literatura marjinala

Euskal literaturan idazle asko dago, eta merkatuaren legea jarraituko bagenu, idazle asko sobran legoke. Badago batere saltzen ez duen idazle multzoa eta merkatuaren legearen kontrakoa da hori. Liburuak saltzen ez badira, arazoak sortzen ditu argitaletxeekin eta batez ere norberaren buruarekin. Hiruzpalau urte liburu bat idazten igaro eta gero, oihartzunik gabe pasatzen bada, injustua da. Baina, horrelakoa da bizitza. Momentu batean Saizarbitoriaren literatura marjinala da Euskal Herrian, beste ikuspegi bat dagoelako literaturari buruz. Eta seguru aski gero eta idazle marjinal gehiago egongo da. Neurri batean, Koldo Izagirre ere marjinaltzen ari da. Orain, beste literatura klase bat egiten duten beste idazle batzuk daudelako. Irakurlearen nahiz literaturaren inguruko ikuspegia aldatzen ari dela uste dut nik. Koldo Izagirrek egiten duen literatura serio, landu eta taxuzkoak toki gutxi du egun. Beste kontu bat da horrelako idazleak behar ditugun edo ez. Nik uste dut beharrezkoak direla. Belaunaldi berriek beste belaunaldietan eduki behar dituzte erreferenteak. Niretzat, Aresti hilda dago baina hor daude Atxaga, Saizarbitoria edo Koldo Izagirre. Belaunaldi bateko erreferenteak dira horiek, sortzaileak. Gero beste batzuk etorriko dira, baina belaunaldien erreferentea galtzen badugu tradizioarekin hausten da, eta tradizioarekin hautsi duen literaturak ez du asko aurreratu. (Felipe Juaristi. Beterriko liburua, 2008ko martxoa)