Euskadi Sarien ispilu

Euskadi Sarien berri jakin nahi izanez gero, aski duzu Interneten konektatzea eta bilatzailean “Euskadi Sariak” idaztea. Lehen emaitzetan ageri dira Eusko Jaurlaritzaren “Euskadi.net Euskara” eta “Euskadi.net Kultura”. Bietan klik egin eta gidatuko zaituzte helbide honetara:

http://www.premioseuskadi.info/euskara/portada.htm

Ez zara harrituko webgunearen izenarekin: “premioseuskadi”, ohitua zaude noski elebitasunaren zoragarrietara.

Baina bilatzaileak emaitza gehiago ere emango dizkizu beherago, eta halaxe iritsiko zara webgune ofizialetara:

http://www.euskadisariak.net/euskara/portada.htm

eta

http://www.premioseuskadi.info/castellano/portada.htm

Nabigatzean beti aldean edukitzea komenigarria izaten den harkaitz eta arrezifeen mapa txiki bat egin dizugu, Miren Azkarate Kultura Sailburuak aurkezpenean dioen bezala, “euskaraz eta gaztelaniaz” goza dezazun.

Web ofizial hori deskribatuko dizugu aurrena, kostaldea, nolabait esateko.

Sariaren ikurra ezkerrean, hondo berdearen gainean. Erdian “Premios literarios Euskadi Literatura sariak” (Euskadi hitza nabarmendua). Eskuinean, hizkuntza aukerak “castellano” eta “euskera” (”euskera”, bai). Behean, atalak, denak klikagarri:

  • Euskarazko Literatura
  • Gaztelaniazko Literatura
  • Haur eta Gazte Literatura
  • Literatura Itzulpen Onena

Eta beherago, beste hiru klikagarri:

  • Hasiera
  • Zer da Euskadi Saria?
  • Urtez-urte (horrelaxe, gidoiarekin)

Hori titularra da, orrialde nagusiaren goialdean.

Orriaren gorputza hiru zatitan bana liteke, ezkerretik eskuinera honela:

  • Miren Azkarateren hitzak
  • Euskadi Sarien afixa
  • Lau sailak: Euskarazko Literatura / Gaztelaniazko Literatura / Haur eta Gazte Literatura / Literatura Itzulpen Onena

Behean, eskuinera, Eusko Jaurlaritzaren ikurra.

Zatoz bada irakurketa honetan barrena, nabigazio birtualak ekar diezazkizukeen kulunken berri atzamarra saguari eragiten nekatu behar izan gabe eduki nahi baduzu.

***

Lehen orri nagusiak eskaintzen dizkigun lau sailetan barrena egingo dugu lehen itsasketa, euskarazko bertsioan:

Euskarazko Literatura. Klik, eta: 2006tik 1998 bitartean sarituriko obren azalak. Sariok 1997an abiatu ziren, baina urte hartakoa ez da ageri (Aingeru Epaltzaren Tigre ehizan). Eta ageri direnei erreparatu, adibidez idazleen izenei: Lizarralde ez da Pello, Peio baizik; eta Lertxundi ez da Anjel, Angel baizik.

Gaztelaniazko Literaturan klikatu, eta: Object not found! The requested URL was not found on this server. The link on the referring page seems to be wrong or outdated. Please inform the author of that page about the error. If you think this is a server error, please contact the webmaster // Error 404 www.premioseuskadi.info

Haur eta Gazte Literatutan klikatu, eta: mezu bera!

Literatura Itzulpen Onenan klikatu, eta: mezu bera!

Pentsa zenezake URLaren edo halako tresna beldurgarriren baten akatsa izan litekeela hau dena, eta hala ote den jakiteko, “castellano” dioen horri eraginda zer azaltzen zaigun ikusten ahal duzu:

  • Literatura en euskera (sic): 2006tik 1998 bitartean sarituriko obren azalak.
  • Literatura en castellano: 2006tik 1998 bitartean sarituriko obren azalak.
  • Literatura para niños (sic) y jóvenes (sic): 2006tik 1998 bitartean sarituriko obren azalak.
  • Mejor Traducción de Literatura: 2006tik 1998 bitartean sarituriko obren azalak.

Esan dizuegu, sarreran, “euskaraz eta gaztelaniaz” goza genezala egiten zigula gomita edo aholku Kultura Sailburuak. (Baina ez bizkorregi estutu, ez hasi purrustaka, goiburuan klikagarri baitaukazu euskarazko beste menu bat).

***

Sari guztiak errazago ezagutzeko egin dezagun klik “Urtez-urte” dioen atal horretan, eta abia gaitezen nabigazio luzean.

2006koa

“Euskarazko Euskadi Literatura saria” atalean Etorkizuna liburu sarituaren izenburuan klik egin eta begiratuz gero “Epaimahaiaren erabakia”, amaieran ageri den zerrenda hau irakurriko duzu: Aurreko ekitaldietako irabazleak:

  • (1997) Ugarte, Pedro, Los cuerpos de las nadadoras, Ed. Anagrama.
  • (1998) Fernández de la Sota, José, Todos los santos, Ed. Hiperión.
  • (1999) Atxaga, Bernardo, Lista de locos y otros alfabetos, Siruela.
  • (2000) Díaz-Mas, Paloma, La tierra fértil, Ed. Anagrama.
  • (2001) Aramburu, Fernando, Los ojos vacíos, Tusquets editores.
  • (2002) Sánchez, Miguel, Pobeñeses, Ed. Bassarai.
  • (2003) Lizarralde, Pello, Larrepetit, Erein.
  • (2004) Muñoz, Jokin, Bizia lo, Alberdania.
  • (2005) Cano, Harkaitz, Belarraren ahoa, Alberdania.

Gaztelerazko liburuak saritu ote zituzten 1997tik 2002ra Euskarazko Euskadi Literatura sarietan? Ez al ziren sarituak izan ba Aingeru Epaltzaren Tigre ehizan eta Felipe Juaristiren Galderen geografia eta Anjel Lertxundiren Argizariaren egunak eta Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion eta Ramon Saizarbitoriaren Gorde nazazu lurpean eta Itxaro Bordaren %100 basque liburuak?

2005koa

Harkaitz Canoren Belarraren ahoa liburu sarituaren izenburuan klik eginez gero, gaztelera hutsean irakurriko dituzu liburuari buruzko epaimahaikideen iritziak. Webaren beste hizkuntzan klik eginda, gaztelaniazko bertsioan alegia, ez duzu euskarazkorik aurkituko, uste zenuen bezala. Ez da paper-aldaketarik egon.

Liburu honen beronen azalaren azpian ageri den “Epaimahaiaren erabakia” dioen horretan klik eginda, horixe ageri da, erabakia, baina gaztelaniaz. Itzul zaitez ostera orri nagusira, eska ezazu gaztelaniazko bertsioa, eta hantxe daukazu… gaztelaniaz ostera ere. Ez da paperen zehar-aldaketarik gertatu, zeharo-galketa baizik.

Haur eta Gazte literaturan saritutako Xabier Olasoren Pupuan trapua liburuaren izenburuan klik eginda, gaztelera hutsean dituzu epaimahaikideen iritziak. Itzul zaitez ostera orri nagusira, eska ezazu gaztelaniazko bertsioa, eta hantxe daukazu… gaztelaniaz, noski. Paperak galdu edo, epaimahaikoen erabakia euskaratu gabe ote daukate oraindik?

Itzulpenak aipatuta, Karlos Zabalak euskaraturiko Emile Zolaren Parisen sabela liburuaren izenburuan klik eginez gero, Anton Garikanok euskaraturiko Leo Perutzen Bederatzietatik bederatzietara liburuaren azala agertuko zaizu (sail berekoa, baina beste urte batean saritua, 2004an hain zuzen), eta epaimahikideak ez daude zuzen (alegia, ez dugu esan nahi epaimahaikideak oker zeudela beren erabakian, bazik eta epaimahaikide ageri direnak ez direla Parisen sabela saritu zutenak: 2004an Bederatzietatik bederatzietara saritu zutenak dira eta, beraz, oker-zuzen daudela esan genezake), eta liburuari buruzko iritzia ez da Parisen sabela liburuari buruzkoa, eta sinopsia ere ez.

Ez duzue aurkituko Karlos Zabalak itzuliriko Parisen sabela-ri buruzko iruzkinik, ez euskaraz ez gaztelaniaz, bertsio honetan ere Anton Garikanok kendu baitio lekua, Leo Perutzen Bederatzietatik bederatzietara liburuarekin, eta epaimahaiaren erabakia, gaztelaniazko bertsioan ere, euskaraz dator: gaztelania uharte inbaditua, bai. Bestalde, ez pentsa 2004an Bederatzietatik bederatzietara barik Parisen sabela aurkituko duzuenik, han ere Anton Garikanorena ageri da, gaztelania ez ezik euskara ere inbadituz…

Ez bizkorregi estutu, ez egin purrustarik. Ez ahaztu goiburuan baduzula beste menu bat. Sar zaitez “Literatura Itzulpen Onena” dioen horretan. Hortxe daukazu Karlos Zabalak itzuliriko Parisen sabela. Dena ongi dago, dena euskaraz, epaimahaiaren erabakia izan ezik.

2004koa

2004ari buruzko zatia, webaren orrialde nagusian, ez beti baina bai gehienetan, euskarazko bertsioan, eten egiten da:

  • Euskarazko Euskadi literatura saria, Bizia lo, Jokin Muñoz
  • Gaztelaniazko Euskadi literatura saria, Historia de las malas ideas, Eduardo Gil Vera (sic).
  • Haur eta Gazte literatura… hortxe eteten da, izenik eman gabe.

Azpian berriro hasten da, eta hau azalduko zaizu:

  • Euskarazko Euskadi literatura saria, Bizia lo, Jokin Muñoz.
  • Gaztelaniazko Euskadi literatura saria, Osaba Bin Floren, J.M. Olaizola.
  • Itzulpengintzarako Euskadi saria, Bederatzietatik bederatzietara, Anton Garikano.

Beraz, ez da ezer falta, bigarren zatiari esker dena osatu da, Haur eta Gazte literaturakoa Gaztelaniazkoaren lekuan agertzen bazaigu ere. Gaitz erdi!

Urte honetan adur txarrekoa izan genuen Gaztelaniazko saritua, gaizki pentsatzen hastekoa da, baina berehala argitzen zaigu kontua ohartzen garenean urte horretako irabazlea Eduardo Gil Bera dela, euskal idazlea, nahiz eta Eusko Jaurlaritzak, bere fobia anti-erdaldunean, gaztelartu egin dion abizena: Eduardo Gil Vera.

Ukatu egin nahi ote du Eduardo lagunak bere euskaltasuna? Ea, ikus dezagun liburuaren azala hemen bertan, alegia webean bertan, beti eta bertsio guztietan “Gil Vera” dioen honetan bertan: Destino (argitaletxea), Historia de las malas ideas (izenburua) Eduardo Gil Bera (egilea). Halaxe ageri da webak berak eskaintzen duen liburuaren azalean, baina webeko link guztietan “Vera” ikusiko duzu…

Adur txarrekoa izan zela genioen, ez baitira horrenbestez amaitzen Eduardo Gil Beraren nekeak Euskadi Sarietan, zigortu egin nahi izan ote dute gaztelaniaz idazteagatik? Zeren… horra zer azaltzen zaigun “Epaimahaiaren erabakia” klikagarrian klik eginda: “Epaimahaiak ahobatez erabaki du Antonio ALTARRIBAren La memoria de la nieve izenarekin idatzitako eta Espasa-Narrativa argitaletxean argitaratutako liburuari “Euskadi Saria” ematea”.

Ez, ez abantadan hasi La memoria de la nieve-ren bila, ea Historia de las malas ideas topatzen duzuen haren ordez.

Gaztelaniazko bertsioan, “Decisión del jurado” horretan klik eginda, Gil Berarena ageri da, eta ez Altarribarena. Euskaraz bakarrik dago oker.

2003koa

Eduardo Gil Beraren izenarekin bezalatsu Pello Lizarralderenarekin. Larrepetit, 2003an saritua izandako liburuaren azalean Pello Lizarralde irakurriko duzu argi asko, eta hala ere webgunean Peio Lizarralde, bai liburu-azalaren azpian bai idazlearen biografian. Eta baita epaimahaiaren erabaki eta iritzi testuan ere, nahiz eta idazlea beti Pello Lizarralde izan den, 1978an bere lehen liburua argitaratu zuenetik behintzat.

Gaztelaniazko biografiaraino iritsi beharko duzu Pello irakurtzeko: “Pello Lizarralde nació en Zumárraga en 1956″. Eta ohartuko zara ondoren, epaimahaiaren gaztelerazko erabaki-iritzian ere ez dagoela (ia) hutsik: “El jurado ha acordado, por unanimidad, conceder el Premio literario “Euskadi”, en su modalidad de literatura en euskera correspondiente al año 2003 a Pello Lizarralde por su libro Larrepetit editada (sic) por Erein”.

Edo epaimahaiak gazteleraz idatzi zuen erabakia idazlearen izena zuzen emanez, eta ondoren itzultzaileak oker aldatu zuen; edo alderantziz: epaimahaiak euskaraz idatzi zuen erabakia idazlearen izena oker emanez, eta ondoren itzultzaileak fin bete zuen bere lana, idazlearen izena zuzen ematearren. Kontuak nola diren: euskaraz bakarrik dago beti oker.

2002koa

2002. urtean Miguel Gonzalez San Martinen Pobeñeses saritu zuten. Epaimahaiaren erabakia jakin nahiko duzu agian, baina ez duzu ebazpenik aurkituko, ez euskaraz ez gaztelaniaz. Bi bertsioetan ere, erabakiaren arrazoien ordez epaimahaiaren osaketa dator, eta sariaren zenbatekoa. Azpian, finalisten zerrenda. Hori bai, euskarazko bertsioan euskaraz eta gaztelaniazko bertsioan gaztelaniaz.

2001ekoa

2001ean Fernando Arambururen Los ojos vacíos saritu zuten. Menu nagusiko liburuaren azalean Aranburu jarri diote abizena, nahiz eta gero euskarazko bertsioko testuetan beti Aramburu agertu, Tusquets argitaletxearen edizioan idazleak sinatu bezalaxe.

Gaztelaniazko gunean, liburu azalaren azpian ere Aranburu dator; hala berean biografian: “Fernando Aranburu nació en San Sebastián en 1959″, ondoren Aramburura igaroko den arren: “Fernando Aramburu se ha dedicao (sic) tanto a la poesía como a la prosa”. Horixe jarri behar luke, bai: “se ha dedicado a la poesía”.

2000koa

Urte honetan saritutako Lourdes Oñederraren Eta emakumeari sugeak esan zion liburuaren tituluan klik eginez gero sinopsia azalduko zaigu, eta sinopsia, aldamenean daukan azala Leo Perutzen Bedaratzietatik bederatzietara liburuarena izan arren (Anton Garikanoren beso luzea nonbait orain ere lanean), Eta emakumeari sugeak esan zion liburuarena da.

Leo Perutzen liburuaren azalaren azpian bi klikagarri dauzkazu: Lourdes Oñederra, egileari buruzkoak jakiteko, eta Zatiak, bere liburuaren zatiak, Eta emakumeari sugeak esan zion liburuarenak alegia. Baina ageriko zaizkizun zatiak Pello Lizarralderen Larrepetit-enak dituzu, liburu beraren azalaren ondoan. Ez horrelakorik abisatzen duelako, guk biak irakurriak dauzkagulako dakigu Larrepetit-enak direla, eta zati horiek ez direla ageri Eta emakumeari sugeak esan zion liburuan.

1999koa

Urte honetan saritutako Anjel Lertxundiren Argizariaren egunak liburuaren izenburuan klik eginda, 2004an saritu zen Jokin Muñozen Bizia lo liburuaren azala agertuko zaizu.

Gaztelaniazko Sarian, “Epaimahiaren erabakia” klikagarrian sakatuta, euskarazko bertsioan gaudela beraz, hauxe ageriko zaizu: “En Bilbao, a 30 de agosto de 1999. Los arriba reseñados, todos miembros del jurado designado por la Consejera de Cultura (Orden de 19 de mayo de 1999, BOPV nº 103, de 2 de junio) al objeto de evaluar la calidad de las obras presentadas al Premio literario “Euskadi”, en su modalidad de literatura en castellano, en su edición 1999 (Orden de 12 de mayo de 1999, BOPV nº 91, de 17 de mayo)”. Eta beherago, epaimahaiaren erabakia hizkuntza horretan bertan.

Ez, ez bilatu euskarazkorik erdarazko bertsioan. Orain bai, ironiarik gabe esaten ahal dugu, ez zuten itzuli. Hau ere zigorra ote da gaztelaniaz idazteagatik? (Bernardo Atxagak jaso baitzuen saria, Lista de locos y otros alfabetos liburuarekin).

Eta ez ezazu klik egin euskarazko bertsioan Lista de locos y otros alfabetos liburuaren azal gainean, Ramiro Pinillaren izena eta bere liburuaren azal-irudi txiki bat agertuko baitzaizkizu (baina gaitzerdi, liburuko pasarteak bai, horiek Atxagaren liburukoak dira). Segurutik dakigu ez direla Pinillarenak, biak irakurriak dauzkagulako.

Lehen hiru urteetan Zabalpen Saria izeneko bat ematen zen, akzesit moduko bat, eta urte honetan Andoni Egañaren Pausoa noiz luzatu liburuari eman zioten. Izenburuan klik eginda, sinopsia gaztelera hutsean agertuko zaizu, eta Andoni Egañari buruzkoak ere bai.

Egañaren argazkiaren azpian ageri den “Fragmentos” atalean klik eginez gero, Argizariaren egunak liburuaren azala ageri da, eta horren pasarteak irakurriko dituzu, Lertxundiren nobelarenak, ez Egañarenenak. Horiek ere irakurriak dauzkagu, eta horregatik dakigu dakiguna.

Egañari eta bere liburuari buruzkoak euskaraz irakurri nahi badituzu, alde batera utzi beharko duzu “Urtez-urte” ataleko zerrenda; joan beharko duzu “Euskarazko Literatura” atalera, eta han barruan dauden liburu-azalen artean aurkitu Pausoa noiz luzatu eta klik egin. Sinopsia euskaraz daukazu, idazlearen biografia ere bai… baina ez ezazu idazlearen argazki azpiko “sinopsia” eta “zatiak” horietan klik egin, Lertxundiren liburukoak dira-eta (baina orain sinopsia euskaraz). Eta dakiguna dakigulako esaten ahal dugu ez sinopsia ez zatiak ez direla Pausoa noiz luzatu liburuarenak: Egañak ez du plagiorik egin.

1998koa

Felipe Juaristiren Galderen geografia liburua izan zen saritua Euskarazko literaturan. Izenburuan klik eginda, Dublindarrak liburuaren sinopsia azalduko zaizu. Honetaz ere segurtasun osoa daukagu, irakurleak gara.

Xabier Montoiaren Gasteizko hondartzak liburuari eman zioten Zabalpen saria. “Epaimahaiaren erabakia” atalean klik eginda, Xabier Montoiak sari nagusiari zegokion diru-sari huraxe jaso zuela jakingo duzu. Akzesitagatik Felipe Juaristik bezainbeste hartu ote zuen? (Oharra: epaimahaiaren erabakia atalean Xavier Montoia da Xabier Montoia; ez ziren-eta ausartuko Javier Montoia idazten).

1997koa

Ibili garen sarien web ofizial horretan ez duzu 1997 urteari dagokion daturik aurkituko, Euskadi Sariak urte horretan hasi ziren arren. Beste honetan aurkituko dituzu, euskara.euskadi.net gunean:

1997ko literatur sariak

Web honetan ez da ageri apaimahaikoen ebazpen edo erabakien testurik batere, liburu bakoitzaren laburpen edo sinopsia baizik.

Hala ere, Haur eta Gazte literaturan saritua izan zen Xola eta basurdeak liburuak (Bernardo Atxaga) ez dauka ez laburpenik ez sinopsirik, titulua ez dago klikagarri.

Ez da horrelakorik gertatzen Bihotz bi. Gerrako kronikak liburuarekin (Ramon Saizarbitoria), baina bitxia da egileari buruzko eta obrari buruzko oharren artean dagoen desoreka nabarmena: obrari eskainitakoaren halako bi eskaintzen zaio kasik egileari.

Aingeru Epaltzak irabazi zuen Euskadi Saria Tigre ehizan lanarekin, eta bere liburaren azalaren ondoan klikagarri dauzkazu biak, “Tigre ehizan” eta “Aingeru Epaltza”. Egilearen izenean klikatzen baduzu, Aingeru Epaltzari buruzkoak azalduko zaizkizu, baina obraren tituluan klikatzen baduzu, Tigre ehizan liburuari buruzkoa ez baina Bihotz bi. Gerrako kronikak liburuari dagozkionak azalduko zaizkizu, eta Saizarbitoriaren nobela horren zatiak dira irakurgarri daudenak, ez Epaltzarenenak. Zin dagigu irakurriak dauzkagula biak.

* * *

Konprenitzen saiatu behar dugu.

Konprenitzen laguntzeko, onak izaten dira hitzaurreak, hitzaurre txarrek ere zeharbidezko laguntza ematen dute.

Aipatu dugu, bai hasieran eta bai testu barruan, Miren Azkarate Sailburuak “euskaraz eta gaztelaniaz” gozatzera gomitatzen gintuela Euskadi Sarien web ofizialaren sarreran. Hona hemen kontestua, 2006an sinaturikoa da:

“Gure iazko saritu batek esan zuen bezala, irakurtzea eta idaztea ariketa bera da: sistole eta diastole, bihotzaren mugimenduak dira. Xurgaketa eta jaurtiketa. Eta zer da bihotz bat bizi-bidaia baino? Literatura irakurtzea Ithakako bidea egitea bezalakoa da. Kavafis poetak dioen moduan: Ithakara bidaian abiatzen zarenean, egizu otoitz bidea luze izan dadin, abenturaz eta eskarmentuz betea. Goza dezagun, beraz, euskaraz eta gaztelaniaz, aurtengo sarituen bidaiekin. Eta bidaian garelarik, literatura-bidaiaren xarma gutaz jabetuko da eta bizitza biziagoa izango dugu”. [Baltzitua geurea da].

“Goza dezagun, beraz, euskaraz eta gaztelaniaz” horrek halako mikaztasun bat utzi dizula, edo susmo txarren bat hartu diozula? Kontuz! Utz politika! Hori dio esan beharra daukalako, Euskadi Sariak bi hizkuntzotan ematen direlako, ez euskaldunok gaztelaniaz (ere) irakurri behar dugulako… Begira, ondo garbi adierazia daukazu testu horren gaztelaniazko bertsioan, egin ezazu azken klika:

“Tal y como nos dijo uno de los premiados del año pasado, la escritura y la lectura son una misma actividad: sístole y diástole, como los movimientos del corazón. Absorción y lanzamiento. ¿Y qué es el corazón sino el camino de la vida? Leer literatura, en definitiva, se asemeja mucho al viaje a Itaca de Kavafis, en el que al partir hacia el mítico objetivo pide que el camino sea largo y rico en aventuras y conocimiento. Embarquémonos pues en el viaje literario por medio de estos premios Euskadi 2006, sabiendo que en ese andar que es la vida, la literatura nos ofrece su magia, en forma de experiencia compartida e intensidad vital”. [Baltzituak geureak dira].

Erdaldunek ez dute gozatzen ahal euskaraz, egia da. Baina “por medio de estos premios” ontziratu behar baldin badugu Kavafisekin (abentura gutxi poeta baten ondoan, baina tira), zergatik hain uzkur, zergatik horren koldar, “euskaraz eta gaztelaniaz” hura “en castellano y en euskara” ez itzultzeko? Gure literatura ez da homologagarri? Euskal idazle bik ez ote dute Euskadi Sari bana jaso gaztelaniaz? Zein da gure hizkuntza gaztelaniaz ez aipatzeko arrazoia? Ez ote da politikoki komenigarria Kultura Sailetik erdaldunei euskaraz (ere) irakurtzera sustatzea?

Aitortu beharra dago, bai, Euskadi Sarietako arduradunei, Kultura Sailburua barne, gaztelaniaz gehixeago irakurtzea komeni zaiela, ea “xurgaketa eta jaurtiketa” hura “absorción y lanzamiento” hau baino hein bat txukunago itzultzen duten.

Horretan egin lezakete zertxobait gora. Beraiek antolaturiko sarien mespretxuan, ordea, nekez: Euskadi Sarien web ofiziala ispilu.

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.