Itzultzailearen nekeak,
editorearen ardurak
eta sarizale handiaren lanak

Koldo Izagirre

Iaz Ulenspiegelen Elezaharra itzuli nuen, lan luzea berez, hizkera mailako zalantzak zirela kausa are luzeagoa gertatu zitzaidana. Ez dut uste aurkezpenetan eskertu nuenik EIZIEk eta Elkar-Alberdaniak nire motelarekin eduki zuten pazientzia. Bego hementxe aitortua, beraz, haienganako zorra.

Ederra da patxadaz itzuli ahal izatea, abantaila horixe daukagu euskaldunok: merkatuak ez dauka presarik, ez gaitu itokarrean jartzen…

Jatorrizkoa ustez ongi ulertua eta barneratua daukadanean, inguruko hizkuntzetan nola eman duten hartzen dut beti kontuan, zailtasunak nola erraztu dituzten ikusteko, arrotzak egiten zaizkidan terminoak zehazteko…

Gaztelaniazko eta italierazko Ulenspiegelak eduki nituen mahai gainean.

Charles de Coster belgikarrak idatzi zuen frantsesez Ulenspiegelen Elezaharra XIX. mendean, baina XVI.ean kokatu zigun istorioa, flandriarrak nazioa askatzeko borrokan espainiar okupatzaileen aurka ari ziren orduan. Nobelan Carlos V. eta Felipe II. erregeak ageri dira, Albako Dukea, Inkisizioa… eta ez izugarri gozo tratatuak: Espainiak flandriar haiek nola, hala geroko flandriar gureak Espainia. Italiarrek gozatu ederra hartuko dute noski Erroma su eta zaku hartu zituzten haiek berak flandriar lotsagabea ezin akabaturik ikusita…

Obra bakan eta bikain hau lau bat aldiz argitaratu izan da gaztelaniaz, baina osorik bitan bakarrik, Espainian 1927an eta Argentinako Hachett editorialean 1955ean. Espainian 1927az geroztik atera diren edizioak, 1971koa eta 1986koa, “aizturrak pasatakoak” dira biak, ahapaldiak ez ezik kapitulu osoak falta dituzte.

Edizio horietan falta dena ez da gutxi, baina, jakina, gaztelaniaz irakurriko ez ditugunak Espainiaren historia kristau-inperiala kolokan jartzen dituzten zatiak dira bakarrik. Gainerako guztia, gordinena ere, ederki dago gaztelaniaturik.

Ulertzekoa da, 1971n, zentsurak onartuko bazuen, obra “doitua” aurkeztea.

Baina zergatik Espainia beltzaren egia estali 1986an, Espainian demokrazia ezarria zelarik eta sozialistak hauteskundeak gehiengo absolutuarekin bigarrenez irabazita zeudelarik gobernuan?

Utzikeria, aurreko edizioaren kopia hutsa?

Zergatik ez zuten kopiatu 1927koa?

Zentsura barik, editoreek berek abertzalekeriaz eginiko doiketa ote?

Edo ahantzi egin ote zitzaien 1971koa aizturtua zela?

* * *

Ulenspiegelen Elezaharra amaitu nuela urtebete ez eta aspaldi hitz emandako lantxo bati ekin nion, arrunt bestelakoa gaiez, estiloz eta luzeraz: Saint-Exuperyren Gaueko hegaldia. Seiehun eta gehiago orrialdekoa hura, laurogeikoa hau. Ez hura baino samurragoa baina, euskaratzeko.

Hegoamerikan gertatzen da Gaueko hegaldia, Hegoamerikako zeruan, hirietan eta bulegoetan. Pertsonaiak frantsesak dira, aurkintzaren zatitxo bana dira amerikarrak. Goitik ikusiko ditugu beti, ez dute hankarik sartzen bulegoetan. Hirietan jende oldea dira, ez arazoak dauzkaten langileak. Ez espainiarrik ez haien ondokorik daukagu beraz pertsonaietan, eta gaiak zerikusi gutxi dauka kolonialismo edo inperialismo klasikoarekin.

Hala ere, zatiak falta dira espainierazko bertsioan.

Jatorrizkoa:

“Mais Robineau, ce soir, ne pensait guère qu’à ses misères: le corps affligé d’un gênant eczéma, son seul vrai secret, il eût aimé le raconter, se faire plaindre, et ne trouvant point de consolations dans l’orgueil, en chercher dans l’humilité. Il possédait aussi, en France, une maîtresse, à qui, la nuit de ses retours, il racontait ses inspections, pour l’éblouir un peu et se faire aimer, mais qui justement le prenait en grippe, et il avait besoin de parler d’elle.

— Alors, vous dinez avec moi?

Pellerin, débonnaire, accepta.”

(Horrela amaitzen da bosgarren kapitulua)

Espainierazkoa:

“Pero Robineau, eta noche, no pensaba más que en sus miserias: el cuerpo mortificado por un molesto eczema, su único secreto verdadero; hubiera deseado explicarlo, hacerse compadecer, pues no encontraba consuelo en el orgullo, lo buscaba en la humildad.”

(Horrela amaitzen dute bosgarren kapitulua

Plaza & Janes editoreek, 1984an eginiko edizioan)

Hots, hauxe ezabatua du espainierazkoak:

“Frantzian bazuen, halaber, maitale bat, hari, itzultzen zen gauetan, bere inspekzioneak kontatzen zizkion, doi bat liluratu eta maita zezan, baina ez zuen aintzat hartzen egia esan, eta hartaz hitz egiteko beharra zeukan.

— Beraz, enekin afalduko duzu?

Pellerinek, onbera, baietz.”

Zergatik falta ote zati hori?

Lanak nituen sinesten… Hemen ere… Alegia..?

Baina susmoa gauzatu egin zitzaidan XVIII. kapituluan.

Jatorrizkoa:

“Rivière pense à la main de Fabien, qui tient pour quelques minutes encore sa destinée dans les commandes. Cette main qui a caressé. Cette main qui s’est posée sur une poitrine et y a levé le tumulte, comme une main divine. Cette main qui s’est posée sur un visage, et qui a changé ce visage.”

Espainierazkoa:

“Rivière piensa en la mano de Fabien, que por algunos minutos posee aún su destino en los mandos. Esa mano que ha acariciado. Esa mano que se ha posado sobre un rostro, y ha cambiado ese rostro.”

Hots, “Bular batean pausatu eta, jainkozko esku batek bezala, asaldura harrotu duen esku hori” kendu egin da: “maitaleak” ezin du azaldu, “bularrak” ere ez, endemas (gizonezko baten) eskua pausatzen baldin bazaio…

Hemen ere, tamalez, lehenagoko edizio bat berrinprimatu da: Plaza & Janesek berak egin zuena 1960an.

Zergatik dira zenbait editore handi (Gallimard jatorra tarteko) horren estuak euskarari eskubideak saltzerakoan, eta horren zabalak beraiek (kontratuz) zaindu behar lituzketen egileen eskubide moraletan, hizkuntza nagusituekin? Zergatik ditugu horren estuak tratuan eta horren zabalak obraren duintasunean?

* * *

Saint-Exuperyren prosa zehatz eta dotorea ahalik txukunen euskaratzen hartutako nekea oraino guztiz kendua ez neukala, hona hemen iragan ostiralean, irailak 12, heldu zitzaidan egutuna…

Idazten dizugu esateko, zuk itzulitako Ulenspiegelen elezaharra liburua 2008ko Euskadi Literatura Sarietarako finalisten artean dagoela, euskarazko itzulpen onenaren modalitatean.

Bere lana egiteko, Epaimahaiak jatorrizko lanaren orrialde batzuk beharko ditu (lehen liburuko 7. ateletik 15. atalera, eta bigarren liburuko 1. ataletik 5.era), eta eskatzen dizugu mesedez orrialde horien kopiak guri bidaltzeko, behean duzun helbidera. Har ezazu agur bero bat eta zorionak finalista izendatu izanagatik

[X. X.]

Kultura Sustatzeko Zuzendaritza

Kultura Saila

Harritu gogor samar batzuk datozkigu berehala burura, bai…

WordPress database error: [Incorrect file format 'utikan_comments']
SELECT * FROM utikan_comments WHERE comment_post_ID = '358' AND comment_approved = '1' ORDER BY comment_date

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.