literatura dekoratiboa

Gizartearen eta literaturaren arteko harremanez hitz egingo dugu [Palermoko mahai-inguruan]. Hau da, eztabaidatuko dugu zer neurritan izan behar duen literaturak zibila, zer neurritan arduratu behar duen literaturak gizartearenak ere badiren auziez. Italian oso guri dago gai hau azkenaldian. Italian eta mundu osoan. (…) Nire ustez, historiak erakusten du ezin dela ez arterik eta ez literaturarik egin gai nagusi batekin lotura izan gabe. Pintura edo eskultura abstraktua egin zuten lehen artisten arrazoiak irakurriz gero, adibidez, ikusten da bazutela errealitatea beste modu batez begiratzearen inguruko kezka bat, ezagutzarekin lotutako helburu nagusi bat. Lotura hori gabe artea bigarren mailako zerbait bihurtzen da, hots, dekorazioa. Literaturan ere egin daiteke gizartearekin inolako loturarik ez duen zerbait, baina seguru asko azkenean literatura dekoratiboa izango da horrela egindakoa. (Bernardo Atxaga. Berria, 2008-05-09)