Abuztua, 2007

lotsa gutxi

Aste honetan EAJk eztabaidatuko du barne-txostena, eta horren arabera jokatuko du hurrengo urteetan. Txostenaren zati batek Euskal Kultura eta Kultur Politika izena darama. Prentsan irakurritakoaren arabera, 68 orriko lanean honelakoak irakur daitezke: “Euskal kulturak une kritikoa eta korapilatsua bizi du” eta “aldaketa estrategikoa” proposatzen da, kultura “krisiak jota” dagoelako. Datozen erronkei eusteko, “kultur enpresa sendoak, egoki finantzatuak eta teknologia aldetik bezala kokatuak” behar dira, eta honetarako (adi!) “errepide eta azpiegituretan urtero xahutzen den dirutzaren zatitxo bat nahikoa izango litzateke”. Eta esan egiten dute! (Laura Mintegi. Perbertsoa da kultur politika, Gara, 2007-08-30)

sistema perbertsoa

Diru-laguntzen sistema perbertsoa da. Kopuru bat ezartzen da aurretik jakin gabe zeintzuk diren beharrizanak kulturaren eremuan. Kopurua banatu egiten da eskaeren artean: eskaera asko, orduan talde gutxiagori diru gutxiago. Iaz proiektu interesgarria zena aurten laguntzarik gabe gera daiteke, eskaera gehiago egon delako. Irizpidea ez da kultura bera, baizik eta zenbat diru geratzen den beste arloetatik soberan. Gero diote kultura krisian dagoela. Barka, krisian dago banatzaileen irizpide maltzurra, zitala eta perbertsoa, ez sortzaileen eremua. Kultura bizi-bizirik dago, emankor. Hori bai, ekonomikoki itota. (Laura Mintegi. Perbertsoa da kultur politika, Gara, 2007-08-30)

Ez-fikziozko prosa azken 5 urtean

2002-2006

Azken 5 urteko literatur liburugintzaz arduratu ginenean, sorkuntzazko lau atal baino ez genituen aztertu: eleberria, ipuina, poesia eta antzerkia.

Gure literaturan ez-fikziozko prosak arreta gutxi izaten duela badirudi ere, ekoizpena kuantitatiboki eta kualitatiboki motza ez denez, ez-fikziozko prosa zenbakitan aztertzen saiatuko gara, jakinik hala ere generoen arteko muga lausoa dela eta fikzioaren eta ez-fikzioaren artean bereiztea ez dela beti erraza.

Juan Luis Zabalak 1998tik urtero argitaratu dituen zerrendak (Olerti Etxearen Euskal Liburuak liburuxkak eta Egan aldizkariaren “Euskal literatur sokuntza” artikuluak) baliatu eta Saiakera, kazetaritza eta beste atala honela sailkatu dugu:

  1. saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa,
  2. biografiak eta autobiografiak,
  3. artikulu eta hitzaldi bildumak,
  4. kronikak,
  5. bidaia liburuak,
  6. elkarrizketak eta erreportaiak,
  7. egunkariak eta dietarioak.

Kanpoan utzi ditugu: bibliografiak, hiztegiak, gidaliburuak eta eskuliburuak, argazki eta pintura liburuak, txiste bildumak, eta kantu eta bertso liburuak. Eta Zabalaren zerrenden irizpideari jarraiki, ez ditugu kontuan hartu itzulpenak eta berredizioak ere.

Hiru genero multzo bakarrean

Hiru genero ezberdin baitira saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa, lehendabiziko multzoarekin sortu zaizkigu zalantza handienak.

A priori, saiakerek eta prosa akademikoak ekarpen berriak egin ohi dituzte, eta dibulgazio liburuak originalak ez diren ideiak eta jakintzak azaltzeaz arduratzen dira. Liburuz liburuko analisia egiten hasi garenean, nahiz eta zenbait libururen izaera argia den, ohartu gara nekez egin litekeela azpi-multzo taxuzkorik.

Arazoa antzekoa da saiakeraren eta prosa akademikoaren arteko bereizketa egiten ahalegintzean.

Saiakerak baliatzen ditu deskribapen, narrazio edo lirika pasarteak, baita ere mota anitzeko aitortzak azalpen soilaren alboan. Iturri ugarietatik edaten dute, gainera, saiakerek; ez zaizkie arrotz literatura, filosofia, historia, artea, giza zientziak oro har, matematika, teknika, natura eta abar. Denei deitzen zaie saiakera, nahiz bakoitzak trebezia eta ezagutza mota eta maila ezberdinak eskatzen dizkioten irakurleari.

Prosa akademikoa bestelakoa da. Teorikoki behintzat, prosa akademikoaren analisietan metodo zorrotzagoa erabiltzen da. Parametro akademikoetan ordura arte aztergaiari buruz idatzi den literatura aztertu eta harekiko esplizituki elkarrizketan eraikitzen da diskurtsoa; hau da, prosa akademikoaren arloko testu bakoitzak eremu horretan idatzi den literaturaren corpus-a esplizituki hartzen du kontuan eta agerian uzten du harekiko adostasuna edo desadostasuna, eta ekarpen berriak egiten ditu.

Pentsamendua aurkezteko bi estrategia ezberdin dira, beraz, saiakera eta prosa akademikoa. Baina teoriatik liburuz liburuko analisiaren praktikara jotzean, ohartu gara erdibidean daudela hainbat liburu, eta nekez justifika daitekeela alde bateranzko nahiz besteranzko sailkapena; sarritan, testuen artean graduzko ezberdintasun arinak besterik ez baitaude, eten kualitatibo argirik gabeak.

Horrexegatik osatu dugu multzo bakarra hiru genero hauekin: saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa.

Zenbakitan

2002-2006 urte arteko epean, orotara 648 liburu argitaratu ziren ez-fikziozko prosaren eremuan. Gehienak, 446 liburu hain zuzen, ez-fikziozko prosa liburuen ia hamarretik zazpi (%68,83) saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa multzokoak izan ziren. Ondoren, biografia eta autobiografia sailekoak dira kuantitatiboki garrantzitsuenak (94 liburu, %14,51).

Ez-fikziozko prosak 2002tik 2006ra izan duen bilakaera aztertuz gero, urtetik urtera genero honetako gero eta liburu gehiago argitaratu izan dira: 2002an 103, 2006an 163.

Multzo gehienetako kopuruak bere horretan mantendu badira ere, nabarmen handitu da saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa saila (2002an 66 liburu izatetik 2005ean 103 eta 2006an 104 izatera) eta baita ere biografiak eta autobiografiak saila (2002an 7 liburu izatetik 2006an 38 izatera).

Eleberri, poesia, ipuin eta antzerkiarekin alderatuz gero, ez-fikziozko prosaren ekoizpena handiagoa da kuantitatiboki azken 5 urtean. Ekoizpen osoaren %63,28 dira ez-fikziozko liburuak.

Eleberria, poesia, ipuina eta antzerkia alderatzen baditugu saiakera, prosa akademikoa eta dibulgazioa multzoarekin bakarrik:

Gizonezkoak/Emakumezkoak

Gizonezkoak dira ez-fikziozko prosaren arloan argitaratzen diren hamar liburutatik seiren (%60,34) egileak. Emakumezkoak, aldiz, hamar liburutik baten (%9,72) egileak dira. Gainerako liburuek (%29,94) egile bat baino gehiago dute eta askoren artean eginak bezala zenbatu ditugu.

Ez-fikziozko prosaren baitan dauden multzoen artean ezberdintasun nabarmenak daude batetik bestera:

Bidaia liburu ia guztien egileak gizonezkoak dira (%91,67) eta biografia eta autobiografia liburuen hiru laurdenetan (%74,47).

Gizonezkoen kopuru txikiena artikulu eta hitzaldi bildumetan (%36,96) eta kronika liburuetan (%52,38) dago; baina beti ere kontuan hartu behar da ehuneko horiei ehun arte iristeko falta zaiena ez dutela emakumezkoek osatzen, zeren gizonezkoek bakarka sinatzen ez dituzten ez-fikziozko liburuetan gehiengoa askoren artean idatzitako liburuak baitira, eta egile bat baino gehiago duten liburu horien egileen artean gizonezkoak gehiengoa dira.

Egileen sexuen araberako urtez urteko garapen kuantitatiboan oinarriturik, esan genezake, nahiz eta unean uneko gora-beherak badiren, 2002 eta 2006 urteen artean ez-fikziozko prosaren arloan sexuen arteko desoreka ia bere horretan mantentzen dela.

Argitaletxeak

Argitaletxeen araberako datuei erreparatzen badiegu, esan genezake ekoizpena oso banatua dagoela.

Ekoizpenaren zati handiena erakunde pribatuei eta kultur eta bestelako taldeei (%22,07) eta erakunde publikoei (%21,60) dagokie.

Gainerakoen artean kuantitatiboki garrantzitsuenak Udako Euskal Unibertsitatea (36 liburu), Alberdania (34 liburu), Gaiak (34 liburu), Elkar (33 liburu), Pamiela (31 liburu), Utriusque Vasconiae (26 liburu), Hiria (21 liburu) eta Txalaparta (19 liburu) dira.

haragi puska publikoa

Idazlea, pribatuan idazten duenean ere, publikoa da. Eta publikatzen duenean pribatuan geldi daiteke. Hori da idazlearen tragedia, ez daki non zer dagoen: fikzioan ala errealitatean, publikoa ala pribatua… Muga horretan nabil beti eror zorian: ez badut testuan nitarik zerbait ematen, ez badut naizen gauza txiki, batzuetan debaldeko horretarik zerbait ematen, ez naiz idazle gisa bakean sentitzen. Liburu bakoitzean nire haragi zati bat ematen dut. Bizia eta minbera den haragi zatia. Testu guztietan saiatzen naiz zerbait eskaintzera. Batzuetan begiak ixten ditut ez ikusteko zer ematen dudan. Ez bakarrik nitarik, inguratzen nauen mundutik eta munduarekiko nire harremanetik ematen dut, nire ikusmoldea, demagun, harroegia izan gabe. (Itxaro Borda. Berria, 2007-08-28)

kantua

Enetzat kantua da olerkiaren goi maila. (Itxaro Borda. Berria, 2007-08-28)

Idazlearen aurpegia
albiste (edo ez-albiste)

Lander Garro

Idazleen argazkiek, idazlea obratik aldentzeko ez ezik, idazlea bera ofiziotik aldentzeko balio dute gaur egun. Berdin gertatzen da futbolariekin, aizkolariekin, artisauekin edota zinema zuzendariekin, alegia, «pertsonaia publiko» guztiekin.

Lehen ez bezala (erretratista onak zeudenean), orain argazkilaria batetik bestera dabilen fotomatoi erraria da. Argazkiak ateratzen ditu, eguneko hainbeste (gaur gutxiago, bihar gehiago), eta hainbesteko horietan lana ahalik eta txukunen egitea da bere asmoa.

[segi irakurtzen…]

(Idazle) erdaldunaren malura

Gorka Arrese

Zer den euskal literatura… alegia, zer den literatura vasca.

Atzo goizeko kontua hauxe, gerora ezagutuko nituen autonomia ondoko eztabaida haiek ekartzen dizkit akordura, baita frankismo garaiko beste hura ere, zer da euskaldun izatea edo, zehazkiago, nor da euskalduna (oraindik ez genuen lurraldearen araberako euskal herritarra terminoa sortu, larri zebiltzan euskaldunak orduan, orduan ere gaia ez baitzen nor zen euskalduna, qué es ser vasco baizik). Kontu zaharrak, aspergarriak agian, baina interesgarriak oso: indar-koerlazio baten (edo gehiagoren) isla dira, eta gu nola ikusten gaituzten edo ikusi nahi ez gaituzten adierazi ohi dute sarritan. Gu, euskaldunok, euskal idazleok (eta bidenabar euskaraz (bakarrik) argitaratzen dugun editoreok).

[segi irakurtzen…]

idazlearen boterea

Gehiago edo gutxiago, idaztea idazten ditugun gauzen gainean foku bat jartzea da. Horregatik du boterearekin harremana. Botere handia politikoarena da, aurrekontuak erabiltzen dituelako eta herrien egiturak alda ditzakeelako; botere txikia idazlearena da, gauza batzuekiko interesa piztu dezakeelako, eta beste batzuekikoa itzali. Foku hau erabiltzen duenak ardura berezi bat dauka, berak ikusi nahi ez badu ere. Foku honen inguruan anbizio askoren arteko gatazkak ematen dira, argi honen azpian garatzen den diskurtsoak ematen baitie legitimitatea gauza guztiei. Argi honek erabakitzen du zer den normala, eta zer ez. Argi honek esaten du: «Gauzak honela behar du». Eta, beste norbaitek ez badu argia arazo horren beste ertz bat agertzeko erabiltzen, gizartea «gauza honek honela behar du» sinetsita geratzen da. (Pako Aristi. Fokuaren erabilera, Berria, 2007-08-12)

kontrola

Helduak beti pentsatu izan du haurrak ezin duela nahi duena irakurri. Helduak kontrolatu egin nahi du haurrak zer irakurri behar duen. (Mariasun Landa. Nabarra, 2007ko abuztua)

errazkeria

Gaur egun dagoen psikologizazio giro horretan, haurrentzat bide errazenak eskaintzera jotzen dugu. Dena murtxikatuta ematen zaie, bideak errazten zaizkie. Badirudi ez diegula gehiegi eskatu behar. Irakur dezatela. Hori da gure nahia eta hori baino ez dugu nahi. Horretarako, papilak ematen zaizkie, digestioa errazagoa izan dadin. Erraztasunaren edo errazkeriaren bide horretatik ez ditugu irakurle onak egingo. Irakurle ona izateak eskatzen du zailtasun batzuk, zailtasun literarioak, gainditzen joatea. Ez naiz zailtasun linguistikoez ari, baizik eta drama, argumentu edo estiloaren aldetik etorri behar duten eta gaindituz joango diren zailtasunez. Oro har, amore ematen ari gara horretan. Gaitasun literarioa jaisten ari da. (Mariasun Landa. Nabarra, 2007ko abuztua)

transgresoreak

Haur literaturako pertsonaia nagusiak, haurrei gustatzen zaizkienak, transgresoreak dira. (Mariasun Landa. Nabarra, 2007ko abuztua)

ahanztura

Liburua kalean jarri, eta gero ahaztu egiten duzu liburua, beste liburu batekin ari zarelako. Jende falta ere bada arazoa. Norbait beharko genuke liburu horren jarraipena egiteko, baina horrek dirua eskatzen du noski. Argitaletxe guztiok daukagun konpondu gabeko kontua da. Banatzailearen uste onaren mende uzten ditugu liburuak. (Inazio Mujika Iraola. Berria, 2007-08-02)

editorearen denbora

Editore literarioak, nire ustez, denbora gehiegi ematen du zuzenketa lanetan. (Inazio Mujika Iraola. Berria, 2007-08-02)