Iritzia epai

Jose Luis Otamendi

Utikan Euskadi Sariak manifestuaren sinatzaile naizen aldetik, nire iritzi batzuk argi uzten saiatu nahi dut. Susmo sendoak dauzkat zenbait urtetan sari horien atzean izan dela literaturaz gain beste zenbait gauza saritzeko asmoa, edo bestera esanda, badela literaturaz landako alderdi batzuk ez saritzeko joera. Eta derrigorra ez den arren, behin baino gehiagotan, batak besteari egingo zion dei, elkarren oihartzuna osatuz joera biek doinu bakarrean, sariek berezko duten bidegabeari beste bat zitalagoa erantsiz bide batez. Uste dut, saritu eta txalotu nahi ez direnen artean jarrera estetikoak eta postura ideologiko jakinak daudela. Hala dela uste dudalako diot.

Baina hori esateak berekin baldin badakar nire hitzetatik ondoriozta daitekeela, sariotan zuzenean eta zeharka parte hartzen duen oro gibel-asmoen eta jukutrietan partaide dela diodanik, oso motzean ulertzen ari dira nik adierazi ditudanak, edo seko txarra naiz pentsatzen dudana esaten. Manifestuak, sari horien jarduteko erari egin dio kritika funtsean.

Manifestua ez dago pertsonen kontra idatzia, sari horietan eman diren jokabide eta jaiera jakin batzuen kontra baizik. Funtzionatzeko era jakin bat da niretzat salagarri, makinaria interesatu hori. Idazleen, itzultzaileen aurkako ezer ba al dago agirian? Irabazleen eta finalisten aurkako ezer ba al da hor? Ni ezezkoan nago. Jakina, makinaria guztiak, zeinahi dela ere, pertsonon gauza direla, baina horrek ez du ez hobendun, ez konplize egiten makinariak harrapatu edo baliatu duen guztia. Epaimahaikoen artean, amarrurik, lagunkeriarik onartu duenaren kontra banago, noski, aldiz beste guztien kontra ez. Nirekin ados ez daudenak barne. Sarien irabazleen artean, jakinaren gainean, amarrurik edo lagunkeriarik onartu duenik bada, haren kontra nago, ez beste guztiena. Gogaide, irizkide ez ditudanak barne.

Ni ez nator bat Euskadi Sarien inguruan dagoen jendarte mailako onartze tazitoarekin, eta agiria sinatuta hori erakutsi nahi izan dut. Nire aburuz sari horiek ez dira nahikoa objektiboak eta garbiak, nago sariak ematen dituen erakundea eta berak ordezkatzen duena aupatzeko daudela sariok, sarien gaia bera (literatura) edo sarituak goratzeko bezainbatean edo areago. Hori dela eta, auzi honen alderdiak eta on-gaitzak neurtuta, joko horretan parte hartzeari uko egitea erabaki dut. Sinatzaileok egin dugu hautu hori, libreki, bizi garen jendarte honetan izan daitekeen bezain libreki. Ez sinatzea bezain libre, konparazio baterako.

Duela gutxi Utikan manifestuaren sinatzaileetako bati irakurri nion, hark lagun asko zuela sinatu ez dutenen artean, eta lehen bezala poztuko dela haietakoren batek sariren bat irabazten duen bakoitzean. Dudarik ez daukat Utikan Euskadi Sariak manifestua kulturaren alde mintzo dela, ahalegin osasungarria dela. Horregatik sinatu dut. Eta uste dut bere txikian disidentziarako aldarria ere badela sinatu dudan idatzia.

WordPress database error: [Incorrect file format 'utikan_comments']
SELECT * FROM utikan_comments WHERE comment_post_ID = '55' AND comment_approved = '1' ORDER BY comment_date

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.