Maiatz, 25 urte

Itxaro Borda

Iragan maiatzaren 19an Baionan ospatu genituen iparraldeko literaturaren laborategia den aldizkariaren 25. urtemuga. Handizki apailatu genuen eguna, lekukotasunak hiriko elkarteen etxeko gelan luzatu mahaira bata bestearen atzetik zetozela, bakoitzak bere anekdota, bihotz min eta gertakariak aipatzen zituela. Luzien Etxezaharretak, gaurkoan aldizkariaz axolatzen denak, are gehiago erretreta hartua duenean, master of ceremony moduan obratzen zuen, gainerakoei pasatutako denboraz gogoetatzeko astia baimenduz.

Hogeita bost urte pasatu zaizkigu, beraz, 1981ko maiatzaren 10etik hartarik hona: mugak ez gaitu gaztetzen alaina. Garai hartan ezer ez zegoen iparraldeko idazleen babesleku gisa eta literatura idaztea ofizio debaldetzat zeukaten hemengo jakintsu haboroxienek. Iparraldeko kulturaren apezpikua zen Piarres Lafittek literatur-testu bat kometitzea aipatzen zuen beti, funtsean barka ezinezko krima bailitzan: euskal gauzen ikerketa hobesten zen, hilerriak, sorginak, jantziak, dantzak, idazki zaharrak. Orduko gure mundua iraganari begira zegokion, iraganaren azterketak zekarkeen unibertsitate mailako ohore bila.

Bestalde, hegoaldean literaturaren foltsua jotzen hasia zen, hamarkada bat lehenago, merkatu-muskila hezetzen eta belaunaldi berrien aldizkariak loratzen Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Iruñean. Bizkitartean iparraldeko idazle askok Herria astekarian izkiriatzen ziharduen, artikulu formatuan. Une batetik hara espazio gehiagoren premia sentitzen zuten, ipuinak eta, zergatik ez, noizbait nobelak ere plazaratzeko asmo sekretuak balakatuz. Argitaletxeetako ateak, egia erran, zerratuak ziren, terrae nulliusetarik zetozen izengabeko idazleontzat, iparraldean bertan nola ez, bai eta hegoaldean.

1981ko azaroan Baionan berrogeita hamar bat idazle bildu ginen: Manex Lanathua, Aurelia Arkotxa, Luzien Etxezaharreta, Manex Erdozainzi-Etxart, Piarres Xarriton, Mayi Pelot, Etxamendi, Allande Duny-Petre besteak beste, eta Maiatz elkartea sortu zen, aldizkariak berak argia ikusiko zuela 1982ko otsaila karrointsu batez. Azala beltza zeukan eta barnea beltzago. Lehen orrialdean aurkitzen zen Maiatz kideen credoa: literatura da egingo duguna errealitatean bermatuz, Europan zehar publikatzen denaren antzekoa, itzulpenak eta sorkuntzak. Ordutik hona credo hori indarrean egon da, aldizkaria idaztera atrebitzen zirenen plaza irekia bilatzen zela, batzuen garapen leku, besteen irakurlearekiko lehen atari. Erran behar dut, eta horrek noiztenka hegoaldeko kritikalari zenbaiten harridura sustatu zuen, Maiatz-en ez dela sekula testu bakar bat zentsuratu, testuei bederazka, literatura izateko aukera eman zaiela hots. Ez zegoen linea editorial finkorik, idazteko ahala akuilatzeaz, bultzatzeaz eta askatzeaz salbu.

Linea editorial finkorik ez genuela diot, baina bagenekien zer ez genuen izan gogo: bilkura gatazkatsuak gertatu ziren gure artean 1985 aldean, batzuk Maiatz ikerketa zientifiko, linguistiko eta paraliteratura aldizkari moldean berrantolatzeko xedea agertu zutenean; batzar sutsuak halaber, plantatu berria zen Kultur Zentro ofizialarekiko harremanen norakoaz eztabaidatzean, gaurko egunean Maiatz Euskal Kultur Erakundearen diru-laguntza jasoz aurrera doalarik, diru hori gure dirua ere baita, zerga-ordaintzaileak garen heinean. Maiatz literaturaren aixolbe zen eta salmenta zuzenen sosetik iraun zuen hainbat urtez. Ezinbesteko bi lorpen, geroarekiko.

Halatan, Maiatz taldeko partaideek hor ikasi genuen, pentsatzetik irakurleen eskurainoko testuaren bidearen nolakotasuna. Esperientzia beharrezkoa idazle batentzat, ikusten baitu kate astun horretako maila bat baizik ez dela, merkatuak denetan idazlea abiapuntu erraldoi erara aurkezten duenean. Olerki baten ideiaren eta leitzailearen begiaren erdigune malguan, editoreak, zuzentzaileak, maketistak, irarkolak, prentsa-baliabideak, banatzaileak, liburu-dendak daudela konturatzea garrantzitsua izan da guretzat, idazteko orduaren erlatibizatzeko eta bazterreko ekileekiko harreman baketsuagoak edukitzeko. Aberasgarria zen poema bilduma bat atera Maiatz-en eta ostera hura eskutik eskura saltzea Aberri Egunetan, Herri Urratsen, Lapurtarren zein Nafarroaren Egunetan, Durangon edo Saran. Inoiz ez du galdu Maiatz-ek irakurlegoarekiko kontaktu horren gustua.

Hogeita bost urteak ahuspatzean, mende laurden honetan fidelki jarraitu gaituztenak oro eskertzeko gutizia gugan ezin dugu menpera: noiztenka, batzuk, eroak eta buruan fantasia baizik ez genuen izakiak bagina kontsideratzen gintuzten, baina gaur aldizkariaren iraupen ahalaz galdezka dabiltza, idazle gazteek ez dutelarik jada trebatzeko zein ausartzeko literatura izparringi artesanal eskakizunik. Bekak badira, idazle berriak lehenesten dituzte argitaletxeek, emakumeak baldin badira hobe; iparraldean bertan nabaritzen den oldea da. Hargatik Maiatz-ek, duela 25 urte zizelkaturiko betekizunean darrai gure irudiz, argitaletxeetara heltzen ez diren idazkiak publikatzen, izan iparraldeko, izan hegoaldeko.

Ez dezagula ahantz Maiatz aldizkariak liburu sail berezia abiatu zuela 1984an. Katalogoari so bat botatzea nahikoa da, ohartzeko ez direla nolanahikako liburuak, itxuraz xumeak agertu arren. Mayi Pelotek non publikatzen ahalko zituen bere ipuin extralurtarrak Maiatz-en baino? Ur Apalategik, saio poetikoa partekatua non egingo zuen? Eta Antton Lukuren Botoiletan hura non jalgiko zen? Piarres Aintziarten lumatik isuri orrialderik bazatekeena Maiatz izan ez balitz? Galderak herroka genezazke erraz.

Maiatz aldizkariak zaintzen du laurogeiko hamarkadan hedatua zen do it yourself ildoko alternatibo punk kutsua, gutariko bakar batek kopeta gainean kukurusta gorririk eroaten ez duen arren. Baina nabaritzen zaio oraindik literatura hutsarekiko samurtasuna, errealitatearekin hausteko gutizia, fikzioan euskara lantzeko eta eraginkorrago bihurtzeko desira eta iparraldeko egoeraz etengabe hitz egiteko ametsa, ez araiz ilusioa, hemen bertan pairatzen den marasma kulturalaren lur erreetan idazleak idazle aurkezteko harrotasun zerbait alegia.

WordPress database error: [Incorrect file format 'utikan_comments']
SELECT * FROM utikan_comments WHERE comment_post_ID = '227' AND comment_approved = '1' ORDER BY comment_date

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.