Idazlearen aurpegia
albiste (edo ez-albiste)

Lander Garro

Idazleen argazkiek, idazlea obratik aldentzeko ez ezik, idazlea bera ofiziotik aldentzeko balio dute gaur egun. Berdin gertatzen da futbolariekin, aizkolariekin, artisauekin edota zinema zuzendariekin, alegia, «pertsonaia publiko» guztiekin.

Lehen ez bezala (erretratista onak zeudenean), orain argazkilaria batetik bestera dabilen fotomatoi erraria da. Argazkiak ateratzen ditu, eguneko hainbeste (gaur gutxiago, bihar gehiago), eta hainbesteko horietan lana ahalik eta txukunen egitea da bere asmoa.

“Txukun” egitea: kamera aurrean jartzen dena (berdin dio nor den) begiak irekita izatea, fokaturik egotea, eta egoki argiztatua. Kito. Bada beste ezaugarri bat, idatzirik ez dagoena, akaso detektatuta ere ez dagoena, baina hortxe dagoena, argazki askotan present: sujetua “txukun” ez ezik “ondo” agertzea, dotore, harro, duin, goren, nahikotasunez, desafiati, haserre. Ez nuke jakingo zergatia azaltzen. Izango du zerikusirik komunikabideen estandarizazioak, seguruenik. Eta edertasunaren zapalkuntzak. Berdin dio zer egiten duzun, berdin dio egiten duzunaren balio estetikoak, baina:

“Hemen zaude, geure aldizkarian, eta guapoa izaten badakizu, modernoa izaten, zeure burua maitatzen”.

“Auto-estimuaren eredua zara, arropa ondo lisatua daukazu, ilea gaurkotasunez orraztua eta ezagun du ez diozula beldurrik kamerari”.

“Bikain, datorren urtean ere hemen izango zaitugu”.

Idazleak ere gainerako pertsonaiak bezala bultzatzen ditugu horretara komunikabideetan eta, tamalez, ukabila okotzaren azpian jartzea ez da bekaturik larriena. Preziosismoa ere aipatu behar genuke (Egiguren anaiena, adibidez, Euskal idazleak atzo ospetsu hartan ikusgarri), baina sobera luze joko liguke joera guztien nolabaiteko zerrenda egitea.

Ez da toki orotan berdin gertatzen, baina nik esango nuke gurean, bestetik, “paradaren fenomenoa” gertatzen da, idazlearentzako zinezko enboskada izaten dena: agerraldia egin du liburua aurkezteko, eta argazkilariak agerraldiaz haratagoko argazkiak egin nahi lizkioke (eskatu dizkiotelako, normalean), “ohikoegiak ez izateko”. Aparteko argazki horiek, ordea, aurkezpen ekitaldiko egoitzaren ingurumarian egin beharko ditu (presaka dabil), eta, beraz, idazleak, derrigor, kale antzerki pixka bat egin beharko du, ahalik eta aurpegi dotoreena jarriz gainera.

Biharamuneko egunkarian, idazlea kale-kantoi batean aterako da, burua beste kalearen bueltatik agertuz bezala (kuku, hemen nago!), erdi ezkutaturik, liburua eskuan…

Argazkiek, baldintza horietan eginiko argazkiek, gutxi agertuko dute idazlearen profiletik, are gutxiago liburuaren osagarrietatik (ezpada liburua Donostiako Alde Zaharrean edota Bilboko Likiniano inguruan kokatuta dagoela, bi adibide jartzearren). Arazoa, ordea, erredakzioetan ote dagoen da nire susmoa.

Adibidez, erredakzioarentzako liburua kaleratu izana liburuaren aurkezpena baino garrantzitsuagoa balitz, arazoa dexente apalduko litzateke. Alegia, albisteen eta ez-albisteen artean bereiztuko balute (gertatzen ez dena, portzierto). Liburu aurkezpenaren argazkia nola ez da ba aspergarria izango, aurkezpena bera terrorifikoa eta jasangaitza izan bada? Nekez!

Argazki onak egiteko, Cartier Bressonen eredura (pedante jarri naiz?) itzuli behar genuke. Idazlearen beraren testuinguruan sartu, bere unibertsoan edo, zehazkiago, egin duen liburuaren unibertsoan. Han agertzen diren detaileekin, irakurleak idazlearen testuaren gakoak aurkituko ditu agian, eta argazkia liluragarria eta gogoangarria izango da, bidai moduko bat. Bortxaketa bat ere bai, noski.

Baina hori beste kontu bat da…

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.