denok dakiguna
Euskadi literatur sariak direla eta, hauts dezente harrotu da azkenaldi honetan. Ez da harritzekoa ikusirik zer gertatu den azken emanaldietan, nortzuri eman zaien, zeintzuk geratu diren baztertuta, zein liburu ez diren hautatuak ere izan… Gauza asko esan dira azken hilabeteotan eta ni batzuekin konforme egon naiz eta beste batzuekin ez. Ez daukat orain gogorik saltsa horretan berriz sartzeko, baina bai bizpahiru gauzatxo hemen aipatzeko. Lehenik, nik uste dut Euskadi sari literarioak existitu behar duela, baina modu duin, itxuroso eta ondo egindako batean, eta ez orain arte bezala. Gauza asko daude aldatzeko eta ondo egiten hasteko. Bat, taxuzko epaimahai bat osatzea, formazio literario sendoa, sakon landua eta urtetan erakutsitakoa izango duena. Asko horrelakoak izan dira, dudarik ez, baina beste asko eta asko ez, eta hori egiaztatzeko epai-mahaikoen zerrendak hartu besterik ez dago. Bi (eta seguru asko arazo horrekin lotuta), denok dakigu (epaimahaiko izatea onartu duten askorekin hitz egin ondoren) nolakoak izan diren sariduna erabakitzeko aurretik egindako bilerak, zer nolako kaosa eta anabasa izan den askotan, noraino iritsi den irizpide literario falta, nola aukeratu diren liburuak eta zenbat irakurri diren horietatik, nola baztertu diren beste batzuk… (Joxemari Iturralde. Literatur Sariak direla eta. Gara, 2007-05-26)