Beste Ivan Denisovitx batzuen egunak

Gorka Arrese

Bihar ehortziko dute Alexandr Soljenitsin.

Presaka bizi garenez, eta presondegiko kontuez aspertuta, ez dizkiot inori gomendatuko Gulag artxipielagoa edo Minbizidunen Eritegia mardulak, gomendatuko diot laburra: Egun bat Ivan Denisovitxen bizitzan. Joan deneko hogei urte honetan eskuraezina izan den liburu hauxe erakustegi guztietan edukiko duzue laster (horrelakoak gara editoreak).

Bihar Alexandr Soljenitsin ehortziko dute, gaur Marina Petrella libre uzteko eskatuko dio Frantziako Justizia Ministerioari fiskaltzak.

Ez abokatuak, fiskaltzak baizik.

Hiltzeko arriskuan dago. Marinak berak esana du ez dutela Italiara bizirik eramango.

Bi idazleren artean Marina Petrella: honi zer egiten ote dioten adi Cesare Battisti.

* * *

Espainiako lehendakariordeak esana du, herenegun, ez dutela permitituko presondegitik irtendakoek biktimak eta biktimen familiak irain ditzaten. Atzean, Parot doktrina: legeak ezarritako zigorrari zigor politikoa erantsiko zaio.

Cesare Battistik “berunezko urteetan” kokatu izan ditu bere nobeletako pertsonaien gaztaroak eta ikasteak. Zikinduak dira, ez haatik damutuak. Idazlea bera eredu. Horregatik da arriskutsua Battisti, idazlea delako, argi egin nahi duelako historiaren zoko ilunetan barkamena eskatu beharrean.

Ez du justizia Soljenitsinek baino gutxiago maite. Baina zigor politikoa merezi omen du.

Brasilen daukate atxilotua, Frantziak (Italiara estraditatzeko) eskatu estradizioari baietza eman zain.

* * *

Autonomia Operaria taldeko militantea zen Marina Petrella. Berrehun burkiderekin batera epaitu zuten 1988an, eta 14 urtekoa eman zioten. Apelatu egin zuen, frogarik gabeko kondena izan zenez. Baina 1992an salaketa berriak zeuzkan fiskaltzak, bahiketa bat eta komisario baten hilketa: bizi osoko kartzelaldia eman zioten.

Artean baldintzapekoan zegoenez Frantziara egin zuen ihesi Mitterrand lehendakariak eskainitako aterpea baliatuta, eta bertan egon den 15 urteotan gizarte-laguntzaile lanak egin ditu batez ere, hain zuzen, marjinalak gizarteratzen.

Orain Italiak estradizioa eskatu du, horregatik giltzapetu dute frantsesek, aurrez Cesare Battistirekin egin bezala. Gose greba gogorrean sartua da. “Marina Petrellak ez du bizi nahi” izan da El País-n titularra, ironiko usteko fribolo. Adituak dira.

* * *

Ez dago barkamenik.

Ez dago barkamenik biktimei barkamena eskatzen ez dutenentzat.

Ez dago askatasunik biktimek barkamena eman artean.

Cesare Battisti ez da damutu, Marina Petrella ere ez. Zigor politikoa merezi dute.

* * *

Barkamenaren inguruan artikulu interesgarria argitaratua du Liberation-en Carine Trevisan irakasle (Diderot Unibertsitatea, Paris 7), idazle (Aurélien d’Aragon: un nouveau mal du siècle, 1996; Les Fables du deuil: la Grande Guerre, mort et écriture, 2001) eta presondegiko maistrak (Santé eta Fresnes, emakumezkoen sailean).

Carine Trevisanek baieztapen gutxi eta galdera batzuk egin ditu:

Zergatik hausten da Frantziak emandako aterpe eskubidea?

Zergatik Mitterrandek eskainia ukatu nahi du orain Sarkozyk?

Zergatik Ingrid Betancourt frantsesa hainbat urtez bahiturik eduki duten FARCeko gerrilariek aterpetu ahal izango dute Frantzian, Sarkozyk berak esan duenez?

Zergatik Sarkozyk eskaintzen die FARCekoei Autonomia Operariari —duela hogei urte eta gehiago suntsitutako erakundea— ukatzen diona?

* * *

Sarkozyk, sinatu duen Marina Petrellaren estradizioa gauzatzen baldin bada Frantzian sor litekeen iskanbilaren lehen zantzuak ikusita, jukutria berri bat asmatu du kapelu batekin bere bi buruak estaltzeko: estraditatu egingo du, baina lehen ministro Berlusconiri erregu egingo omen dio Italiako lehendakariari eska diezaiola grazia ahalmena erabiltzea Petrella barkatzeko.

* * *

Ez da aspaldi Silvio Berlusconik, barkamena eskatu ala ez erabaki behar duen horrek, inpunitatea lortu duela berak egin dituen legez kanpoko guztietarako.

Italiako erakundeak barkaberak dira.

Barkaberak dira, batzuentzat bakarrik. Giorgio Napolitanok, Italiako lehendakariak, Sarkozyk Berlusconiri eskatu behar diona, alegia, Berlusconik berari eskatu behar diona jakin duen orduko, Marina Petrellak biktimen barkamena behar lukeela deklaratu du.

(Ezaguna denez, biktimak barkatzen baldin badizu, kartzelatik ateratzen zaituzte ipso facto sententzia ezertan kontuan hartu gabe!)

Marina Petrellak ez du barkamena eskatuko, alabak kuraia handiz adierazia du prentsa fribolo eta morbosoaren mikroek ikaratu gabe: “Ongi esplikatu izan dit urte haietako Italiaren egoera, intentsitate apaleko gerra zibilean bizi izan ziren eta alde biek eduki zituzten bajak…”

Horregatik da arriskutsua Marina Petrella, argi egin nahi duelako historiaren zoko ilunetan, memoria trasmititzen duelako.

* * *

Giorgio Napolitano lehendakaria –horra!– komunista izana da, alderdikoa alegia, ia mende erdiz, alderdia bera zatitu zen arte.

Ez dakit Napolitanok –alderdiaren linea ofizialaren jarraitzaile ez ezik ezarlea ere bagenuen arren– Soljenitsinek salatu presondegi eta zigor sistemena propaganda antisobietikoa zela defendatzen zuten haietakoa zen edo ez. Errespetua zor diot eta orain esango balu Soljenitsin askatasunaren aldeko militante izugarria izan zela, zinez esaten duela sinetsi behar nioke.

Baina Napolitanok –Soljenitsinenganako miresmena ezertan hondatu gabe– onartuko lidake, noski, biziki interesgarria izan litekeela ber-heziketa eremutxo batzuk sortzea, (beste) artxipielago bat alegia, beren okerkeriaz damutu nahi ez dutenak beratzeko…

WordPress database error: [Incorrect file format 'utikan_comments']
SELECT * FROM utikan_comments WHERE comment_post_ID = '356' AND comment_approved = '1' ORDER BY comment_date

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.