tiraden murrizketa (2)

Nire beldurra da orain arte bezala segitzen badugu, galduz eta galduz, halako batean makina gelditu egingo dela, ez dela errentagarri izango liburuak ateratzea. Badakigu orain ere liburu batzuekin galdu egiten dela, beste batzuekin pare-edo, eta beste batzuekin irabazi. Horrela mantentzen da oreka, ozta-ozta. Ateratzen den liburu bakoitzeko galtzen bada, akabo edizioa. Puntu horretaraino iritsi gabe ere, tiraden jaisteak badu ondorio beltzik, eta ez ekonomikoak bakarrik, kulturalak ere bai. Aleen murrizketak eskaintza editoriala jaistea dakar, liburua irakurtzera emateko aukerak murriztu egiten ditu. Badago gehiago ere: bide horretatik liburu minoritarioak hil egingo lirateke, errentagarri diren liburuen bila joango liratekeelako argitaletxeak, bizi ahal izateko. (Joan Mari Torrealdai. Berria, 2008-01-29)