sobornagarritasuna

Raymond Carverrek Strauss Living Award beka jaso zuen 1983. urtean. Urte horretan hasi eta ondorengo bost urteetan 35.000 dolar jaso zituen urtero-urtero. Kasualitatea ote da bere ipuinik onenak sasoi horretan idatzi izana? Bai, jakina… Kasualitatea da. Ongi da, kalkula dezagun azken hogei urteotako prezioen gaineko zergaren igoera eta ea zenbatean geratzen zaizkigun 35.000 dolar horiek… Lepoa egingo nuke 50.000 dolar baino gutxiago ez direla izango. Idazle baten independentziaren prezioa izan liteke hori –nire independentziarena bada, behintzat–. Gurean, ordea, badago halako sentipen bat, idazlearen sobornagarritasunaren langa oso baxu ipintzen duena. Badirudi dozena bat mila euro jasotzen duena boterearekiko otzan bihurtzen dela, zergatik eta, zortzi hilabetez alokairua soluzionatzen diotelako, galdu egin beharko lukeela boterea kritikatzeko aukera. Ez gaitezen xaloak izan: hain merkeak ere ez gara. Eskupekoa diruarekin nahasten da hemen, hori da arazoa. Alda dezagun lekuz eztabaida: mintza gaitezen benetako diruaz, ez eskupekoaz. (Harkaitz Cano. Fikziozko dirua, Argia, 2008-02-24)