HIZTEGIA

mailegu ordaindua

Nahiz eta politikoki zuzena izan ez, alde nago. Zeinek ordaindu behar duen? Instituzioek, irakurleek… hori beste kontu bat da. Zergatik gure lanak dira debaldekoak? Legea kontutan hartuz, hiltzen naizenean nire liburuen eskubideak nire semeari utziko dizkiot, 80 urtera arte. Enpresa bat banintz, betirako litzateke. Kultura delako, debalde izatearen aurka nago. (Arantxa Urretabizkaia. “Liburutegietan liburuak mailegatzeagatik hainbesteko bat kobratzearen inguruan zer iritzi duzu?” galderari erantzunez, Aldaketa Hamasei, 2007-11-19)

ohar badaezpadakoa. Ikus truke laburrean eta lobby sarrerak (2007-04-01) Hiztegi honetan bertan.

ez dagoenaz

Ez dago sari literariorik, ezta literatura lanei ematen bazaizkie ere; Durangoko Azoka literatura ez den bezala, merkatua baizik, literatura saltzen bada ere. (Uxue Apaolaza. Sariak erregutuz, Berria, 2007-11-18)

Coca-Colaren izenean

Juan Luis Zabalak esan zuen: “Begien bistakoa da Euskadi Sariek, egun dauden egoeran, ezinezkoa dutela berez dagokien xedeari erantzutea: urteko produkzio osoa aintzat hartuz, arlo bakoitzeko liburu onena nabarmendu eta saritzea”; eta nik diot ezinezkoa izan dutela beti, beren kriterioa kontratatu dute eta fidel izaten saiatuko dira gehienez epaimahaikideak, nahikoa. Eta diot baita ere ez genukeela idazleok horretaz kezkatu behar, liburua ez delako gurea, egin dezatela nahi dutena berarekin Eusko Jaurlaritzak eta Coca-Colak nire izenean ez bada. (Uxue Apaolaza. Sariak erregutuz, Berria, 2007-11-18)

industria

Literatura ez da soilik merkataritza, kultura industria bezala ikusten dugu gehiegi. (Luzien Etxezaharreta. Argia, 2007-11-11)

presio merkantilista

Durangoko azokaren salmenta aukerak sortzaileengan presio merkantilista izugarria eragitera daramatza gainontzeko kultur eragileak. Dirua daukatenek sorkuntza prozesuaren azken fasean baino ez dute inbertitu gura, salmentan. (Fredi Paia. Biharko gosea, Berria, 2007-11-02)

prezioen presioa

Prezio finkoak ezabatu nahi dituztenek erabiltzen dituzten argudioei erraz egin dakieke aurre. Alemania da adibide egokia. Liburu denda espezializatu, argitaletxe –handi zein txiki– eta tituluen aniztasuna eta kalitatea bultzatu du, tituluak eskuratzeko erraztasuna eragin du (…). Eta prezioak jaitsi egiten dira; iaz, esaterako. Kontrakoaren adibidea Frantzia da. Prezio finkoak ezabatu zituenean denda eta argitaletxe txikiak ixten hasi ziren; best seller-ak nagusitu ziren, eta prezioek gora egin zuten. Azkenean, prezio finkora itzuli ziren. (Koldo Aldabe, kazetaria. Liburuaren balioa, Berria, 2007-10-30)

sari baten kronika

Tokia: Madril. Data: 2007ko urria. Aitzakia: epaimahai literario bat. Goiz osoa bozkatzen pasa ondoren, hiru obra gelditzen dira lehian eta horietako bat gaztelaniaz idazten duen Euskal Herriko idazle baten ipuin liburua. Liburu horretako ipuinek euskal gizartean gatazka politikoak duen eragina aztertzen dute. Ondo samar idatzia dago liburua baina badu parti pris nabarmena. Euskal abertzaleen bortizkeriaren biktimen alde egiten du, bestelako biolentzia guztien biktimak “ahantziz”. Epaimahaian dagoen jendea ez da eskuin muturrekoa. Berriro ere susmoa daukat, han gauden katalana, galegoa eta ni neu kenduta, beste “egiazko espainolak” ezkertiarrak direla. Eta hala ere, sinesgarria egiten bide zaie denei –galiziarrari salbu, Euskal Herria ondo ezagutzen baitu– liburuak aurkezten duen giro aberchale itogarria. Azkenean, pedagogia apur bati esker –sinetsi nahi nuke, berriro ere–, eta apika beste liburu biak dezente hobeak direlako, ez du irabaziko saria. (Ur Apalategi. Zoriontsuak al dira?, Argia, 2007-10-28)

idazle aristokratikoak

“Belaunaldi berriak”, “lehengo idazle batzuk”, “emakume idazle gazteek”… bezalakoak erabiltzen dira, izan ere, zaila baita gurean kritika literarioa egin eta lagunak izatea. Idazle aristokratiko eta orojakileen herrialdean bizi gara, monarkiarekin sartzea baino garestiago ateratzen da hemen idazle bat aipatzea. (Uxue Apaolaza. Izenik ez, Berria, 2007-10-26)

sari ofizialak

Aurretik ospe handia bereganatutako pertsonei eman ohi zaizkie. Aitorpena eta izen ona bereganatua duten pertsonei. Eta beti ez bada ia-ia beti sari emaileei eta, oro har, erakunde ofizialei arazorik eta buruhausterik emango ez dien pertsonei. Sari ofizialak, azken batean, saritzeko errazak diren pertsonei eman ohi zaizkie: errazak, begi bistako merituak eta ibilbide oparoak dituztelako; baina errazak, baita ere, sari emaileari arazorik sortuko ez diotelako. (Juan Luis Zabala. Zorrotz begiratutako gogoeta libreak, Berria, 2007-10-26)

handiak txikiari

Azalera handiko saltokiek izan duten zabalkundeak eta gorakadak irauteko zailtasunak eragin dizkie liburu denda txikiei. Denda txiki asko ixtera behartu ditu horrek. (Jon Jaka, Elkar megadendako zuzendari nagusia. Berria, 2007-10-24)

kontsumozko Durango

Bai, azoka bat da Durangokoa. Erosleak beharrezko dira. Baina ez al luke askoz gehiago izan behar? Azokaz gain, euskal kulturaren parte handiena mugitzen duen iparrorratza da. Eta kulturgintza ezin du kontsumoak bakarrik mugitu, ezin da halakorik ulertu, halakorik sinistu. Durangoko azokak, beraz, badu beste ardura bat. Ez da soilik liburuen eta diskoen erakusleiho bat. (Ainara Gorostitzu, kazetaria. Durangoko azoka, biluzik; Berria, 2007-10-09)

euskarazko Durango

Katalana kultura gonbidatua izanik, gaztelaniaz idazten duten idazle kataluniarrak ez doaz Frankfurtera. Durangon, baina, ikaragarri izaten dira gaztelaniaz idatziriko liburuak. Euskarazkoak beste? Euskarazkoak baino gehiago? Zer litzateke Durangoko Azoka gaztelaniazko libururik gabe? (Ainara Gorostitzu, kazetaria. Durangoko azoka, biluzik; Berria, 2007-10-09)

zehaztapen bat

Gaztelaniaz eta katalanez idazten duten idazleen inguruko debateak ez du inolako funts zientifikorik izan, garbi dagoelako kultura lurraldeak zehazten duela, eta literatura, berriz, hizkuntzak. Hori hemen eta mundu osoan. Eztabaida honen oinarria politikoa izan da guztiz, eta idazleak, gehienbat, ez dira sartu. (Josep Bargallo, Ramon Llull Institutuko zuzendaria. Berria, 2007-10-06)

sinpletasun konplexua

Errealitatea konplexua dela onartzen badugu, zergatik tematu gauzak sinpletasunez adierazten dituen literatura bat aldarrikatzen? Hitzen bidez antz ematen dugu errealitatea. Arrazoiari begiratuta gai gara esateko errealitatea anitza eta konplexua dela, baina gure jardun literarioa eraikitzean, antz ematen dugun errealitate hori sinpletzera jotzen dugu, errealitatearen izaera bera ukatuz. Nor ote da sinplea, errealitatea ala gu? Edo, akaso, irakurlea ergel samarra dela uste dugu, eta xehetuta eman nahi diogu errealitatea, konturatu gabe horrela errealitate berari iruzurrik handiena egiten ari gatzaizkiola? (Aritz Gorrotxategi. Irakurleari iruzur, El Diario Vasco, 2007-10-05)

eroso

Susmoa dut eztabaida batzuk ere –Euskadi sarien aitzakiarekin hasitako hura, esaterako– ez direla ongi itxi. Eta, benetan larria iruditzen zait gure kulturaren egoera horrelakoa izanik euskal jendearen aldetik dagoen lasaitze hau, eroso sentitze hau. (Xabier Etxaniz Erle. Euskal herritarrak eroso gaude, Argia, 2007-09-30)

pikareska

Euskaraz argitaratzen diren liburu guztien ale batzuk erosten ditu Jaurlaritzak liburutegietan eta eskoletan banatzeko. Liburuaren prezioa baino dexente merkeago erosi arren, erosketa hori laguntza ederra da argitaletxeentzat. Kontua da (…) erosketa horren harira pikareska ere sortu dela argitaletxe batzuetan –prezio garestiak jarri erosketa instituzionalaren bidez kosteak ordaintzeko–. (Xabier Etxaniz Erle. Euskal herritarrak eroso gaude, Argia, 2007-09-30)

liburu-denden politika

Literatura ereduaz, kanonaz eta bestelako hitz totem eta tabuez hainbeste ari garen honetan –otu zait– liburu-denden politikaz ere berba egitea ez legokeela gaizki. Euskal argitaletxeetako arduradunei galdetzea, adibidez, zer iruditzen zaien kaleratzen duten guztia “Euskal Gaiak” atalean bai ala bai sailkatu behar hori, izan zientzia fikziozko nobela, poesia pornografikoa ala mahai herrenaren luzapen ortopediko izateko sortutako hiztegia. Hizkuntzarengatik bakarrik edo hemen argitaratuak izateagatik bakarrik. Ze Atxagaren nobelak, espainolera itzulita, “Novela” atalean aurkitu ditut. Baina euskaraz bada, beti da “Euskal Gaia”. (Gorka Bereziartua. Lost in the superbookmarket, Eremulauak, 2007-09-18)

ohar orobatekoa. Ikus eraginkortasuna sarrera (2007ko uztaila) Hiztegi honetan bertan.

bertsio bat

Uda honetan egon naiz Etorkizuna autoitzultzen, hobeto esanda gaztelaniazko bertsioa egiten. Itzultzaile batek ez luke inoiz esango nik egiten dudana itzulpena denik. Bertsioa da, eta oso lan nekagarria, ze azken batean da bueltatzea aparkatuta edo hilda utzi duzun testu batera. Eta topo egiten duzunean orain dela bost-sei urteko testu batekin, askotan ez zaizu gustatzen nola idazten zenuen orduan. Hortik dator bertsioak egiteko joera. (Iban Zaldua. El Diario Vasco, 2007-09-17)

original bat

Originaltasunaren kontzeptu arraroa dogu; danok ei dakigu zein dan originala eta zein dan bersinoa, baina gauzea ez dagoala hain argi pentsetan dot. Testu bat idazten dozunean, ez dakit zenbat zuzenketa egin behar izaten diran eta, beraz, ez dakit zenbagarren zuzenketea ete da originala? Ez dakit zenbagarren bersino hori hartzen bada originaltzat, zergaitik ez da hartzen gaztelaniazkoa (neuk egindakoa) originaltzat? Egileak euskeraz eta gaztelaniaz idatzi badau, biak dira originalak. (Unai Elorriaga. Bizkaie!, 2007-09-11)

lotsa gutxi

Aste honetan EAJk eztabaidatuko du barne-txostena, eta horren arabera jokatuko du hurrengo urteetan. Txostenaren zati batek Euskal Kultura eta Kultur Politika izena darama. Prentsan irakurritakoaren arabera, 68 orriko lanean honelakoak irakur daitezke: “Euskal kulturak une kritikoa eta korapilatsua bizi du” eta “aldaketa estrategikoa” proposatzen da, kultura “krisiak jota” dagoelako. Datozen erronkei eusteko, “kultur enpresa sendoak, egoki finantzatuak eta teknologia aldetik bezala kokatuak” behar dira, eta honetarako (adi!) “errepide eta azpiegituretan urtero xahutzen den dirutzaren zatitxo bat nahikoa izango litzateke”. Eta esan egiten dute! (Laura Mintegi. Perbertsoa da kultur politika, Gara, 2007-08-30)

sistema perbertsoa

Diru-laguntzen sistema perbertsoa da. Kopuru bat ezartzen da aurretik jakin gabe zeintzuk diren beharrizanak kulturaren eremuan. Kopurua banatu egiten da eskaeren artean: eskaera asko, orduan talde gutxiagori diru gutxiago. Iaz proiektu interesgarria zena aurten laguntzarik gabe gera daiteke, eskaera gehiago egon delako. Irizpidea ez da kultura bera, baizik eta zenbat diru geratzen den beste arloetatik soberan. Gero diote kultura krisian dagoela. Barka, krisian dago banatzaileen irizpide maltzurra, zitala eta perbertsoa, ez sortzaileen eremua. Kultura bizi-bizirik dago, emankor. Hori bai, ekonomikoki itota. (Laura Mintegi. Perbertsoa da kultur politika, Gara, 2007-08-30)

haragi puska publikoa

Idazlea, pribatuan idazten duenean ere, publikoa da. Eta publikatzen duenean pribatuan geldi daiteke. Hori da idazlearen tragedia, ez daki non zer dagoen: fikzioan ala errealitatean, publikoa ala pribatua… Muga horretan nabil beti eror zorian: ez badut testuan nitarik zerbait ematen, ez badut naizen gauza txiki, batzuetan debaldeko horretarik zerbait ematen, ez naiz idazle gisa bakean sentitzen. Liburu bakoitzean nire haragi zati bat ematen dut. Bizia eta minbera den haragi zatia. Testu guztietan saiatzen naiz zerbait eskaintzera. Batzuetan begiak ixten ditut ez ikusteko zer ematen dudan. Ez bakarrik nitarik, inguratzen nauen mundutik eta munduarekiko nire harremanetik ematen dut, nire ikusmoldea, demagun, harroegia izan gabe. (Itxaro Borda. Berria, 2007-08-28)

kantua

Enetzat kantua da olerkiaren goi maila. (Itxaro Borda. Berria, 2007-08-28)

idazlearen boterea

Gehiago edo gutxiago, idaztea idazten ditugun gauzen gainean foku bat jartzea da. Horregatik du boterearekin harremana. Botere handia politikoarena da, aurrekontuak erabiltzen dituelako eta herrien egiturak alda ditzakeelako; botere txikia idazlearena da, gauza batzuekiko interesa piztu dezakeelako, eta beste batzuekikoa itzali. Foku hau erabiltzen duenak ardura berezi bat dauka, berak ikusi nahi ez badu ere. Foku honen inguruan anbizio askoren arteko gatazkak ematen dira, argi honen azpian garatzen den diskurtsoak ematen baitie legitimitatea gauza guztiei. Argi honek erabakitzen du zer den normala, eta zer ez. Argi honek esaten du: «Gauzak honela behar du». Eta, beste norbaitek ez badu argia arazo horren beste ertz bat agertzeko erabiltzen, gizartea «gauza honek honela behar du» sinetsita geratzen da. (Pako Aristi. Fokuaren erabilera, Berria, 2007-08-12)

kontrola

Helduak beti pentsatu izan du haurrak ezin duela nahi duena irakurri. Helduak kontrolatu egin nahi du haurrak zer irakurri behar duen. (Mariasun Landa. Nabarra, 2007ko abuztua)

errazkeria

Gaur egun dagoen psikologizazio giro horretan, haurrentzat bide errazenak eskaintzera jotzen dugu. Dena murtxikatuta ematen zaie, bideak errazten zaizkie. Badirudi ez diegula gehiegi eskatu behar. Irakur dezatela. Hori da gure nahia eta hori baino ez dugu nahi. Horretarako, papilak ematen zaizkie, digestioa errazagoa izan dadin. Erraztasunaren edo errazkeriaren bide horretatik ez ditugu irakurle onak egingo. Irakurle ona izateak eskatzen du zailtasun batzuk, zailtasun literarioak, gainditzen joatea. Ez naiz zailtasun linguistikoez ari, baizik eta drama, argumentu edo estiloaren aldetik etorri behar duten eta gaindituz joango diren zailtasunez. Oro har, amore ematen ari gara horretan. Gaitasun literarioa jaisten ari da. (Mariasun Landa. Nabarra, 2007ko abuztua)

transgresoreak

Haur literaturako pertsonaia nagusiak, haurrei gustatzen zaizkienak, transgresoreak dira. (Mariasun Landa. Nabarra, 2007ko abuztua)

ahanztura

Liburua kalean jarri, eta gero ahaztu egiten duzu liburua, beste liburu batekin ari zarelako. Jende falta ere bada arazoa. Norbait beharko genuke liburu horren jarraipena egiteko, baina horrek dirua eskatzen du noski. Argitaletxe guztiok daukagun konpondu gabeko kontua da. Banatzailearen uste onaren mende uzten ditugu liburuak. (Inazio Mujika Iraola. Berria, 2007-08-02)

editorearen denbora

Editore literarioak, nire ustez, denbora gehiegi ematen du zuzenketa lanetan. (Inazio Mujika Iraola. Berria, 2007-08-02)

bost axola (2)

Niri sudurrean ematen dit, ordea, bost axola diola euskal literaturak euskal gizarteari. Literatura nazional bat behar ez dugunetik, oro unibertsaldu zaigunetik, malda beherak pikoagoa dirudi. Lehen, mailatxo batean bederen, militantismoak eusten zion aberriak ezinbesteko zituen gauzei, literatura tarteko. Idazleok, baina, ez dugu militanterik nahi, maitaleak baino. Eta, maitale mailara iritsi gabe ere, irakurle xume-zoli-zale batekin konformatzen gara. Ez dago irakurlerik, ordea. (…) Gureak alde guztietatik jo du goia. Eta beherantza dator dena: irakurle-kopurua, salmentak, kalitatea, gizartean daukan presentzia, idazlearen ilusioa… (Karlos Linazasoro. Gure literaturaz, El Diario Vasco, 2007-07-14)

bost axola (1)

Ez zait bereziki interesatzen euskal idazleak maite nahi gaituzten irakurleak topatzea: nik nahi dudana da irakurtzen gaituzten irakurleak (eta, ahal dela, nire lanak irakurriko dituztenak); bost axola maite gaituzten ala ez. (Iban Zaldua. Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko, Volgako Batelariak, 2007-07-12)

makina-erraminta

Oraindik ere gure gobernu autonomikoentzako askoz ere inportanteagoa da makina-erreminta (adibidez), literatura baino. (Iban Zaldua. Euskal Letrak behin betiko erreformatzeko, Volgako Batelariak, 2007-07-12)

aldarrika

Egin ditzagun gauzak ondo, bai, baina has gaitezen ze onak eta ze miragarriak garen gehixeago aldarrikatzen. (Katixa Agirre. Photoshop apur bat, Nabarra, 2007ko uztaila)

idazle onaren ospea

Aitortu behar dut barrutik sutan jartzen nauela idazleen indar mediatikoa faktore estraliterarioei gero eta lotuago ikusteak. Kontu jakina da idazle onaren ospea bereganatzeko askoz ere eraginkorragoa dela gaur egun hedabideetan ahalik eta maizen agertzea —zenbat eta gazte, eder eta dotoreago hobe— liburu onak idaztea baino. (Juan Luis Zabala. Irakurleari hitza eta indarra, Nabarra, 2007ko uztaila)

ausardia urria

Apustu estetiko zein literarioetan, edizioetan, ausardia urria sumatzen dut bai idazleongan bai argitaletxeetan; bertan goxo eginda gaudela iruditzen zait. (Patxi Zubizarreta. Tantak, olatuak eta uholdeak, Nabarra, 2007ko uztaila)

negartien saldoa

Gaur egun krisi hotsak omen dira, entzun dudanez. Eta barkatu berriz ere agure askojakinaren pose nardagarria hartzen badut, baina barregura etortzen zait krisiaz hitz egiten entzuten dudan aldiro. Arrantza egon liteke krisian, urteetan itsasoko bizidun guztiak ustiatu eta ahitu ondoren; hemengo industria astuna ibili zen krisi latzean, urte oparoak bizi izan eta gero. Baina euskal kulturak noiz izan du, ba, oparoaldia? Noiz izan zen nik ezagutu ez dudan Urrezko Aro hori? (Xabier Mendiguren Elizegi. Negartien saldoa, Nabarra, 2007ko uztaila)

eraginkortasuna

Halaxe joan dira berton sorturiko dendak eurak ere euskarazko liburuak Euskal gaia / Tema vasco atalera baztertuz. Eraginkortasunaren izenean. FNAC eta MCCkoetan zelan, halaxe besteetako batzuetan. Bilbon behintzat, denda gehienetan. (Edorta Jimenez. Denda berria zabaldu dute, Nabarra, 2007ko uztaila)

ohar orobatekoa. Ikus liburu-denden politika sarrera (2007-09-18) Hiztegi honetan bertan.

edizioaren bankua

Gaur egun dagoen eskaintzarekin, liburu dendari eusteko, euskarri ekonomiko ederra behar du saltzaileak. Gu beti ari gara liburuak erosten, eta horregatik beti esaten diet banatzaileei gu garela banatzaileen eta argitaletxeen kutxa, bankua. Horregatik, oinarri sendoak behar ditugu. Horregatik, eskoletarako materiala eduki behar dugu dendan, liburuei eutsi ahal izateko. Kate handi bateko kidea ez bazara, hori derrigorrez egin behar dugu. (Marzela Abarzuza, liburu dendaria. Berria, 2007-06-20)

bostetik bat

Lehen baino gehiago irakurtzen da, baina ez kaleratzen diren liburu berrien neurri berean. Batzuetan ez diogu denborarik ematen liburu berriari liburu berrien apalategian jartzeko. Etortzen den %20 edo saltzen da. (Marzela Abarzuza, liburu dendaria. Berria, 2007-06-20)

indarra galtzen

Literatura emakumezko fenomeno bihurtzen ari da, batez ere irakurlegoari dagokionez. Era berean literaturak berak sasoian zuen indar eta eragin sozial-nazionalista galtzen ari da, interneten eta teknologia digitalen eskutik. Beraz galdera, oso perbertsoa bada ere, zera genuke: emakumezkoak literaturan eragin eta presentzia gehiago lortzen al dira, zehazki literatura indarra galtzen ari delako? (Joseba Gabilondo, idazlea eta AEBetako Michigan State Unibertsitateko irakaslea. Sareinak, 2007-06-17)

itun monopolistak

Literatura itzulia, munduan, egun, monopolioen esku dago. Literatura hizkuntzatik hizkuntzara itzultzen da argitaletxe handien interesen arabera. Horregatik gure estrategiak aramuarena izan behar du, hau da, besteekin lan egitearen aldeko estrategia egin behar dugu. (…) Argitaletxeek itunak egiten dituzte. Egile eskubideak hainbat hizkuntzatarako erosten dituzte, eta horiexek izaten dira itzultzen diren liburuak. Guk bestelako bidea egin behar dugu. (Edorta Jimenez. Berria, 2007-05-30)

alderdien idazleak

Duela gutxi Utikan Euskadi sariak manifestua dela-eta, batek esan zuen sinatzaileen artean gehienak ezker abertzalekoak ginela. Aizu!, literatura aztertzeko inportantea da nor zein alderditakoa den esatea? Hala bada, aipa dezagun beti. Zeren idazle batzuekin bakarrik egiten dute hori. (Edorta Jimenez. Berria, 2007-05-30)

denok dakiguna

Euskadi literatur sariak direla eta, hauts dezente harrotu da azkenaldi honetan. Ez da harritzekoa ikusirik zer gertatu den azken emanaldietan, nortzuri eman zaien, zeintzuk geratu diren baztertuta, zein liburu ez diren hautatuak ere izan… Gauza asko esan dira azken hilabeteotan eta ni batzuekin konforme egon naiz eta beste batzuekin ez. Ez daukat orain gogorik saltsa horretan berriz sartzeko, baina bai bizpahiru gauzatxo hemen aipatzeko. Lehenik, nik uste dut Euskadi sari literarioak existitu behar duela, baina modu duin, itxuroso eta ondo egindako batean, eta ez orain arte bezala. Gauza asko daude aldatzeko eta ondo egiten hasteko. Bat, taxuzko epaimahai bat osatzea, formazio literario sendoa, sakon landua eta urtetan erakutsitakoa izango duena. Asko horrelakoak izan dira, dudarik ez, baina beste asko eta asko ez, eta hori egiaztatzeko epai-mahaikoen zerrendak hartu besterik ez dago. Bi (eta seguru asko arazo horrekin lotuta), denok dakigu (epaimahaiko izatea onartu duten askorekin hitz egin ondoren) nolakoak izan diren sariduna erabakitzeko aurretik egindako bilerak, zer nolako kaosa eta anabasa izan den askotan, noraino iritsi den irizpide literario falta, nola aukeratu diren liburuak eta zenbat irakurri diren horietatik, nola baztertu diren beste batzuk… (Joxemari Iturralde. Literatur Sariak direla eta. Gara, 2007-05-26)
        

kritikaren klixeak

Klixearen aurkako gerra izan behar lukeela literaturak, sinistuta dago, eta horretan saiatu behar duela kritikak, baldin eta irizpiderik izan nahi badu merkatuaren tiraniatik aparte liburuak “epaitzeko”. Baina non daude mugak, esaterako, irakurleak behar dituen erreferentzien eta klixeari bizkarra ematearen artean? Eta, bestalde, badu zilegitasunik klixez jositako diskurtso kritikoak liburu jakin bati topikoak erabiltzea egozteko? Horixe atera du agian garbi xamar. Klixeari bataila egin nahi dion kritika kritikaren klixeak astintzetik has litekeela, adibidez. (Ibon Egaña, kritikaria. Klixearen kontra (baina pixka bat alde). Volgako Batelariak, 2007-05-13)

kanonaren aldekoak

Eusko Jaurlaritza, unibertsitatearen aparatua eta goitik beherako mugimendu guztiak kanonaren aldekoak dira, eta horiei behetik gora erantzuteko ez dago aukera handirik. (Joseba Gabilondo, idazlea eta AEBetako Michigan State Unibertsitateko irakaslea. Berria, 2007-05-09)

zalantzarik gabe

Kritikariak gara kanonari fede handiena diogunak. Euskal literaturaren historia guztiak kanonetik kanonera idatzi dira, kanona bera zalantzan jarri gabe. (Joseba Gabilondo, idazlea eta AEBetako Michigan State Unibertsitateko irakaslea. Berria, 2007-05-09)

Michigan State Unibertsitateko
zientzia kalitatezkoa

Eta azkenik irits gaitezen oraintsu sortu den azken diferentzien polemikara, hau ere Jon Alonsok hasia. Euskadi Sariekin du zerikusia, eta autore honek Argian atera zuen artikulu bat zela medio, 29 idazlek, gehienak “ezker abertzale” izenpean batera ditzakegunak, manifestu bat plazaratu dute “Utikan Euskadi Sariak”, non diferentzia berri bat, hau kulturala eta politikoa zentzurik tradizionalean, aldarrikatu duten, literatur ofiziala eta ona hari kontrajarriz. […] Eta hain zuzen, alternatibatzat “literatur kalitatezkoa” proposatzen dute: “Jardun intelektual libre eta kritiko, kultura anitz, garatu eta agintearekiko autonomo baten alde gaude”. Ikusten duzuen bezala, denak kategoria modernoak ditugu: “intelektual” “kritiko” “autonomo”. Kultura aniztasuna hemen ez da multikulturalismo bezala ulertu behar baizik eta tolerantziaren kontzeptu liberal zaharragoaren arabera. Literaturaren historia erakusten dugunok badakigu, kalitatea XIX. mendearen bigarren erdialdean burgesiak desplegatzen duen kontzeptu kulturala dela langileriak kulturan egiten dituen aurrerakadak neutralizatzeko eta, estiloaren kontzeptuarekin batera, arte burguesa, eta zehazkiago modernista, defendatzeko balio duela azken batean. (Joseba Gabilondo, idazlea eta AEBetako Michigan State Unibertsitateko irakaslea. Globalizazioak eta kulturaniztasunaren fantasma: erresentimentuaren euskal kultura traumatiko eta polemiko hegemonikoaz Donostiako KMn emandako hitzaldiko pasartea, 2007-05-03 )

sari korporatibistak

Euskadi Sariak ez dira kanon moderno baten arabera eta kanon hori legitimatzen duten instituzio eta profesionalen arabera eman behar. Merkataria soilik ez den gozamenaren ulerkera berri batetik eman behar ditugu. Eta hasteko, proposamen oso zehatz bat daukat. Sari hauek era korporatibista batean eman: alegia euskal idazle guztiei botua eman Euskadi sariak erabakitzeko, Oscar-etan egun egiten den antzeratsu, baina sari berriekin. Zergatik ez emakumezko idazle onenari saria, adibidez? (Joseba Gabilondo, idazlea eta AEBetako Michigan State Unibertsitateko irakaslea. Globalizazioak eta kulturaniztasunaren fantasma: erresentimentuaren euskal kultura traumatiko eta polemiko hegemonikoaz Donostiako KMn emandako hitzaldiko pasartea, 2007-05-03)

poeta gazteon alferkeria

Poesiaren ideia erromantiko hori dela-eta, uste dut badagoela poesia intimista edo sentimentala dei geniezaiokeen horretarako joera nagusi bat. Eta askotan galdetzen diot neure buruari ea poeta gazteok nekerik hartu ote dugun tradizio literarioa kontuan hartzeko, ez ote dugun idazten jarraitzen nerabeak ginen garaietan bezala. Ezin gara bizitza guztian ibili Urruzuno lehiaketarako poemak egiten. (Beñat Sarasola. Deia, 2007-05-04)

literatura dinamikoa

Ene ustez, eta ona edo txarra bezalako kalifikatiboak kenduko ditut, inportantea da herri baten literatura dinamikoa izatea: jendeak idaztea, liburuak publikatzea, Euskadi Sariekin izan dena bezalako polemikak egotea… Horiek denak ongi dira, bizirik dagoen seinale. (Aurelia Arkotxa. Noticias de Gipuzkoa, 2007-05-02)

paradigma

Gaur egungo paradigma nobelak idazten dituen gizonezko gipuzkoarrarena da eta ni emakumezkoa, arabarra eta nobelarik ez baizik eta ipuinak. Eta azken bolada honetan emakumezko idazle batzuk atera dira. Nire ustez hori pozgarria da, azken finean kolore gehiago, ugaritasun hori emango diolako euskal literaturari. Baina ez emakumeak garelako, baizik eta orain arte gizon asko egon direlako eta badelako garaia beste gauza batzuk egon daitezen. (Katixa Agirre. El País, 2007-04-30)

ohar adosgarrizkoa. Ikus Hiztegi honetan bertan poetaren desioa sarrera (2007-03-03)

jende horrek

Hor ez dut ikusten arazorik. Epai baten eskuan jartzen duzun heinean zure lana bere erabakiarekin ados ez egoteko arriskua duzu. Ez dut uste esku beltzen bat dagoenik. Ez dut esan nahi hobetu behar ez duenik. Arau hausteak izan badira neurriak hartu beharko dira, baina okerrak ez dira zuzentzen gertatu eta bi urtera. Momentuan zuzendu behar da eta han zeudenen iritzia jaso behar da. Euskadi Sariaren inguruko auzia umekeria da. Magnifikatu gabe, Euskadi Sariak badu bere tokia eta ni ziur nago, ez balego halako saririk, jende horrek salatu egingo lukeela bere falta. (Inazio Mujika Iraola, Zein iritzi duzu Euskadi Saria dela eta sortu den eztabaidaz? galderari erantzunez. Galtzaundi, 2007-04-13)

merkatuaren faktura

Ez da Euskal Herrian bakarrik gertatzen, inguruko literatura gehienetan antzeman daitekeen ezaugarria da. Gazte merkatu zabal bat dago, eta hor moda, musika eta gainontzekoak topa ditzakegu. Literaturak ere leku bat aurkitu du bertan, eta saldu egiten da. Asko ala gutxi, baina saldu egiten da, eta idazle franko haur eta gazte literaturara hurbildu dira, atzean merkatu zabal bat dagoelako, eta milioi euro asko fakturatzen direlako. Ez dut esan nahi zilegi ez denik. Haur eta gazte literaturak sortu duen interesa hori baldin bada, errealistak izan gaitezen. (Mariasun Landa. Gara, 2007-04-14)

literatura minimalista

Niri amorru apur bat ematen didana duintasun minimorik gabe liburuak argitaratzea da. Helduen literaturan kalitate ezarengatik argitaratuko ez liratekeen lanak haur eta gazte literatura bezala kaleratzea. (Mariasun Landa. Gara, 2007-04-14)

kritikariaren gustua

Kritikariari bere gustu partikularra ematea baino gehiago eskatzen diot; osterantzean errazegia eta erosoegia izango litzateke bere lana. (…) Kritikariaren irizpidea bere gustu partikularra baldin bada, zertarako argudioz beteta idatzi dituen kritika sorta horiek guztiak? (Beñat Sarasola. Eremulauak.com, 2007-04-13)

irakurle frantsesak

Nola eutsiko diogu editorial bati 500 irakurlerekin? Non ezkutatu dira orain gutxi arte genituen 1.500-2.000 irakurle haiek? (Christian Bourgois, editore frantsesa. Le Monde des Livres, 2007-04-05)

rol

Ehun eta hogei antzezlan idatzi ditu Larzabalek. Bakoitzean 20 rol daude. Hau da, orotara, 2.400 pertsonaia. Hemen egin den manifestaldi handiena hartzen duzu eta hor duzu Larzabalen testuetarik pasatu den jende kopuruaren masa. Eta zenbat ikusle? Kontuan hartuz, gainera, batzuk hamar edo hogei aldiz emanak izan direla… Izugarria da horren indarra. (Antton Luku. Berria, 2007-04-05)

itzal baldintzatzailea

Antzerkiari buruz mintzo garelarik, zerbait eskas da diskurtsoan. Eztabaidetan eta beste, gure gainean alimaleko itzal bat ikusten dut. Larzabalen itzala. Publikoaren jujamendua baldintzatzen du haren antzerkiak. Oraingo Iparraldeko idazle guztiak baldintzatzen ditu. Haren alde edo kontra idazten dugu. (Antton Luku. Berria, 2007-04-05)

gehiegi

Sariek oraindik ez dute tokia aurkitu. Ez diegu aurkitu. Ez dakigu zertarako behar ditugun, zertarako nahi ditugun. Ez dakigu onuragarriak diren, ala kaltegarriak. Ez dakigu zein diren, nork erabakitzen dituen, ez dakigu nola funtzionatzen duten. Eta, bat-batean, hori guztia mahai gainean jarri nahi izan dutenak, horiek hain zuzen ere, saritu egin dituzte. Noiz eta Euskadi sarietan hautagai ez direla izango erabaki duten urtean. Noiz eta sarien inguruko sistemez esandakoa gehiegikeria, furrustada eta ahoberokeria izan dela leporatu dietenean. Non eta protesta ezin egin duten gunean, ez baitira aurkeztu, ez baitituzte ezer jasotzeko deituko. Espainiako Kritika sarian. (Alberto Barandiaran, Zoriondu ala ez. Berria, 2007-04-04)

Kritika sariak Euskadi sarien aurka?

Jon Alonsoren Erretzaileen eremua eta Koldo Izagirreren Rimmel liburuek Espainiako Kritikaren Saria irabazi dute. Bi liburuok –eta beste batzuk– ez dira izango aurtengo udazkenean banatuko diren Euskadi sarietan. Aspaldi euskal literaturan izan den eztabaida sutsuenaren erdi-erdian, eztabaida hori hasi dutenak protagonista Espainiako sarietan. Ipuinlariak, gezurtiak, ezker abertzaleko beso luzearen falangeak, sarituak. Adar jotzea, probokazioa, sari-tranpa? (Koldo Aldabe, kazetaria. Berria, 2007-04-01)

kanona

Kanona imitatu beharreko eredua zen. Eta esanahi horrexekin ibili dugu arteen munduan, sormenaren alorrean, eta literaturara jauzi ere egin zuen, jarraitu beharreko ereduak utzi eta irakurri behar diren liburuen zerrenda izatera jauzi eginez. Horrek, noski, bere ifrentzua du benetan inportantea: irakurri ezin diren liburuak. Gure gizartea ezagututa deformazioa espero izatekoa da: liburu eta idazle kanonikoak ekarri ditu kontu honek. Kanonikoak, garai batean kanonari jarraitzen ziotelako, eta, gaur egun, esango nuke, kanonizatu egin dituztelako. Sistemak (sistema literarioa) definitzen du, hedabide, argitaletxe, sari eta kritikarien bitartez, zein diren idazle kanonikoak, liburu kanonikoak. Bide luze honetan, jakina, kanona, imitatu beharreko eredua, alor estetikotik egitura-alorrera eraman dugu. Harold Bloomek esandakoa irakurri beharra dago, ur handitan ari bagara, edo Jon Kortazar eta Mari Jose Olaziregik esaten dutena, gure putzuan bainatuz gero. (Mikel Elorza, Artikulu ez kanonikoa. Berria, 2007-04-01)

truke laburrean

Urtetako presioaren ostean, liburutegiko maileguetarako kanona ordaintzea onartu dute. Bost axola kanona irakurleen gain ez ezartzea eta gobernuak ordaintzea kanon hori, ondorioa okerragoa da: liburutegien eroste-ahalmenak egingo du beherantz. Diru hori Cedro erakundeak jasoko du, eta bere baitako kideen artean banatu, egile-eskubide gisa. Ondorioz, euskal idazle gehienontzat, baita Euskal Idazle Elkartearentzat ere, diru gehiago egongo ei da epe laburrean; trukean, irakurleek zer hautatu gutxiago izango dute liburutegietan. Espainiar idazle batzuek uko egin diote kanon horren diruari, eta beste batzuek proposamena egin dute: liburu gutxiago erosiko bada, kanona kobratzen dutenenengandik has dadila mozketa. (Urtzi Urrutikoetxea, Kanona. Berria, 2007-04-01)

lobby

Ezagutzen dut Cedroren izaeraren eta jokabidearen aurrean alde egin edo inoiz kide izan ez den hainbat lagun. Beste askok kontraesan hori daroagu, egile-eskubideak egon eta bermatu behar direla sinetsita, baina erakunde horren bide eta ekintzetatik oso urrun. Diruagatik, garbi esanda. Ez arrotza delako bakarrik, antzeko gauza euskaldunik ere ez nuke nahiko. Batzuek Europa ekialdeko estatu sozialistetako sistema kritikatzen zuten, estatuko funtzionari bihurtzen zituelako sortzaileak. Nahiago bai, estatuak berak egile-eskubideok zaindu eta diruok jaso eta banatzea, zertan dabilen kontu gutxi ematen duten lobby ilunetatik urrun. (Urtzi Urrutikoetxea, Kanona. Berria, 2007-04-01)

kritikarien irakurleak

Idazleok beti darabilgu buruan irakurle hipotetiko bat. Kritikariek ere halaxe behar lukete, eta halaxe daukate, begi-bistakoa da, baina askotan ematen du gaur egiten den kritikaren irakurle hipotetikoak –hemen bezala periodiko gehienetan– ez direla periodikoaren irakurle arruntak. Beste nonbait daudela. Unibertsitateko departamenduetan dauden edo hurbiltasun ideologikoko lagunartetan edo idazleongan, ez dakit, baina ez periodikoko irakurleen artean. (Anjel Lertxundi. Hitz beste, 2007-03-31)

gardentasuna

Galtzagorrik azkeneko lauzpabost urteetan hartu du parte Euskadi Sarietan. Jaurlaritzatik deitzen digute eskatzeko Galtzagorriko bazkide batzuk egon daitezen haur eta gazte literaturaren arloko epai-mahaian. Guk orduan elkarteko kideengana jotzen dugu, lan hori egiteko prest dagoen jendearen bila. (Asun Agiriano, liburuzaina, Galtzagorri elkarteko lehendakaria. Berria, 2007-03-31)

ohar xalotasunezkoa. Beraz, duela hilabete Hiztegi honetan bertan BATZORDEAK EMATEN DUEN SEGURTASUNA sarrerari erantsitako oharrean genioena are gardenago erakusten digu Galtzagorri elkarteko lehendakariak berak: Jaularitzak dei egiten dio webaren lehen orrian Jaurlaritzaren ikurra daukan elkarteari, epaile batzuk bil diezazkion bere sarietarako. Ez genuen uste horren demokratikoa zenik epaileketa.

energia berriztagarriak

Nolako gauza kaxkarretan galtzen dugun denbora hemen eta nolako diskusio azalekoetan pasatzen ditugun orduak eta orduak. Askotan euskal literaturaren barnean dauden eztabaidak egiturari buruzkoak dira, ez literaturari buruzkoak, eta denbora eta energia asko galtzen dugu horretan, sortzen eman beharrean. (Kirmen Uribe. Gara, 2007-03-31)

lorategian

Begiratzen dituzu XIX. mendeko lore-jokoetako sariketak eta hor agertzen dira gerora inork gogoratzen ez dituen idazleak. Eta ikusten duzu Etxahun Barkoxe, adibidez, ez zutela saritu, azkena geratu zela! Etxahun, aldiz, oso bizirik dago gaur egunean. Sariketekin gertatzen da batzuetan asmatzen dutela eta ez dutela asmatzen besteetan. Hala ere, kezka handi bat dago idazleen artean eta oso kontuan hartu behar da hori. 2002an, Sarrionandiaren Lagun izoztua ere tartean zen eta ez zioten saririk eman. Baina hori gertatzen da hainbat sariketetan. Woody Allen-ek ez du inoiz Oscar saria irabazi! (Kirmen Uribek Aritz Galarragari, “Bitartean heldu eskutik-ek ez zuen 2002ko Euskadi Saria irabazi” galderari erantzunez. Gara, 2007-03-31)

proposamen guztien proposamena

Pentsa daiteke akaso iritsi dela proposamen guztiak jasotzeko tenorea –bai gureak, bai Jon Alonsorenak eta Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatu dutenenak, bai gainerako guztiak–, eta sariak hobetzeko zer egin daitekeen aztertzeko. (Asun Agiriano, liburuzaina, epaimahaikoa Euskadi Sarietan. Berria, 2007-03-31)

irakurketaren sexua

Hargatik egiten nuen galdera liburuan: “Ez ote da gizonezkoek ez ezik, emakumezkoek ere berdin egiten dutela, guk ere irakurketa maskulinoa egiten dugula? Hortik ote dator sariak ematen ditugunean beti gizonezkoei ematea? Hortik ote dator gizonezkoari intelektualtasuna suposatzea, eta emakumezkoari, aldiz, halako hunkiberatasun bat, halako intimismo bat?”. Nik galderak egitera jotzen dut, erantzunik ez daukat eta. Eta daturik ere ez, uste horiek errealitate direla egiaztatzeko. (Ana Urkiza. Argia, 2007-03-25)

kritikaren erokeria

Kritika egun batean egiten ez da ikasten. Hasi eta bukatu, dena erokeria iruditu zait. Kritika behar da baina jakin dezagun kritika egiten. (Bernardo Atxagak Josune Velez de Mendizabali, “Zure hitzaldian ere kritika egitea beharrezkoa dela aditzera eman zenuen. Zer deritzozu Jon Alonsok Euskadi Literatur Sarien inguruan egindakoari?” galderari erantzunez. Gara, 2007-03-21)

ohar ereduzkoa. “JON ALONSORENA DELA ETA. Euskal Herriko sari eta sariondoen hautsak harrotzen hasi garenez gero, nik ere kontatu nahi dut kasua. Baina ez, Jon Alonsok bezala, gogoeta sakon eta orokor bat bideratzeko asmoz, baizik eta galdera txiki baten erantzuna aurkitzearren. Kontua da esperientzia handiko itzultzaile batek EIZIEren Literatura Unibertsala bildumako azken lehiaketara jo zuela Flannery O´Connors-en ipuinak itzuli nahian, eta helburu hori zela eta zintzo bete zuela erakunde horrek, edo Euskal Jaurlaritzak erakundearen bitartez, guztiei eskatzen dien proba: kasu honetan, A late encounter with the enemy izeneko ipuineko lehen hamar orrialdeen itzulpena. Bide batez esanda, ipuin hori oso ondo aukeratua zegoen probarako, eta harro egon beharko genuke euskaldun guztiok lan hori egiteko gauza diren jaun eta andre sendoak ditugula jakinda. Azkar azalduta, ipuina liburuko astunena eta zailena da itzultzaile batentzat: ez du ia elkarrizketarik, eta lehen lerroan bertan azaltzen da euskaraz soluzio onik ez duen erlatibozko esaldi horietako bat. Baina, hain zuzen ere, hori da behar dena. Eskean etorri denak jakin egin behar du zein tokitan dagoen. Ez behean bakarrik; azpian ere bai. Gainera, jakina da: umiliatuak goretsiak izango dira halako batean. Aitortu behar dut aspaldidanik naizela Flannery O´Connors-en zale, eta A late encounter with the enemy delakoan azaltzen den lurraldea ere aski ondo ezagutzen dudala. Eta aitortu behar dut, segidan, itzultzailearen lana, oro har, oso ona iruditu zitzaidala, eta puntu batzuetan, miresgarria. Hala, esate baterako, nashnul hitza identifikatu eta, beste hizkuntzetako itzultzaileek ez bezala, national esan nahi zuela konturatu zenean (USA hegoaldean itxi-itxi hitz egiten duten batzuek national delakoaren partez nashnul esaten bide dute). Eta halaxe joan zen itzulpen lagin hura lehiaketara, itzultzailearen ordutako lanarekin eta nire onespen erabatekoarekin. Hori bai, akats batzuk ere joan ziren paperean. Bere aurkikuntzen berri ematen zuten oharrak, esate baterako. Esan nion nik, epaile jaun eta andre sendoek bere jakinduriari egindako gutiespentzat hartuko zituztela ohar haiek; baina berari profesionalagoa iruditu zitzaion ohar eta guzti bidaltzea. Pasatzen da denbora eta egunkari batean lehiaketan aurrera egindako itzulpenen zerrenda ikusi nuen. Flannery O´Connorsen liburuarenik ez zen aipatzen. Pasata gelditu nintzen. «Euskadi salbatua zegok!» esan nion neure buruari. Bazeuden Euskal Herrian gu baino askozaz gehiago ziren pertsonak, non eta gure arloan, literaturan, itzulpengintzan, eta gainera Flannery O´Connorsekin erakusten ziguten hori, hots, gazte gaztetandik ezagutzen dugun idazle baten inguruan, gu bizi izandako Hegoaldeaz mintzatzen zen liburu baten bueltan. Korrika joan nintzen haien izenak jakitera, nor ote ziren erabaki hura hartutako jakintsuak, eta egin nuen batera, jo nuen bestera… eta ezer ere ez. Ez ziren haien izenak inon azaltzen. Eta, hain zuzen ere, hori da hasieran aipatzen nuen galdera. Hauxe galdetu nahi dut: nor zarete, jakintsuok? Badakit apalak zaretela eta ez duzuela txalorik nahi, baina, arren, emaiguzue azpikooi zuei ohore egiteko aukera polit hori. Jose Irazu. Zalduondo” (Berria, 2007-02-09)

editorearen sentimendua

Sentitzen dut orain sortzen ari dela. Azken urte hauetan dugu euskal literatura sortzen ikusten, literatura askatu bat, etorkizunari irekia. (Luzien Etxezaharreta. Gara, 2007-03-19)

ardi galduak

Utikan agiriaren sinatzaileek, proposamenak bideratzeko, Euskal Idazleen Elkartearen bidez egin behar dutela ere adierazi zuen Iñaki Gomezek, “baina guri elkarteak ez digu inolako proposamenik egin oinarriak aldatzeko”, gaineratu zuen. Fito Rodriguez Euskal Idazleen Elkarteko (EIE) lehedakariak “harriduraz” hartu ditu Jaurlaritzako zuzendariaren adierazpenak “lehenengo eta behin, Utikan manifestua sinatu duten gehienak ez direlako EIEko kideak”. (Fito Rodriguez EIEko lehendakariak Ion Orzaizi. Gara, 2007-03-17)

ohar kontaduriazkoa. EIEko lehendakariak Utikan Euskadi Sariak manifestua sinatu duten gehienak EIEko kideak ez direla zioen egunean bertan egindako zenbaketak eman digu 35 sinatzaileetatik 25 direla EIE elkarteko kide edo bazkide. Beraz, EIEko datuak oker edo eguneratu gabe ez badaude behintzat, Utikan manifestuaren sinatzaileen %71′42a da EIEko kide edo bazkide. (Kontaduria egiteko, bi iturriok erabili ditugu: EIEren web ofiziala, http://www.idazleak.org/idazleak.htm helbidea zehazki, eta BAZKA honetan daukazun Utikan esan dute ataleko Utikan Euskadi Sariak, hortxe dago sinatzaileen zerrenda).

inork ez eta inork ez

Erreportaje hau osatzerako orduan, Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko bozeramaileekin mintzatzen saiatu zen Mugalari, baina ezezkoa jaso genuen, Saileko inork ez omen zuen adierazpen gehiagorik eginen Sarien aferaren inguruan. Gure deia jaso eta bi egunera, ordea, Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendari den Iñaki Gomezek hitz egin zuen: “Inork ez du sinesten gaur egun Euskadi Sarietan garbi jokatzen ez denik…” (Ion Orzaiz, kazetaria. Euskadi Sariak. Karta-joko amaigabea. Gara (Mugalari), 2007-03-17)

mundura bidean

Funtsezkoak zaizkigu prestigioa, giroa eta geure lanak munduratzeko bideak zabaltzea. Horregatik behar dugu sari duin bat. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Gara, 2007-03-17)

elkarteen esku independentea

Funtsean, Utikan Euskadi Sariak manifestuan dependentzia handia eta berme eza salatzen dira. Bermea, gure iritziz, instituzio ezberdinen artean mugak jartzean datza. Ez dezala bakar batek erabaki. Ez dadila dena utzi Eusko Jaurlaritzaren esku. Interes ezberdinak kontuan izanda, eta elkarteen esku utzita, sariketa independente eta bermeduna osa daiteke. (Fito Rodriguez, EIEko lehendakaria. Gara, 2007-03-17)

gustua sustatzeko

[Euskadi Sarietan] Dirua jasotzen duena gustura geratzen da, eta jaso gabe geratzen dena, ba… ez da gustura geratzen, noski. (Iñaki Gomez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria. Berria, 2007-03-10)

lehen batean

Gu egunero ari gara aldaketetan pentsatzen, jendeak egiten dituen kritiken aldeko gara, kritikatzea oso ona dela iruditzen zaigulako, eta gainera neurri handi batean horretarako gaude. Gai horrek arduratzen gaitu, eta saiatuko gara benetan sakon aztertzen ea horretan [Euskadi Sarietan] arrazoirik egon daitekeen; baina, lehen batean, ez zait iruditzen inondik inora. (Iñaki Gomez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria. Berria, 2007-03-10)

konpromisoa

Euskal Idazleen Elkartearekin hitzarmen irmoa dugu, diruz oso ongi hornitua, eta konpromisoa dugu elkarrekin lan egiten jarraitzeko eremu guztietan. (Iñaki Gomez, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria. Berria, 2007-03-10)

sinesmenik eza

Inork ez du sinesten Euskadi Sarietan garbi jokatzen ez denik (Iñaki Gomez, Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko Zuzendaria. Berria, 2007-03-10)

poetaren desioa

Azkenaldi honetan jakiten ari gara ba omen dagoela idazle kanonizatua izateko patroi bat: nobelagilea behar omen da izan, arra eta gipuzkoarra. Eta nik esaten diot neure buruari: nork ez luke desioko idazle onak emakumeak, ipuin idazleak eta arabarrak izatea? (Xabier Lete. Berria, 2007-03-03)

ohar adosgarrizkoa. Ikus Hiztegi honetan bertan paradigma sarrera (2007-04-30)

fededunak liskarzale

Nafarrak [Jon Alonsok] ez du juzku politikorik egin; administrazioak bai, salaketa zehatzak azaltzen saiatu beharrean sinesgarritasuna irabazteko, aurrez sinesmena eskatu duenean. Horrek herritarra aurreiritzi politikoetara (des)bideratzen du. Administrazioa da herritarrek liskar politikoa ikus dezaten bidea ireki duena, susmo txarrak hauspotuz. Euskadi Sariek gurean eragin ekonomiko nabarmena dute, eta interesak daude tartean, baina horien gainetik euskal literaturaren duintasuna, prestigioa, kalitatea dago jokoan, Euskadi Sarien funtzionamendua hobetu beharra, euskaldun guztion ondarea dugun literatura hobetu beharrez. (Pako Sudupe. Argia, 2007-03-01)
 

eskarmentuaren bultzada

Euskadi Sarietan lau urtez (azkeneko biak jarraian) Haur eta Gazte sailean aritzeak eman didan “eskarmentuak” bultzatu nau gutun hau idaztera. Arduratuta nago ikusita gaia zer bide ari den hartzen eta zer tonu. (Asun Agiriano, liburuzaina, epaimahaikoa Euskadi Sarietan Itziar Zubizarreta, Migel Asiain, Arantza Baltzategi, Antton Irusta, Ruben Ruiz eta Xabier Olaso Haur eta Gazte literaturaren arloan epaimahaikide izan garenon izenean. Gara, 2007-02-25; Berria, 2007-02-27)

batzordeak ematen duen segurtasuna

Ados nago urteko liburuen jarraipen batzordeak egin beharko liratekeela. Hori, adibidez, Galtzagorri elkartean egiten dugu eta, sarietako epai lanak egiteko orduan, segurtasuna ematen digu. (Asun Agiriano, liburuzaina, epaimahaikoa Euskadi Sarietan Itziar Zubizarreta, Migel Asiain, Arantza Baltzategi, Antton Irusta, Ruben Ruiz eta Xabier Olaso Haur eta Gazte literaturaren arloan epaimahaikide izan garenon izenean. Gara, 2007-02-25; Berria, 2007-02-27)

ohar metodologikoa. Beraz, aurkezpen orrian Eusko Jaurlaritzaren ikurra daukan Galtzagorri elkarteak jarraipen bat egiten du, eta gero Galtzagorri elkartekoak, segurtasunez indartuta, Eusko Jaurlaritzak berak antolaturiko sarietara doaz epai-lanak egitera: gardena behintzat, ondo gardena da mekanismoa.

dotorezia (off the record)

Iazko Euskadi Sarien irabazleek ez dute adierazpenik egin nahi izan kontu honen inguruan, baina off the record, “umekeria” eta “nerabe batzuen purrustada”tzat jo dute gertaturikoa. “Formari begiratuta ere, idazleok dotoreziari eta formari erreparatu behar baitiegu, ez da batere dotore eta gustu onekoa izan”, esan dute. (Iazko Euskadi Sarien irabazleek [sic] Xabier G. Arguellori off the record. El País, 2007-02-26)

ohar adinezkoa. Utikan Euskadi Sariak sinatu zuten lehen 29 haien adin-banaketa honelakoa zen: 20-30 urte bitartekoak 4, 30-40 urte bitartekoak 10, 40-50 urte bitartekoak 9, 50-60 urte bitartekoak 3, 60-70 urte bitartekoak 2, 70-80 urte bitartekoak 1. Alegia, 50 urtetik gorakoen multzoa handiagoa zen 30 urtetik beherakoena baino, eta paretsu zebiltzan hirugarren eta laugarren hamarkadan sartuak. Adinaren batez bestekoa 41′20 urtekoa zen. Umekeria izan zen, edo purrustada, geroak esango duen kontua da noski, baina “nerabe batzuena” behintzat ez zen izan… ondikotz!

ulertzen ez

Antzeko hitzak erabili ditu Jorge Gimenez Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak Euskadi Sarietako apaimahaikideen garbitasuna defendatzeko. “Nik ez dut ulertzen Jon Alonsoren beranduko damu hori; zergatik ez zuen salatu gertatu zenean, duela hiru urte?”, galdegin du. (Jorge Gimenezek Xabier G. Argüellori. Galardoak eta susmoak. El País, 2007-02-26)

ohar nemoteknikoa. “Hau guztia kontatzen dudala, badakit edozeinek orain arte isilik egon izana aurpegiratzen ahal didala. Ni ere konplize izan naizela, alegia. Egia da. Eta beste norbaitek pentsa dezake ia zertara datorren orain hiru urteko kontuak astintzen hastea. Edo nik esandakoak ez duela, Saria bere osoan hartuta, deus frogatzen. Edo, txarrenean, honek guztiak denok dakiguna baina isiltzen duguna baizik ez duela frogatzen. Nik nire aldetik hauxe baino ez dut esan nahi: berdin zaidala kulturan nork agintzen duen, literaturan eragina duten erabakiak nork hartzen dituen, ezker edo eskuin, espainol, euskaldun edo vasco. Eta hauxe baino ez eskatu: ez dadila izan forajido bat, behintzat.” (Jon Alonso. Euskadi Saria. Argiaren Urtekaria 2006)

adierazgarria

Gimenezen iduriko, Utikan Euskadi Sariak “sekulako porrota” izan da, “kopurutan ez baita ezeren adierazgarri”, argudiatu du. Euskal idazle eta itzultzaile elkarteetan 565 bazkide erroldatuta daude, horietatik 34k baino ez dute sinatu agiria. (Jorge Gimenez EEEko lehendakariak Xabier G. Argüellori. Galardoak eta susmoak. El País, 2007-02-26)

ohar minoritarioa. Sinatu duten horietatik batzuk, gainera, ez daude ez Idazle Elkartean ez Itzultzaile Elkartean: 34 baino are gutxiago dira!

debate sibilinoak

Benetako debate baten premian gaude eta, Jon Alonsorenari ezer kendu gabe ere, nago ezker abertzalearen itzala dezentez ere luzeagoa dela –eta emankor sibilinoagoa– administrazioarena baino. Meritu propioz eta lan asko egin ondoren, ez dut ukatuko, baina horretaz ere hitz egin beharko genuke. (Anjel Lertxundi, idazlea. Argia, 2007-02-25)

oreka

Sistema literario ez-sanoa –desorekatua– bizi dugu. Ur tanta batek olatu baten antza hartzen du, eta olatu bati, berriz, ez ikusiarena egiten zaio. Zabaltzaile batek, autore batek, sari batek, feria batek atentzioaren arreta-gune osoa beregana dezake denbora luzean, eta gainerako guztia estali. (Anjel Lertxundi, idazlea. Argia, 2007-02-25)

apika irakurriko duzuna

Apika irakurriko duzu saria jaso ez eta euren burua beti baztertutzat, beti biktimatzat jotzen duten lau idazle negartiren purrustada baino ez dela. Apika, irakurriko duzu horiekin bat egiten duten idazle gazte –burubako, orain punki gero yupie– sasi-iraultzaileek saria irabaziko ez dutela dakitelako egiten dutela bat. Hori baizen gehiago da eta irakurriko duzu. (Gotzon Barandiaran. Jon Alonsoren salaketen garrantziaz. Argia, 2007-02-25)

manifestu baten ondorioak

Bi urtez izan naiz Euskadi Literatura Sariko epai-mahaiko kidea. Utikan manifestua leitzean bi ondorio atera ditut:
1- tontoa naiz
2- ustela naiz
Tontoa, apika, banaiz, epai-mahaiko kide izateari baietz esateagatik, ikusita nola baloratzen den gure lana.
Ustela ez behintzat eta horixe ari zarete iradokitzen epai-mahaiko kide izan garen guztioi buruz.
Errespetu gutxi ikusten dut zuen idatzian, errespetu osoz esanda eta Euskadi Sarietan parte ez hartzea erabakitzeko duzuen eskubidea errespetatuz. (Inaki Irazabalbeitia, idazlea, epaimahaikoa Euskadi Sarietan. sustatu.com. 2007-02-23)

Nazio Saria

Gure literaturak Nazio Saria behar du, laudatua eta ez ezeztatua. Denontzat agurgarria eta onargarria, oraingo honetan, bistan da, Euskadi Saria ez dena. (Fito Rodriguez, idazlea eta EIEko lehendakaria. Galtzaileen gudarostea. Berria, 2007-02-23)

helburu bakarra

Edozein lehiaketatan antagonismoa badago ere eta, halaber, irabazle izateak galtzaileak egon beharra badakar ere, gaurko honetan euskal kulturak berak irabaztea izan bedi beti gure helburu bakarra, bestela, denok izango baikara galtzaile. (Fito Rodriguez, idazlea eta EIEko lehendakaria. Galtzaileen gudarostea. Berria, 2007-02-23)

galera

Euskadi Sariak 29 idazle horien –oraingoz 29– partaidetasuna, era batekoa nahiz bestekoa, aktiboa zein pasiboa, galtzea, izugarrizko galera da denontzat, Kultura Sailarentzat eta Idazleen Elkartearentzat ez ezik, Euskal Herriko kultura talde, argitaletxe, literaturzale guztientzat , eta , hitz batez, euskal hiztunon komunitate osoarentzat. (Fito Rodriguez, idazlea eta EIEko lehendakaria. Galtzaileen gudarostea. Berria, 2007-02-23)

konpondu

Gauza asko gertatu dira Euskadi Sarien historian, bai 1997ra arteko bere lehen formatoan, bai azken urteotakoan. Eta denak ez ziren izango, ez dira izan seguru asko, larrosa-lurrinezkoak. Baina gertatu bide diren trakeskeria guztiak konpongarriak direla uste dut; are gehiago, konpondu egin behar ditugula uste dut. (Fito Rodriguez, idazlea eta EIEko lehendakaria. Galtzaileen gudarostea. Berria, 2007-02-23)

nabarmendu nahi dena

Azken egunetan argitaratu dena ez da justua, ez pertsona horiekiko [epai-mahaietan jardun dutenekiko], eta ez urte hauetan sarituak izan diren idazleekiko ere. Nik hori nabarmendu nahi dut: epaimahaikideen lana, batetik; eta, bestetik, urtez urte sarituak izan direnen merezimenduak. (Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua. Berria, 2007-02-21)

76 pertsonaia autore bila

Baina gauza guztien gainetik goraipatu nahi dut, eta eskertu, urte hauetan guztietan epaimahaietan lanean aritu diren 200 pertsonen lan ona eta zintzoa, inolako presiorik gabe egindakoa. (Miren Azkarate, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailburua. Berria, 2007-02-21)

ohar kontaduriazkoa. Euskadi Sarien hamar urte honetan, 184 epai-aulki egon dira (1997-2000 tartean 16 urteko: 64 guztira; 2001-2006 tartean 20 urteko: 120 guztira. (Iturria: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1997-2006), eta 184 aulki horiek 124 pertsonak bete dituzte, batzuk behin baino gehiagotan hurbildu direlako epaimahaira (Iturria: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1997-2006). Nondik ateratzen ditu Kultura Sailburuak 200 pertsona? A, bai, Jaurlaritzak berak jarritako idazkariak… Izan ere, hamar urte honetan berrogei sari banatu direnez, 40 idazkari-aulki eduki dituzte. Baina hamar urteotako idazkaritza lan osoa, sail guztietan, 5 (bost) pertsonak egin dutenez… berrehun osatzeko eskas samar horraitino. (Iturria: Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkaria, 1997-2006). Nola da posible? Edo Miren Azkaratek gezurra esaten du jakinaren gainean, edo Agintaritzaren Aldizkarian ageri ez diren beste 76 pertsona aritu dira lanean epaimahaietan. Hala balitz, komenigarria izango litzate jakitea zer ardura eduki duten, nor diren, eta zergatik ez zaizkigun publiko egin.

idazlearen subiranotasuna

El Gobierno vasco, por su parte, no se ha pronunciado sobre este acuerdo adoptado por 29 escritores, pero desde el departamento de Cultura han destacado que “cada uno es libre de decidir lo que quiera” y han añadido que el Ejecutivo no dará por ahora una respuesta oficial. (Eusko Jaurlaritza. eitb24.com, 2007-02-17)

argiak azkena dakar

Zuzeneko aitorpenik gabe, kontu asko aitortzen ditu [Jon Alonsok], eta argitzen ere bai. Nago gureak, alegia euskal literaturak, jo duela azkena, edo jotzeko zorian dela. (Felipe Juaristi. Etsipena. El Correo Español-El Pueblo Vasco, 2007-02-14)

bateau ivre

Gure itsasontzi zahar hau hondoratzen ari da eta, horretaz jabeturik, bat baino gehiago ari dira hondarretatik zer salbatuko: sariren bat edo beste, errekonozimendu bat edo beste, fama apurra… Gertatzen da, lehendik eraman dituztela balioko zirenak, auskalo nora. (Felipe Juaristi. Etsipena. El Correo Español-El Pueblo Vasco, 2007-02-14)

literaturak interesik sortu ezaren oinarri erlijiosoa

Azkenetan gaude, euskal literatura ez zaio ia inori interesatzen, ezta idazleei ere, ezta irakurleei ere, ezta gizarteari ere. Euskal literaturak sortzen duen interes eskasa ondorio baino ez da, arrazoien bide luze bateko emaitza. Honaino ekarri gaituzten zioak hor daude, begi bistan, baina inor gutxi ausartzen da ozenki esatera, oinarri erlijiosoa baitute, gurean fedea ideologia baita, eta ideologia fedea, nola esan? (Felipe Juaristi. Etsipena. El Correo Español-El Pueblo Vasco, 2007-02-14)