hurrengo nobelarena: “Ahora estoy con una novela, Versión original, en la que abordo la violencia de ETA”).

Eta horra non, gure erdal idazleek guk geure maltzurkeria motzean literatura regionalista aldarrikatzen zutela uste genuelarik, horra non, diot, inon diren hizkuntza guztietara zabaltzen duten literatura vasca delako hori, gaia ezaugarri nagusienetakora ekarriz: Robert Laxalt-en A Cup of Tea in Pamplona ez ote da, orduan, literatura vasca? Zuzendu egin behar dira ideiak eta kontzeptu zaharrak, besteak beste UPV-EHUrenak, David Rio Raigadas ingeles filologiako irakasleak eginiko Robert Lassalt. La voz de los vascos en la literatura norteamericana azterketa baitauka publikatua bere argitalpen zerbitzu ederrean).

Zeren eta, gaia vasca edo vasco-a ukan arren halako obra literatura vasca ez dela esateko, zein da irizpidea? Argudio bakarra bururatzen zait, hizkuntzaren lurraldetasuna: Euskal Herrian mintzatzen diren hizkuntzak izango lirateke literatura vasca-ren bideratzaileak. Ados, baina… Bai, betikoa dator, Euskal Herrian mintzatzen diren hizkuntzetatik bi Euskal Herriarenak baino eremu zabalagokoak dira, estatu banarenak hain zuzen, eta Pariseko edozein irakurlek esaten ahal du literatura frantsesa dela eskuan daukan nobela Sait Jean de Pied de Port-eko kontrabandisten abenturak azaltzen dituelako frantsesez idatzita, eta beste horrenbeste esango liguke espainiartasunaren alde Madrilgo irakurle edozeinek Zugarramurdiko akelarrean gertatutako hilketa gaztelaniaz proposatzen dion obrari buruz.

Ados, baina… Horiek “kanpoko” definizioak dira, ez dute balio. Luisa Etxenikek “edonor” dioenean “gutako edonor” ari da esaten, alegia, nolabaiteko basquismo edo basquitude bat daukan irakurlea dauka gogoan, bere burua eta bere lana Autonomia Erkidegoaren edo Pyrenées Atlantiques-en edo Nafarroaren barruan kokatzen duena dauka gogoan, arestian aipatzen nuen euskal herritar erdalduna dugu “edonor” hori noski.

Baina hona hemen beste pauso bat erdal idazlearen malura ulertzeko:

    “Se ha hablado de Fernando Aramburu, que ya fue premiado. No parecería lógico que ahora no pudiera serlo” (Aip. lekuan).

Ez dakit zein den Fernando Aramburu lehen bai eta orain ez-sarigarritzat hartzea eragiten duen araua, baina interesgarria da 1984az geroztik Alemanian bizi omen den Cloc talde ikonoklastaren partaidea zen Aramburucopulos honen pasadizo baten berri ematea, gure erdal idazleek dauzkaten identitate arazoen ikusgarri delakoan: 2004ko udazkenean (urriaren 18tik 29ra, zehazki) Salzburg-eko Literaturhaus “ezagunean” euskal literaturaren astea antolatu zuten bertakoek, Berlingo zenbait adituren laguntzarekin lehenik, eta gero euskal idazleen aholkuekin. Zabaldu zen eskuko publizitateak Europa der Muttersprachen: Baskeland, eta testuaren hasiera Das Baskische, Euskara, ist die älteste Sprache Europas… eta barrurago ere Baskische aipatzen da, hots, euskara, bera baita tituluak adierazten duen Muttersprache hori, hizkuntza gutxiagotua. Gure literaturaren historiaren berri ematen da labur, 1545, Aresti, Atxaga eta beste aipatuz, eta amaieran honakoa ageri du:

    “Vor allen anderen Bernardo Atxaga mit mehreren Veröffentlichungen, sodann Koldo Izagirre, Ramon Saizarbitoria, Bitoriano Gandiaga, Joseba Sarrionandia, Fernando Aramburu und Mariasun Landa. Hier gilt es noch eine Welt zu entdecken”.

Bai, Fernando Aramburu euskal literaturaren barruan azaldu zen, oker ez banago behintzat ezein muttersprache-tan idazten ez duen arren. Horra bada, gure (idazle) erdaldunaren eskizofrenia polita, vasca eta vasco izan beharrez: hizkuntza handian idatzi eta txikiari egiten zaion matte-mattea ere hartu egin behar. Ikasi dute, antza, sari batek, Euskadi izenekoa izanagatik, ez duela inor euskaldun bihurtzen. Horraino iritsi dira, Jon Juaristik behiala esan zuen bezala “orain terrorista guztiak hasi baitira idazten”, eta aldamenean daukate traba handi samarra egiten dien multzo hau, oro har vasca eta vasco kontzeptuez futitzen den euskal idazleena, horren xinplea izan zitekeena (zentzu arrunta lekuko) nahasi eta konplikatzeko. Hona hemen froga, Luisa Etxenikek Arambururen kasuaz dioenaren jarraian:

    “Debe primar el sentido común, que nos hace identificar algunas obras como literatura vasca. Los desajustes se solventarán antes del fallo. Insisto, deberíamos discutir sobre el sustantivo más que sobre el adjetivo: ¿Qué es literatura?” (Aip. lekuan).

“Obra batzuk” literatura vasca bezala indentifikatzen omen ditu “zentzu arruntak”, baina, aferen konpontzea zentzu arruntari uzten zaion kasu askotan gertatzen den bezala, ihes egiten dio gure erdal idazleak benetako arazoari, hots, literatura vasca definitzeari, garrantzitsuena ez omen delako izen-laguna, izena bera baizik, alegia, zer den literatura, ez euskal edo vasca edo vasco, literatura hutsa baizik.

Zer da, bada, literatura?

Kosmogonia?

Munduarekiko ikuskera?

Ikuskeraren berbalizazioa?

Garai batean euskaraz idazten zena ez zela literatura; euskaraz zelako, hizkuntzaren bitxiarengatik omen ginen zer edo zer, ez genuela adorerik geurea gaztelaniaz jartzeko, horixe aurpegiratzen ziguten.

Lelo berari ekin behar ote diote atzera?

Errukarriak, gure erdal idazleok.

“(Idazle) erdaldunaren malura”: 5 iruzkin

  1. Edorta Jiménez:

    Vasco, orain, Euskal Autonomi Erkidegoan erroldaturiko edonor da, eta guztiak dira. Era berean basque, edo Lapurdin, Zuberoan edota Nafarroa-ez-Garaian erroldatua bada. Nafarroa Garaian ez dago vasco edo vasca den inor. Bestela iriztea, 1978ko Konstituzioarekin bat ez egitea da; hots, terrorismoaren atarikoa. Jakina, AEBetakoak basque dira (euskaraz izaten dugun nahasmena pittin bat argitu alde, euskalduna ez den vasco-ari ‘baskoa’ esan beharko genioke euskaraz, hitza lotsa barik erabiliz (bestela, ‘eusko’, ‘euskotar’? ‘Euskaldun’ ez, nahiz eta EITBn Euskaltel, el equipo euskaldun egunero erabili (Bizikleten mintzoa). Eta amaitu da prolema. Eta kontuz! Esentziak, kosmogoniak, mundu-ikuskerak, ez al dira nazionalismo etnikoaren ataria, edo barru-barrua? (Aznar-en garaiko basko hark asmatu zuena, nacionalismo étnico delakoa berpiztea! Mayor Orejaren belarria hizkuntzetarako!) Gaur erroldaz baskoa dena bihar Salamankara bizitzera joan eta salmantino. Hori bai, beti español. Edo beti frantses. Gogoan daukat El Pais-eko kritiko harena, Obabakoak liburua iruzkinduz: la mejor obra de la la literatura española en lengua vasca (Conde, Conte, zelan zen harena?) Horixe ba. Konstituzioa, eta las otras lenguas españolas. Gaztelaraz hitz egiten dutenek eskubidea dutela, bai, literatura vasca esateko. Eta literatura en lengua vasca esan beharko genukeela besteok gazteleraz jardutean. Ni neu horrexetan ahalegintzen naiz. Horixe. Eta kontuz, ze egia, terroristak euskaraz idazten bai, baina, gazteleraz ez? Administrazioak –Estatuak, eta halabeharrez– egiten gaitu espainol, eta administrazioak –Estatutuak– egiten gaitu vasco/vasca, erroldaren bidez. Hizkuntzak egiten gaitu euskaldun. Eta erroldarik ez dutenek? Nevadan, esate baterako? Beraz, vasco, vasca, basque, nahi den hizkuntza erabili, zer den, nor den? Aiba la hostia, ya estamos! Erantzun aproximatibo baten bila abiatzeko hurrengo geltokia: El Zinemaldia. El de San Sebastián. Ése.

  2. Lander Garro:

    Azua delakoa ez al zen Bartzelonan jaio?
    Eta, areago: ez al da han bizi?
    Portzierto: ba ote morroi hori baino tipo antiabertzaleagorik?
    Azuak bere izena (testuinguru honetan) ikusiko balu, korrika aterako litzateke, algara urduri batzuk bota ondoren (Omenduko al naute? Kontuz! Ospa!).

  3. Xabi Borda:

    Duela gutxi parean tokatutako Madrildar tipo batek hau bota zidan, (ez dakit gaiarekin bat datorren baina niri graxia egin zidan):
    “Una cosa es el castellano, y otra el español. El español se forma uniendo el castellano, el catalan, el gallego y el euskera”.

  4. Edorta Jiménez:

    Eta, Xabi, ez hion esan Arestiren harako hura, Cierra los ojos muy suave / Meabe / pestaña sobre pestaña / sólo es español quien sabe / Meabe / las cuatro lenguas de España? Hori bai, Arestik berak ez zitian Espainiako beste hizkuntzak gogoan hartu. Bienbitartean, Espainiako Erresumako Erregeri Gernikarako idatzi zioten diskurtsoan euskaraz hitz batzuk sartu zizkioten. Orixeren Euskaldunak horretakoak ziren. Esango nuke, bada, idiari adarretik eta gizonari mihitik, Borboiari hitzok begien aurrean paratu zizkiotenek noiz edo noiz gogorarazi eta publikoan exigitu beharko lioketela, ea, ahalegina egin dezala egia bihur dadin Orixek idatzi zuena. Hemen herri bat badela, eta ez dugula utzi behar “herri bat izan zela” esan ahal izatea. Zein herri? Euskal Herria akaso? Ba Euskal Herrian hizkuntzak ez dira bi, gehiago baino. Frantsesez idatzirikoek ere balio al dute –itauna zintzoa da– Premios Euskadi horietan sarituak izateko?

  5. lander:

    Basque Awards, Grand Prix Euzkadi… izena aldatzeko hainbat proposamen (ezorregatik).

    Bestetik gaur La 1-ren informatiboa Nafarroako musika talde batekin itxi dute (Marea). El grupo navarro, que está cosechando (arrakasta oro ote da eraindakoa) un éxito considerable, etc, que actuó ayer en Madrid, eta abar… Gazteleraz kantatzea kasualitatea izango da, noski… ‘Euskadin’ egiten denez, euskaldun.

    (Lagun batek kontatua: Eztakitzein ospakizunetan bere film laburra euskarazko onenen artean lehiatzeko aukeratu dute (zorionak bene-benetan!), eta bere filmea… mutua da! –morbosoentzako oharra: bai, krediturik badu: izenak euskaraz ageri dira!–).

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.