haragi puska publikoa

Idazlea, pribatuan idazten duenean ere, publikoa da. Eta publikatzen duenean pribatuan geldi daiteke. Hori da idazlearen tragedia, ez daki non zer dagoen: fikzioan ala errealitatean, publikoa ala pribatua… Muga horretan nabil beti eror zorian: ez badut testuan nitarik zerbait ematen, ez badut naizen gauza txiki, batzuetan debaldeko horretarik zerbait ematen, ez naiz idazle gisa bakean sentitzen. Liburu bakoitzean nire haragi zati bat ematen dut. Bizia eta minbera den haragi zatia. Testu guztietan saiatzen naiz zerbait eskaintzera. Batzuetan begiak ixten ditut ez ikusteko zer ematen dudan. Ez bakarrik nitarik, inguratzen nauen mundutik eta munduarekiko nire harremanetik ematen dut, nire ikusmoldea, demagun, harroegia izan gabe. (Itxaro Borda. Berria, 2007-08-28)