Abendua, 2007

Kultura Sailean dakitena

Kultura Sailean Euskadi Sariaren antolaketetan behin baino gehiagotan akatsak izan direla badakite, eta gauza asko gertatu direla Euskadi Sarien historian, bai 1997ra arteko bere lehen ereduan, bai azken urteotakoan ere. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Jakin, 2007ko abendua)

saria arazo

Euskadi Saria euskal kulturaren arazoa da. Eta Utikan manifestuaren sinatzaileak galdu behar ez ditugun neurri berean, ez dut uste Euskadi Sari erabat duina eta erabat aintzat hartua izateko aukera ere galdutzat eman behar dugunik. Gure literaturak Nazio Saria behar du. Denontzat agurgarria eta onargarria, oraingo honetan, bistan da, Euskadi Saria izan ez dena. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Jakin, 2007ko abendua)

denontzat

Euskadi Sariak idazle horien [Utikan manifestuaren sinatzaileen] partaidetasuna, era batekoa nahiz bestekoa, aktiboa zein pasiboa, galtzea, izugarrizko galera da denontzat, Kultura Sailarentzat eta Idazleen Elkartearentzat ez ezik, Euskal Herriko kultura talde, argitaletxe, literaturazale guztientzat, eta, hitz batez, euskal hiztunon komunitate osoarentzat. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Jakin, 2007ko abendua)

porrotaren etekinez

Garaipen pirrikoa esan ordez porrot pirrikoa esan bageneza, honela definituko nuke “Euskadi Sariak Utikan” ekimenaren afera. Hau da, lehen balorazio batean ekimenak porrot egin zuen arren, baliteke etekinik ematea luzera. (Laura Mintegi. Euskadi Sariak utikan edo hemendikan, Jakin, 2007ko abendua)

gutarrismoa

Hasierako 29 kideei bakarrik beste 8 batu zitzaizkien, eta denok dakigu askoz ere idazle eta itzultzaile gehiago direla oso kritikoak Euskadi Sariekin. Atxikimendu gehiago egon ez bazen, ez zen izan idazleak kokildu zirelako, baizik eta manifestua bera eta berau bideratzeko prozesu osoa zakarra, sektarioa eta gutarrismoak jota izan zirelako. Bestalde, manifestuaren sinatzaileen oso-oso ingurukoa saritua izateak, eta sariari uko ez egiteak ere, ez dio lagundu ekimenari. (Laura Mintegi. Euskadi Sariak utikan edo hemendikan, Jakin, 2007ko abendua)

identifikazioa

Gaztelaniaz eta euskaraz argitaratzen dituzten argitaletxeetako ordezkariek batera hartzen dute, Frankfurteko azokan, euskal editoreen erakusleihoa. Euskara hutsez argitaratzen duen argitaletxe gutxi dago Euskal Herrian. Baina nago garrantzitsua dela euskarazko ekoizpena bereiztea. Gaztelaniaren filtrotik derrigorrez ez pasatu behar izatea. Frankfurten, egin behar izatekotan, alemanez eta euskaraz bakarrik egin ahal izatea. Identifikazioa, hori dela garrantzitsuena azpimarratu dute katalanek. Hori dela modu bakarra Europan onartuak izateko. Euskal kultura eta euskal literatura, zerekin identifikatzen dute Frankfurten? (Alberto Barandiaran. Frankfurteko lezioa, Jakin, 2007ko abendua)

sistema para-polizial bat

SGAEko eta CEDROko bazkidea naiz (euskal idazle asko bezala), baina kontraesan asko ikusten dizkiot bai nire ikus-entzunezko eskubideak gestionatzen dituen enpresa pribatu baten ia erabateko monopolioari, baita neure bazkidetzari ere. Besteak beste, gure obren erabileraren kontrol-zailtasunak ezin duelako gure eskubideen zaintza kontrol demokratikorik gabeko sistema para-polizial baten esku utzi.(…) Baina SGAEren kontra egotea eta kanonaren kontra egotea ez dira gauza bera, ezin dira berdindu. Kanonaren defentsak ere ez dakar, derrigorrez, SGAEren defentsa. Irudipena dut demagogia handia baliatu dela –baliatzen dela– auzian. (Anjel Lertxundi. Kanona (oharrak), Hitz beste, 2007-12-29)

piratak

Espainiako Legebiltzarrean izan den obra artistikoen kanonari buruzko eztabaida kokatzeko, pasadizo historiko bat etorri zaio burura: handi-mandi bat –Alexandro Handia zela uste du– kontu eske zorrotza egiten ari zaio harrapatu berri duen pirata bati: zergatik egiten den hurkoen ondasunen jabe, zergatik ez duen besteen izerdiak ondutako lana errespetatzen. Eta piratak: “Ontzi bakarra dudalako naiz pirata. Asko banitu, konkistatzailea nintzateke, zu bezala”. Baliteke pirata libre utzi izana ere bere erantzun ausartagatik. Edo garai hartan ere izango baitziren papiroen edo zitara-emanaldien zergak biltzen zituzten SGAE edo CEDRO gisako erakundeak, erakundeon ziegetara kondenatuko zuen. (Anjel Lertxundi. Kanona, Berria, 2007-12-27)

logika

Pentsatzekoa zen [Utikan Euskadi Sariak] manifestuaren ondoren gehixeago zainduko zirela besterik ez bada hainbat alderdi, neurri batean zaratatsuak isilarazteko, diot. Ikusi dugu. Koldo Izagirrek salatu zuen aurrena prentsan, Jon Alonsok gero. Txikikeria formal bat, logikaren erakusgarri baina. Haur eta Gazte Literaturan aukeratuak izan zirela jakinarazi zitzaien. Jaurlaritzak, bi hilabeteotan, ez du zuzendu ez onartu enegarrena, Helduen kategoriari zegozkiola izendapenak. Bestalde, publikoki uko egin eta hala ere hautatu egin zituztela? “Uko egiten segitzen baduzu, pultsa 1. Bestela, pultsa 2”. (Iñigo Aranbarri. Telefono gakotua, Argia, 2007-12-23)

leku egokian kokatu

Nik uste dut ez zaiela inportantzia handiegia eman behar Euskadi sariei, baina jendearen aurreko pasaportea dira. Puztu egiten dute bat Euskadi sariek, Garcia Marquez bazina bezala ateratzen zara sariaren ondoren. Gero errealitatea diferentea da. Gure literatura den bezalakoa da. Baina horretan jokatzen duzu edo ez duzu jokatzen. Niri ez jokatzea ongi iruditzen zait, koherentea izanez gero horrekin. Okerrena izaten da, “igual ez naiz aurkeztuko eta igual bai, orain ez naiz aurkeztuko eta orain bai” eta horrelako kontuak. (…) Bakoitzak egin behar du bere ariketa eta dagokion lekuan kokatu. Agian, gure lekua ez da guk uste genuena. Beharbada, ez gara hain onak, eta puztuta, ametsetan bizi izan gara eta, beharbada, errealitatea askoz gogorragoa da. Nik umildade ariketa bat eskatuko nieke idazle guztiei. (Felipe Juaristi. Berria, 2007-12-16)

urrezko sinboloa

Nik uste dut euskal literatura momentu honetan urrezko momentua bizitzen ari dela. Lau belaunaldi ari gara batera idazten, eta hori ez da sekula gertatu. Idazle gazte on asko ari dira agertzen. (…) Nire kezka da zer geratuko den hemendik 20 urtera orain egiten edo idazten ari garen honetatik guztitik. Nire etsipena dator literaturan ez dagoelako erantzunik. Argitaletxe ahaltsuak daude, idazle asko dago, baina irakurleak baditugu? Eta gizarteak onartzen du euskal literatura? Ez ote da euskal literatura sinbolo bat? Benetan sentitzen da? Geure egin dugu? Ez euskaldunok bakarrik, baizik eta erdaldunek onartzen dute euskal literatura? Gizarteak onartzen ez duen bitartean literatura bat, hori baztertua izango da, nahiz eta munduko laguntza guztia eduki. (Felipe Juaristi. Berria, 2007-12-16)

bizkar eman

Ahots batzuk jasota daude aspaldian, Durangokoak euskarazko produktuen biltoki soil izan behar lukeela esanez. Jakina, hori diotenak, euskarazko gaiak argitaratzen dituzten egile eta argitaletxeetakoak dira. Hauek nekez ulertzen dute Antonio Alvarez Solis bezalako bat, pareko standean, sinadurak ematen ikustea, esaterako. Baina ni ez nago oso segur. Berandutxo da Durangokoari buelta ematen hasteko. Durangokoak bere bide propioa daroa, merkatuak eta jendeak ezarian agintzen diotena: Gabonetarako opariak, argazkiz jositako liburu mutuak, liburua eta diskoa ez diren produktuak, kalendrera eta zozketak… Ematen du, azkenean, literaturaren eta liburuaren izenean jasotakoak, literaturari eman nahi diola bizkar, urtetik urtera handituz doan lotsagabekeriaz. (…) Euskarazko literaturaren azoka bat egitea lortuko balitz, orduan bai harremana irakurle eta idazleen artean, orduan bai egoeraren tamaina benetakoa. Baina nahi al du hori benetan ikusi baten batek? (Hasier Etxeberria. Biharamuna, El Mundo, 2007-12-15)

Le train express Durkheim-Castejón

Koldo Izagirre

“Los apuntes o las descripciones de los personajes los hice con naturalidad en euskara, y están en mi ordenador, pero sentía que la historia tenía que contarla en castellano, aunque, como en la calle, hay personajes que se expresan en euskara. Quizá no sea más que el reflejo de esta sociedad erdaldun, en la que casi toda nuestra vida la hacemos en castellano, aunque le pongamos palabras en euskara”.

Xabier Silveira

“Nahiz eta euskaltzale sentitu eta euskara ikasi nahi izan, mundu hura erdaraz bizi izan nuen eta mundu hau birsortzeko erdara behar nuen”.

Mariasun Landa

Editoriala zer da, bitartekari komertziala?

Ez du erantzukizunik egileak egiten duenaz?

Hitz egiten ote du editoreak idazlearekin?

Idazlea bakarrik da editorialak argitaratzen duenaren erantzule?

Zer suposatzen du Durangoko Feriak euskal letren erdalduntzean?

Zergatik publikatzen ote da euskaraz —itzulita— euskal idazleak erdaraz idatzi duen liburua, erdarazkoarekin batera? Euskarazko bertsioa badagoela-eta, erdarazkoa libreago bizi dadin, alegia, euskaldunok kontzientzia bortxatu gabe erosi ahal izan dezagun? Itzulpenak estali dezan jatorrizkoak utzi lezakeen zuloa, euskal idazlea gure erdal munduan ezezaguna denez?

A las ocho en el Bule eta Fiesta en la habitación de al lado liburuen publikazioak sortu dizkidan harridurak dira, gogoetara iristen ez diren galdera inozo samarrak seguru aski. Benetako harridurak hala ere, euskal liburugintzaren ehunekoño bat baino ez baitut ezagutzen, ezagutzen dudan editorial bakarra sorkuntzazko euskal literatura bakarrik publikatzen duen editorial bakarra denez.

Harridurak, ohikoa izaten da, susmoa dakar:

Ez ote da gertatzen ari, zenbait libelogilek uste zutenaz oso bestera, errazagoa dela publikatzea gaztelaniaz, euskaraz baino?

Ez ote da gertatzen ari euskaraz publikatzeak lanketa eskatzen diola idazleari?

Ez ote da rolen aldaketa gertatu?

Ez ote da erdaraz errazago publikasaltzen euskal gaia, euskaraz baino?

Ez ote da inoiz baino regionalagoa, hemen gaztelaniaz idazten dena?

[segi irakurtzen…]

Durangoko merkatua

Batzuetan ahazten zaigu, baina Durangokoa merkatu bat da, hots, salerosketa gune handi bat, zeinaren erlazioa literaturarekin nahikoa zeharkakoa baita, sari, kritika edo balnearioenaren antzekoa; Elkar bezalako enpresa batek okupatzen duen espazioa (eta azokaren norabidean daukan eragina) gogoan hartzea besterik ez dago horretaz jabetzeko. (Iban Zaldua. Hamaika topiko Durangoko, El Pais, 2007-12-10)

eskupekoak

Normalean askoz ere iraupen luzeagoa dute euskal liburuek dendetan beste liburuek baino. Ez dakiguna da noiz arte gertatuko den horrela, ze liburugintzako zenbait eragile prest baldin badago dendariari ordainduz beren liburuen presentzia ziurtatzeko, ezin dugu lasaitu esanez ez doala halakorik gurekin. Gaur egun dendariak aukeratu egiten ditu zein liburu bai eta zein ez onartu bere saltokian. Beraz, gauzak ez daude lasai ibiltzeko. (Iñaki Aldekoa. Argia, 2007-12-09)

aparteko azoka

Uste dut kaltegarria izango litzatekeela aparteko azoka egitea euskarazkoentzat bakarrik, euskarazko liburua erosten duenak erdarazkoa ere erosten duelako, eta alderantziz. Muga zainduko nuke, euskal gaia izatea alegia. Beste kontu bat hori mugatzea da: zer da euskal gaia? (Inazio Mujika. Argia, 2007-12-09)

bizikidetza

Nik uste euskarazkoentzat beste azoka bat eskatzea ez litzatekeela onerako, eta erdarazkoak gure artetik uxatzea ere ez; gizartean ez bezalako bizikidetza bilatuko nuke, euskarak egiazko lehentasuna izango duena; baina horren ardura ezin diogu Gerediagari bakarrik leporatu: sortzaileok eta editoreok indarra eta kemena erakutsi beharko genuke. (Xabier Mendiguren. Argia, 2007-12-09)

diskriminazioa

Zaila zait baieztatzea beharrezkoa ote den ala ez [euskara hutsezko azoka], izan ere, arestian aipatu bezala, gure sistema editoriala honela finkatuta dago eta ausardia handia behar da hori aldatzeko. Horretan al gaude? Beharrezkoa da euskarazko produkzioa bermatzea, Azokan eta hortik kanpo. Hori diskriminazio positiboaren bidez baino ez daiteke egin. Hala, gizarteak presio egin behar du administraziotik hasi eta argitaletxe edota Gerediaga bezalako elkarteetan euskararen aldeko neurriak indarrean egon daitezen eta berriak sor daitezen. (Mikel Soto. Argia, 2007-12-09)

Durangoko sasitza

Idazten duen liburu bakoitza lore bat izaten da idazlearentzat. Lore eder bat, lorerik ahalik eta ederrena, bere senetik eta abildadetik sortua. Editorearentzat ere bai: saiatzen da idazleak ekarritako lore horri hosto zimelen bat kendu eta ihintzez bustia balego bezala agertzen. Orduan, zergatik nagusitzen zaio irakurleari Durangon, liburu guztiak elkarren ondoan ikusitakoan, lorategia baten aurrean baino, sasitza baten parean egotearen irudipena? Narratibaren kasuan gertatzen da hori bereziki: hainbeste lore, bata bestearen ondoan jarrita, baina sasiaren irudia nagusi, hala ere. Zergatik eta nola gertatzen zaigu hori? (Hasier Etxeberria. Alua mundua!, 2007-12-07)

erraldoiak

Lehengo batean, ni ez bainaiz hirira askotan joaten, liburudenda erraldoi horietako batean izan nintzen. Ikaratuta gelditu nintzen han zegoen liburu-mendiez. Literatura liburuez soilik ari naiz, ez besterik. Gehiago ikaratu ninduen, ordea, zer literatura klase zegoen ikusteak: best-sellerrak best-sellerren gainean, sabairainoko sumendiak eginez. Banekien nola gabiltzan, egia, baina ez nuen uste hainbesterainokoa zenik. (Karlos Linazasoro. Irakurleak, El Diario Vasco, 2007-12-01)

irensleak

Ez zaizkit gustatzen liburua hasi eta buka irensten duten irakurleak. Nondik sortu ote da moda aberrante hori? Nork irensten du Errioxako botila ardoa oso-osorik arnasik ere hartu gabe? Eta beste irakurle mota hau ere ugari dago egun, zoritxarrez: ulertzen diren liburuak aukeratzen dituztenak; alegia, batere ahalegin edo nekerik gabe irensten diren liburuak. (Karlos Linazasoro. Irakurleak, El Diario Vasco, 2007-12-01)