Beti dago aitzakiaren bat

Gorka Arrese

Ez dut uste Euskadi Sari erabat duina eta erabat aintzat hartua izateko aukera ere galdutzat eman behar dugunik. Gure literaturak Nazio Saria behar du. Denontzat agurgarria eta onargarria.

Fito Rodriguez

Eskuinekoak zein ezkerrekoak, kritikoak zein akritikoak, gure literaturaren patuaz arduratzen diren guztiak ez baina ez gutxi bat etorri dira azken urteon letren sari nazionala behar dugulako aldarrian.

Euskal Herria zatitzen duen EAEko estatus hau gainditu behar dela diotenek ere sari nazionala behar dugula argudiatzen dute, eta sari hori Euskadi Saria da, antza. Euskadik Euskal Herria ordezkatzea ez da horren larria beraz literaturaren kontu honetan. Badakigu kulturan, politikan ez bezala, posible izaten dela adostasun bat. Horren alde egiten du EAEko gobernuak bere eskumenean edukitzea euskara, eta euskara ofiziala izatea Euskadi osoan, Nafarroan ez bezala, Iparraldea ez aipatzearren. Nafarrak saritu izan dira, espainiarrak ez diren nafarrak barne. Euskal Herri mailako Euskadi bat daukagu beraz, bat behintzat bai.

Goncourt Sarian 50 (berrogeita hamar) euroko txekea jasotzen du irabazleak. Nobelak hobesten dituen sari honek metafora maite du: irabazia, benetako saria –Goncourt-ean bezala gainerako sari ospetsuetan– liburuaren salmentan dago, sariak lantzamendua suposatzen duelako, aldez aurretiko publizitatea daukalako, eta Frantziak badaukalako bizitza literario bat, bere mondanité xarmantak eta guzti, alegia, bizitza ez ezik bizimodu literarioa ere bai, urtero errepikatzen dena reentré litteraire delakoarekin, ikasturte hasierarekin (kazetariek dioten moduan).

Euskadi Sarian 18.000 euro irabazlearentzat. Liburuarentzat…

Liburuak egin dezala betiko bide tristea, bera ere triste “Euskadi Saria” dioen faja ipinita. Zenbat salduko du? Iritsiko da institutuetara? Ahituko ote da edizioa? Zenbat berrinprimatu? Ez ote zaigu erdia (eta gehiago) almazenean higatuko?

Itzulpena ordaindua du, ordea, Euskadi Sariak.

Baina zertarako itzultzen gara/dugu, esate baterako, euskal ipuinaren antologia Renoko Unibertsitatean publikatzen baldin bada ingelesez, literatura zirkuituetatik kanpo, euskal ipuina fakultatean ikertzeko bitxikeria balitz moduan?

Ez daukagu sarerik gure literatura munduan zabaltzeko.

Gurea kanporako itzultzea alferrikako lana da sistema internazionalean txertaturik ez bagaude.

Euskadi Sariak itzulpenerako ematen duen diru-poltsa (helburu onez eta asmo jatorrez ezarria, ez dago zertan duda egin) kontrakarrean dago nazionalaren kontzeptua bereganatua lukeen sari batekin. Benetako nazio bateko saria edo nazio bateko benetako saria izatearen kontzeptua bereganatua balu, Buenos Airesen edo Madrilen, Parisen edo Montrealen kokatuko lituzke liburu sarituen itzulpenak, eta ez Baionan edo Donostian, orain bezala.

Zergatik behar dugu sari nazional bat?

Ez literatura azkartuko duelako, ez irakurketa suspertuko duelako.

Ezkerrekoak zein eskuinekoak, poetak zein saiakeragileak bat egiten dituen premia larri hori ikertzen saiatu naiz, eta ez dut arrazoi literariorik aurkitu, ezta sozio-kulturalik ere. Bai, badago banitate pertsonala ere, baina horren ugaria da non ez den posible idazle banidoso guztiek pentsatzea Euskadi Saria irabaziko dutela noiz edo noiz, jakin beharko lukete ez dela matematikoki posible.

Saria hautaketa bat da. Letren selekzioa da. Euskaldunok nazioa bagina bezala azaldu ahal izateko tresna.

Literatura dinamiko bat daukaten hizkuntzek ez daukate Sari Nazionala literatur sari nagusitzat: Frantzian, Italian, Portugalen, Bretainia Handian, Alemanian… bestelakoak izaten dira kreditu apur bat daukaten sariak.

Hizkuntza horiek estatu bana daukate ordea, edo bina, edo…

Euskarak ez du estaturik, nazio izateko ere lanak.

Horregatik behar dugu: pertsonala barik, nazionala delako banitatea. Nazio bat ez garelako, alegia, behar dugu sari nazionala.

Noizbait nazioa izango gara, eta orduan ez dugu sari nazionalaren premiarik edukiko.

Orduan literatura nazionala beharko dugu.

Beti dago aitzakiaren bat.

“Beti dago aitzakiaren bat”: iruzkin bat

  1. Fito Rodriguez:

    Diotenez (ez Pereirak ezta Arresek ere…, haiek literatura munduan soilik bizi baitira) Euskadiko Liburutegia sortzeko legea aurkeztekotan du Kultura Sailak Legebiltzarrean, Gasteizekoan jakina, Donostiako Tabako Fabrikan jarriko omen dutena, baina, PSE-EEren eta PPen proposamenei amore emanez, ez da izango, Katalunian bezala, Liburutegi Nazionala izenekoa Euskadiko Liburutegia deritzana baizik. PPko legebiltzarkidea den Fernando Maurak argi azaldu zuen: “izenak defenditzen duen ideia estatu bihurtu nahi duen nazioarena baita” eta hori ezin da onartu, nonbait, bere ikuspuntutik.

    Galdera erraza da. Zergatik, kultura arloan behintzat, ez dira bilatzen Euskal erakundeetan posibleak diren gehiengoak funtsezkoak diren gai kulturalak erabakitzeko? Bistan da, han elkartzen diren gehienek Euskal Nazioa dagoenik onartu nahi ez dutelako.

    Iritzi berekoa dugu, nolabait, Gorka Arrese honako hau dioenean: “Nazio bat ez garelako, alegia, behar dugu sari nazionala.”
    Nik, berriz, banitateaz aparte, Euskal Nazioa egon badagoela uste dudanez, literatura nazionala sortu eta landu beharra dagoela pentsatzen dut, sariak (egungo mezenak haiek baitira) eta guzti.

    Jakina denez, “Literatura unibertsala” (Weltliteratur, hitzez hitz “munduko literatura”) Goethek asmaturiko hitza da bere jardun literario nazionalari deitzeko, hain zuzen ere, (ikus Azurmendi, Joxe: “Goethe: literatura nazional unibertsala”, Jakin 111, 1999ko martxoa-apirila, 63-99). Idazle alemanak abiapuntu guztiz frantses-zalea izan zuen, eta “idazle frantses” bat bilakatzea izan zen haren gaztetako ametsa. Alabaina, Rousseau alboratuta, erabakigarria izan zen kultura alemanaren garabidean eta, horretan, geroago definitu zen, “iraultza literario alemana”, Iraultza Frantses politikoa baino lehenago eta haren aurkakoa, ezin da ulertu bera gabe.

    Iraultza hori Goethek literaturan entseatu zuen aurrena eta, horretan, klasizismo frantsesaren kritiko zorrotza izan zen erabat bere hizkuntza nazionala landuz eta Herder edo Humboldt bezala, literatura alemanean erritmo librean mundu ikuskerako idazkuntzari ekin zion, Novalisek gauari bezain beste, Hölderlinek edota Rilkerek haien inguruko natura poesiarentzako xede harturik egin izan zuten modura.

    Ez zen, bada, hizkuntzaren hautu soila. Idazpuruak nahiz idazkerak, gaiak eta manerak… dena eraldatu nahi izan zuten literatura nazionala egin ahal izateko, hau da, literatura inter-nazionalari haien emaria eskaini ahal izateko. Honela oldartu ziren, esaterako, Ch.A. Klotz orduko filologo ospetsuaren aurka, eta haren inguru akademikoen kontra, alemana ezbairik gabe barbaroa zela uste zutelako, eta alemanez produzitzen zenak balio ez zuelakoan. Horrela sortu zituzten Literatur Sariak garai hartan batere prestigiorik ez zuen mintzaira barbaro hura hizkuntza nazional prestigiodun bihurtu nahian… Hori zela eta hobetsi zuten guztiz bazterturik zegoen Shakespeare eta berreskuratu zituzten poesia hebraierrak nahiz arte grekoa ikerketa berrien bidez. Aitzakiarik gabe, literatura nazional baten alde egin zuten postura… eta gauzatzea lortu zuten.

    Ez dugu ahantzi behar orduko erakunde alemanak (berdin politikoak edo kulturalak) Frantziaren eraginpean zeudela: Leipzig eta Frankfurten klase printzipalak frantsesez mintzo ziren. Azurmendik, goian aipaturiko bere saiakera argigarrian, honela dio:

    “Götz-en arrakasta hiritar eta gaztearen alboan maila ilustratuen mesprezu goitik beherakoa ikusi behar da. Elegantea eta gustu onekoa frantsesa da Alemanian. Leibnizek frantsesez idatzi du bere obra zientifiko eta filosofiko handia. Berlingo Zientzien Akademian erdeinatua dago alemanez mintzatzea edo idaztea. Eskoletan alemanez mintzo diren haurrak zigortu egiten dira (alemana oztopo bat kontsideratzen da kulturarako). Prusiako Federiko II. Handiak barbaro hustzat dauzka bere meneko alemanak, eta azotearekin eta frantsesarekin zibilizatu nahi ditu. Liburu bat idatzi du literatura alemanari buruz (1780): ez dagoela esateko. Hasteko frantsesez idatzi du berak liburu hori (inoiz ez zaio alemanez hitz bat bakarra mintzatzen entzun). Eta alemanak zein gustu txarreko jendea diren erakusteko, adibide gisa, teatroetan “les abominables pièces de Shakespeare traduites en notre langue” antzezten direla, adierazten du –bi barbaria batera alegia: Shakespeare barbaroa eta alemanera barbaroa–, eta hor ikusiko duzu tout l’auditoire se pâmer d’aise en entendant ces farces ridicules et dignes des sauvages du Canada. Je les appelle telles, parce qu’elles pèchent contre toutes les règles du théâtre.
    Dena dela, Shakespeareren basakeria oraindik barkagarria omen da nolabait, hori probintziano primitibo bat besterik ez izanik, literatura modernoaren hastapenetakoa.
    Mais voilà encore –jarraitzen du Berlingo monarka ilustratuak– un Goetz de Berlichingen, qui paraît sur la scène, imitation détestable de ces mauvaises pièces anglaises, et le parterre –bulgoak!– applaudit et demande avec enthousiasme la répétition de ces dégoûtantes platitudes.”

    Pizkunde alemana zirkulu literarioen lanari bezain beste mezenas piztaile berriei zor diegu. Bada, bidea ikasteko etsenpluak baditugu ere haiek behar bezala irakurtzen jakin beharra dago. Zeren, zirkuluetan dabilena, ibili badabil ere, bueltaka besterik ez dauka haren ibilbidea. Iraultza (ez alemaniar literaturan ez inon…) ez baita betiereko itzulera aitzindariak behar ditugu aurrera jotzeko. Beraz, bide batez, nireari, hau da Faustoren itzalari, eusten diot Arresek dionaren aurka:

    Ez dut uste Euskadi Sari erabat duina eta erabat aintzat hartua izateko aukera ere galdutzat eman behar dugunik. Gure literaturak Nazio Saria behar du Biblioteka Nazionala behar duen era berean. Denontzat agurgarria eta onargarria… oraingo honetan, bistan da, Euskadi Saria izan ez dena (azken hauxe dena eta hurrengoa Arresenera eramatea ahaztuta, hona hemen). Euskaraz idatzitakoa saritu dezagun… eta izatekotan, erdaraz ere bai. Frantsesez edo ingelesez, edota auskalo zein erdara motaz euskaldunok argitaratutakoa saritzeko aukera ere ireki dezagun betiko gazteleraren menpekotasuna gaindituz. Eta gauza bera egin dezagun itzulpenekin. Euskaratik beste hizkuntzetara itzulitako testuak ere sarigarri bihur ditzagun… edo jadanik ez du inork gogoan Mitxelenaren “arbaso zaharren baratza ” artikulu haren mezua?

Idatzi zure testua

Izen-deiturak eta e-posta derrigorrezkoak dira.
Berrestea eskatuko da e-posta bidez.