sari baten kronika

Tokia: Madril. Data: 2007ko urria. Aitzakia: epaimahai literario bat. Goiz osoa bozkatzen pasa ondoren, hiru obra gelditzen dira lehian eta horietako bat gaztelaniaz idazten duen Euskal Herriko idazle baten ipuin liburua. Liburu horretako ipuinek euskal gizartean gatazka politikoak duen eragina aztertzen dute. Ondo samar idatzia dago liburua baina badu parti pris nabarmena. Euskal abertzaleen bortizkeriaren biktimen alde egiten du, bestelako biolentzia guztien biktimak “ahantziz”. Epaimahaian dagoen jendea ez da eskuin muturrekoa. Berriro ere susmoa daukat, han gauden katalana, galegoa eta ni neu kenduta, beste “egiazko espainolak” ezkertiarrak direla. Eta hala ere, sinesgarria egiten bide zaie denei –galiziarrari salbu, Euskal Herria ondo ezagutzen baitu– liburuak aurkezten duen giro aberchale itogarria. Azkenean, pedagogia apur bati esker –sinetsi nahi nuke, berriro ere–, eta apika beste liburu biak dezente hobeak direlako, ez du irabaziko saria. (Ur Apalategi. Zoriontsuak al dira?, Argia, 2007-10-28)